Berriak Lehendakaritza
Eu

EUDELek eta Emakundek udal araudi berrian generoko ikuspegia txertatzeko gida aurkeztu dute

2018.eko maiatzak 24

EUDELek eta Emakundek udal-teknikarien Berdinsarearen esparruan prestatutako didaktikako eta prozedurazko tresna berria jarri dute EAEko udalen eskura, Generoaren Araberako Eraginaren Aurretiazko Ebaluazioak (GEAE) hasierako unetik sar ditzaten tokiko gobernuek sustatzen dituzten araudi berri guztiak eta administrazioko ekintza batzuk diseinatu, prestatu eta ekoiztean.

EUDELek eta Emakundek argitaratutako gida berriak helburu hori du, bi erakundeek instituzioen arteko lankidetzarako duten konpromisotik abiatuta, hau da, tresna erabilgarriak eskaini nahi dizkie Euskadiko udalei, berdintasunaren ikuspegi berria jorratzen laguntzeko, toki-esparruko kudeaketa eraginkorraren eta gobernantza onaren zeharkako ardatza izan dadin, herritarren onurarako.

Generoko inpaktuaren ebaluazioak EAEko administrazio guztietan daude aurreikusita, Emakumeen eta gizonen ateko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki, baina, hala ere, gida hau aurrerapen garrantzitsua da, tokiko administrazioko prozeduretan ezarri ahal izateko, gomendioak eskaintzen baititu prozesuko fase bakoitzera egokituta.

Europako Batzordeak berak ezarri duenez, “Sexistak ez diren erabaki politikoek ineragin desberdina izan dezakete emakumeengan eta gizonengan, ondorio hori aurreikusita egon eta desiratua izan gabe ere” (Generoaren araberako eragina ebaluatzeko gida, 1997).

Ildo berean, EUDELen eta Emakunderen gidari jarraiki, “beharrezkoa da emakumeen eta gizonen artean maila guztietan dagoen desparekotasuna kontuan hartzea, horrek abiaburu desberdinetan kokatzen baititu gizonak eta emakumeak”. “Hortaz, arazo hori konpontzeko, politika publikoa berriz antolatu behar da; kasu honetan, arau edo administrazio-ekintza bat prestatu behar da desparekotasun hori dagoela aintzat har dadin”.

Gidaren helburu nagusia da, lehenik, gaiarekin lotura duten sailetako udal-langileen lana errazteko (idazkaritza, kontu-hartzailetza, zerbitzu juridikoak, berdintasuna), eta, aldi berean, eragin onuragarria izatea gizartean, emakumeekiko bereizkeria gutxituta. Hala, bada, onura zuzena eman nahi zaie udalerriko herritarrei, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa tokiko bizitzan sustatuta.

Udal-langileei aurkezteko jardunaldia

Tresna berria gaur goizean aurkeztu da EUDELen egoitzan izandako lan-jardunaldi batean, eta maila politikoko eta teknikoko ia ehun udal-arduradun izan dira bertan, gehienbat, gaiarekin lotura duten sailetakoak –berdintasuna, idazkaritza, kontu-hartzailetza eta zerbitzu juridikoak–.

EUDELen ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribek honela azaldu du: “generoko ikuspegia udalerriko erregulazioaren erdian txertatuta, eragina izan dezakegu arau guztietan, ager daitezkeen desparekotasunei aurre egiteko eta egoera horiek aldatzeko. Horrela, arau horiek eraginkorragoak izango dira, eta eragin handiagoa izango dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari begira”.

Bestetik, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak nabarmendu du zein garrantzitsua den instituzioen arteko koordinazioa berdintasunaren esparruan, eta berariaz aipatu du arauek eta administrazioko ekintzek eragin desberdina izan dezaketela emakumeengan eta gizonengan, eta, beraz, beti hartu behar dela aintzat generoko ikuspegia: “Ahaleginak egiten jarraitu behar dugu generoko ikuspegia administrazio publikoen jarduera eta prozesu guztietan zeharka txertatzeko, batez ere administrazioaren maila desberdinetan modu homogeneoan ezartzeko, eta, bereziki, udal-administrazioetan”, esan du Landaidak.

Udal bakoitzari egokitutako konpromisoa eta prozedura

Gida berriak eredu bera eskaintzen die tokiko gobernuei. Argitalpenean, udalaren konpromiso/akordio-proposamenaz gain, prozedura eta faseak, erakundearen barruko arduradunak eta organoak, eta, orobat, gida ezartzeko adibide erabilgarriak eta salbuespenak jaso dira.

Aurreko beste tresna batzuetan bezala –adibidez, berdintasunerako tokiko planetan edo berdintasunerako ordenantzetan bezala–, gida berrian orientabideen katalogo bat jaso da, udalaren errealitatera egokituta.

Prozedura hori era formalean onetsi beharko du udalbatzak, eta, horrela, tokiko gobernuak jarraibide egonkor batzuk finkatu beharko ditu, udalak sortutako arauetan eta administrazioko ekintzetan generoko eraginaren ebaluazioa jorratzeko.

Ildo horretan, Ibon Uribek eta Izaskun Landaidak azaldu dutenez, ekimen berri honekin, EUDELek eta Emakundek lanean jarraitu nahi dute,“erreferenteak emateko eta udalei lagun egiteko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2018.eko maiatzak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: EUDELek eta @emakundEJGV'k udal araudi berrian generoko ikuspegia txertatzeko gida aurkeztu dute ➡ https://t.co/PLxBc9zUkh http…

Ekitaldiko kargudunak