Eu

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak euskarak leku bat izan behar duela Europan aldarrikatu du hizkuntza aniztasuna sustatzeko NPLD sarearen bileran

2018.eko maiatzak 24

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) hizkuntza-dibertsitatea sustatzeko Europako sarearen bileran izan da gaur Valentzian. Estatuetako eta eskualdeetako nazioarteko hainbat ordezkari, unibertsitate eta hizkuntza-dibertsitatea kudeatzen diharduten elkarte ez ezik, hizkuntza propioa duten Estatuko erkidegoetako hizkuntza-politiketako arduradunak ere izan dira bileran.

NPLDren helburua da kontzientziatzea “hizkuntza-dibertsitatearen garrantziaz, europar guztiek partekatzen dugun balioa, Europako instituzio gorenen babesa eta sustapena behar duena”. Helburu hori lortzeko, Europako Batzordearekin, Parlamentuarekin eta Kontseiluarekin dihardu lanean NPLDk eta, erakundetik diotenez, “zubi bat da instituzioen eta hizkuntza-sustapenean espezializatutako eskualdeetako departamentuen artean, jardun egokiak eta esperientzia arrakastatsuak trukatzeko helburuz ere elkar lotuak”. Miren Dobaran sailburuak halako foroetan lan egiteak duen garrantzia nabarmen du, euskararen lekua eta prestigioa gure mugetatik harago bultzatzeari begira: “Garrantzizkoa iruditzen zaigu euskara defendatzen dugun instituzioak halako foroetan egotea, kontuan hartu behar baita beren jardute-lerroak bat datozela Europako Batzordearen lanarekin. Euskarak leku bat izan behar du Europako proiektuan, eta hizkuntza-politikako arduradunok lanean jardun behar dugu euskararen protagonismoa eta prestigioa indartzeko.”

 Valentzian, aste honetan, Europako leku desberdinetan hizkuntza propioek bizi duten egoeraren inguruan eztabaidatuko den Hizkuntzen Nazioarteko II. Azokarekin bat etorriz egin da NPLDren bilera. Sailburuordearekin batera, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria ere izan da Valentzian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak