Berriak Lehendakaritza
Eu

Koldo San Sebastián kazetariaren “Newyorktarrak” liburua Bilbon aurkeztu da

2018.eko maiatzak 24

Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Gorka Álvarez Aranburuk eta Koldo San Sebastián kazetariak NEWYORKTARRAK – Origen de la Comunidad Vasca de Nueva York, 1880-1955 izeneko liburua aurkeztu dute Bilbon. Liburua Koldo San Sebastián eta Bizkaiko jatorrikoa den Anna M. Aguirre aritu diren elkarlanaren emaitza da.

Aurkezpen ekitaldia UPV/EHUko Paraninfoko (Abandoibarra etorbidea, 3) Arriaga aretoan izan da, joan zen asteazkenean, maiatzak 23. NEWYORKTARRAK Eusko Jaurlaritzaren Urazaindi bildumako (diasporari eta kanpoan den euskal presentziari buruzkoa) 30. liburukia da.

Newyorktarrak lanean proposatzen da euskaldunek New Yorken izandako presentzia aski ezezaguna gertutik ezagutzea. Orrialdeetan, egileak xehetasun handiz ikertzen du euskal etorkinek Amerikako Estatu Batuetako iparraldean utzitako arrastoa, non bereziki garrantzitsuak diren etxe orratzen hiria eta New York nahiz New Jersey estatuak.

San Sebastiánek euskal etorkin haien aztarnak bilatu ditu garai hartako prentsan, telefono aurkibideetan, korrespondentzian eta askotariko dokumentazio administratiboan. Hala, informazio horren guztiaren bidez kontatzen digu zein ziren euskal “aitzindari” horiek, zer egiten zuten New York hirian eta haren ondoko estatuetan, eta nondik zetozen.

Liburu hau, ordea, New York erdigunean den Estatu Batuetako ipar-ekialdera iritsitako euskal komunitatearen historia baino zerbait gehiago ere bada. Koldo San Sebastiánek bere proiekzioaren eremua zabaltzen digu, eta, haren atzealdean, euskaldunek iparraldeen kokatutako Amerikan egindako ekarpenaren epopeia handia ere deskribatzen digu: esplorazioa, nabigazioa, merkataritza, baita ondorengo immigrazioa ere; hori guztia lehen bale ehiztarietatik hasita XX. mendera arte.

Aurrerapena Bilbon

Ekitaldi horretan bertan Estíbaliz Ruiz de Azua y Martínez de Ezquerecocha historialariak LA CONGREGACIÓN DE SAN IGNACIO. El asociacionismo vasco en Madrid en el umbral del siglo XX bere liburuaren aurkezpen aurrerapena egin du Bilbon. Zeren eta LA CONGREGACIÓN DE SAN IGNACIO Madrilgo Euskal Etxean (Jovellanos kalea, 3) aurkeztuko baita ofizialki ekainaren 7an, ostegunarekin, arratsaldeko 19:00etan.

Liburu horrretan (Urazandi bildumako 31. zenbakia) Estíbaliz Ruiz de Azuak  Hiru Euskal Probintzietan Jaiotakoen eta Ondorengoen Errege Kongregazioaren (“San Ignacio Kongregazioa”) XIX. mendeko historia berraztertu du; alegia, Espainiako Estatu modernoko hiriburuan euskaldunek izan zuten abialdiaren eta bertan behin betiko euren txokoa garatzearen aldi historikoa da aztertu duena.

Modernitatea da, hain justu, San Ignazioren Kongregazioaren zeinu bereizle argietako bat; izan ere, alde batetik, gaur egun “lobby” edo “interes talde” gisa ulertuko genukeen moduan eratu zen, botere politiko eta ekonomikoaren erdigunean: Madrilgo Hiribilduan eta Gortean. Baina, bestetik –eta honek ez du garrantzi txikiagoa ikuspegi historikotik zein psikologikotik– elkarren laguntzarako elkarte gisa ere eratu zen, euskal biztanleria babesgabearentzako gizarte zerbitzuak ematen zituena.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak