Eu

San José sailburuak Euskadiko Gazte Justiziaren eredua aurkeztuko du, datorren astean, UNESCOren egoitzan, Parisen, egingo den Mundu Biltzarrean.

2018.eko maiatzak 25

Eusko Jaurlaritzak Parisen parte hartuko du, ume eta nerabeentzako Justiziari buruzko Munduko Biltzarrean

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak, datorren asteartean, Euskadiko Gazte Justiziaren eredua aurkeztuko du, Ume eta Nerabeentzako Justiziari buruzko Munduko Biltzarrean; astelehenean inauguratuko da, Parisen.

UNESCOk babestuta, Gazte Justiziari buruzko Munduko Biltzar horretan, halaber, beste gai batzuk aztertuko dira, besteak beste: delinkuentzia eta indarkeriazko estremismoa adingabeen artean, mundu osoan ume eta nerabeen egoera hobetzeko, prebentzio goiztiarreko estrategiak barne.

San José sailburuak, gaur, Eusko Legebiltzarrean azaldu du maiatzaren 28, 29 eta 30erako Parisko Munduko Biltzarreko antolatzaileek eginiko gonbidapena aukera paregabea dela, Euskadiko Gazte Justiziaren eredua azaltzeko, duela hogei urte baino gehiagoko esperientziaren emaitzen berri emateko eta beste herrialde batzuekiko lankidetza-akordioak sustatzeko. “Geure buruari beste helburu bat proposatzen diogu –esan du–, Genevako Unibertsitateko gazte-justiziari buruzko graduondoan parte-hartzea antolatzea. Hitzarmen berriak sustatzeko harreman egokiak lortzeaz gainera, Txilerekin, Dominikar Errepublikarekin eta Argentinako Entre Rios eta Santa Fe probintziekin sinatutako hitzarmenak sendotu nahi ditugu”.

María Jesús San Josék gogorarazi du aurten 2014-2018rako Gazte Justiziaren IV. Plana gauzatzen amaituko dela, eta ebaluazio-adierazleak eguneratzeko unea dela.

Kriminologiaren Euskal Institutuak eginiko azken ebaluazioa pasa den azaroan aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean; bertan, oso emaitza positiboak jaso ziren, neurri judizialak gauzatzeko eta berrerortzea gutxitzeko denborak murrizteko eta prebenitzeko helburuak betetzeari dagokionez. Neurriren bat aplikatu zaien neska-mutilen artean delitu-berrerortzeak 11 puntu egin ditu behera: lehen Gazte Justiziaren Planean (2003-2007) berrerortzea % 28koa izan zen, eta, azken ebaluazioan, % 17koa.

IV. Planak zeharkakoa izan nahi zuen, ildo estrategikoetan jaso den bezala. Bere helburu eta ekintzak garatzeko, honako gai hauetan eskudunak diren sailak inplikatzen dira: justizia, enplegua, hezkuntza, osasuna, segurtasuna, gizarte-politikak, etxebizitza, prestakuntza eta abar. Testuinguru horretan, Lan eta Justizia Sailaren Justizia Zuzendaritzari prozesuaren lidergoaren eginkizuna esleitzen zaio, eta adingabeen auzitegiek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren adingabeei ezarritako neurri judizialak betetzen direla kudeatzeko eta koordinatzeko arduraduna da. Guztira, neurri irmo eta kautela-neurrien artean, urtean, batez beste, 850 inguru kudeatzen dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak