Berriak Osasuna
Eu

Euskadik gaixotasun gainerakorren aholku batzordea batuko du, Afrikan ebola berriro agertu ondoko egoera aztertzeko eta Osakidetzaren arreta protokoloak eguneratzeko

2018.eko maiatzak 24

Prebentziorako neurria da gaur Jon Darpónek Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Sozietatearen XXII. Biltzarraren inaugurazioan, Bilbon, iragarri duena

 

Kongon Ebolaren birusa berriro agertu ondoren, Euskadik Gaixotasun Gainerakorren Euskal Aholku Batzordea batuko du, Afrikako egoeraren bilakaeraren segimendua egin eta Osakidetzan arreta-protokoloak eguneratzeko.

Hala iragarri du gaur Jon Darpónek, Espainiako Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Sozietateak antolatutako XXII. Biltzarrean; Bilbon izan da.   

Sailburuak argi utzi nahi izan du erabaki hori prebentiboa baino ez dela; beraz, lasaitasun-mezua bidali dio euskal gizarte osoari.

Azaldu duenaren arabera, Batzordea epidemiologiako, gaixotasun infekziosoetako, mikrobiologiako, larrialdietako, lehen mailako arretako, erizaintzako eta lan-osasuneko maila klinikoko adituek, Osakidetzako zuzendaritzako kideek eta Osasun Sailekoek, osasun publikoko teknikariek eta Larrialdi Zerbitzuko arduradunek eratzen dute. Batzordeak arreta-protokoloak (joan-etorria, isolamendua, diagnostikoa…) eta baheketarako erreferentziazko zentroetako instalazioen egoera (Basurtuko Unibertsitate Ospitalea eta Donostiako Unibertsitate Ospitalea) berrikusiko ditu. Gainera, materiala hornitzeko aurreikuspenak eta langileen prestakuntza-beharrak aztertuko ditu, betiere prebentziotik eta segurtasunerako.  

Osasun sailburuak gogorarazi du Osakidetza, bere garaian, aitzindaria izan zela gaixotasun infekziosoen arloan, izan ere, 1986an HIESari Heltzeko Lehen Plana jarri zuen martxan; ondoren, Basurtuko, Gurutzetako, Galdakaoko eta Donostiako ospitaleetan gaixotasun infekziosoen zerbitzuak sortu ziren. Hori horrela, berriz ere aldarrikatu dio Osasun, Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioari gaixotasun infekziosoen espezialitatea sortzeko, aintzat hartuta Europako herrialde gehienetan dagoeneko badagoela baina Espainiako estatuan ez. Eta Jon Darpónek ohartarazi du osasun-sistemaren etorkizunerako gakoa izango dela. 

Bestalde, sailburua Mikrobioen Aurkako Erresistentzia Plana sustatzearen alde agertu da, bereziki Osasun Mundu Erakundeak (OME) antibiotiko konbentzionaletara gero eta erresistenteagoak diren “superbakterien” garapenaren ondorioen inguruan aurkeztu dituen datu kezkagarrien aurrean. Esan duenaren arabera, planeta-mailan lehen mailako arazoa da eta Euskadik, horren aurrean, dagoeneko prebentzio-programak ezarri ditu zenbait ospitaletan eta, gainera, arreta berezia eskaini dio “2017-2020 Pazientearen Segurtasun Estrategia”n.

 

Bilbo, 2018ko maiatzaren 24a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau