Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

Urtarrilaren 27ko grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta

2011-01-24

Joan den ostiralean, urtarrilak 21, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak jakinarazitako Aginduaren bitartez arautzen dira datorren ostegunerako deitutako greba orokorraren gutxieneko zerbitzuak. Agindu horren barruan, "jakina", sindikatuek aurkeztutako errekurtsoen ondorioz Euskadiko Auzitegi Gorenak emandako epaiak jasotzen dira.

Epai horietako bakar batean ere ez da aipatzen aldaketarik egin behar denik erkidegoari eman beharreko nahitaezko zerbitzuak bermatzeko Sailak ezarritako ehunekoetan; hori dela-eta, oraingo Aginduan aurreko aldietako irizpide berberei eutsi zaie gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan.

Zehazkiago, sektore publikoan 2010eko maiatzaren 25erako deitutako greba orokorraren kariaz aurkeztu ziren azken errekurtsoei erantzunez, Euskadiko Auzitegi Nagusiaren epaiak (STSJ Euskadi, 780/2010) Eguneko Zentroetako garraioaren gutxieneko zerbitzuen gaia argiago justifikatzeko eskatzen du, baita unibertsitatez kanpoko ikastetxeak irekitzeari dagokiona ere. Horrez gain, errekurritutako beste bi puntu, energia ekoizten duten enpresei eta garraio publikoari dagozkienak, "zuzenbidearekin bat" zetozela iritzi zioten epaileek.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gogorarazten du gutxieneko zerbitzuei buruzko agindu guztiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez ezik, http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-conttrl/eu/contenidos/informacion/ordenes_servicios_minimos/eu_servmin/servicios_minimos.html orrian ere kontsultatu daitezkeela.

Azkenik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gogorarazten du, era horretako prozeduretan egin ohi duen bezala, entzuteko izapidea eskaini ziela sindikatu deitzaileei, Confebask enpresaburuen elkarteari eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei, Jaurlaritzaren erabakiak ukitu behar zituen zerbitzu eta langileei buruzko iritziak eman zitzaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan