Eu

“Euskadik finantza produktu iraunkorretarantz urrats irmoa eman du”, jakinarazi dio Azpiazuk Alemaniako inbertsoreen merkatuari.

2018.eko maiatzak 23

 

AZPIAZU SAILBURUA IPAR RENANIA-WESTFALIAKO ZOR PUBLIKO ETA FINANTZA IRAUNKORREN ARDURADUN NAGUSIEKIN ELKARTU DA DUSSELDORFEN

 

  • Estatu hori ekoteknologia, aseguru, finantza eta azoka jarduera gune nagusietakoa da  
  • Ekonomiaren ikuspegitik herrialde autonomoa balitz, hogeigarren lekua beteko luke mundu osoko ekonomien artean  
  • Ipar Renaniak finantza produktu iraunkorretatik eratorritako funtsen aldeko apustua egiten du, 2015ean bere zor publikoaren %4a, 2016an %9a eta 2017an %30a izan baitziren

 Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak erakundeen arteko bilera izan du gaur arratsaldean Dusseldorfen, Ipar Renania-Westfalia Lurraldeko Gobernuarekin, Axel Bendiek Zorraren Kudeaketa Bulegoaren arduradun nagusiarekin eta Kirsten Haeger Finantza Iraunkorren arduradun nagusiarekin, hain zuzen ere, “Euskadi Bonu Iraunkorra” aurkezteko eta finantza produktu iraunkorren alorreko esperientziak trukatzeko.

Ipar Renania, meatzaritza gune garrantzitsuenetako baten parte izan zen Europako industrializazio prozesuan. Gaur egun, industria gehien duen Alemaniako lurraldea da. Estatuak aldatu egin du industriarekin lotutako bere ohiko irudia, eta ekoteknologia, aseguru, finantza eta azoka jarduera gune nagusietakoa bilakatu da. Ekonomiaren ikuspegitik herrialde autonomoa balitz, hogeigarren lekua beteko luke mundu osoko ekonomien artean.

Alemaniak esportatzen dituen merkantzia guztien %20 inguru Estatu horretan egindakoa da. Alemaniako 50 enpresa nagusietatik 18ren egoitza bertan dago.

Bere finantzaketa sistema publikoari dagokionez, finantza produktu iraunkorretatik eratorritako funtsen aldeko apustu garbia egin du azken hiru urteotan, 2015ean bere zor publikoaren %4a, 2016an %9a eta 2017an %30a izan baitziren funts horiek.

Euskadik interes komunak ditu Alemaniako lurralde horrekin hainbat arlotan, energiaren eta ingurumenaren arloetan, besteak beste, ENCORE, The Climate Group sarean duten partaidetzaren bitartez. Bertan posizionamendu bera dute, biak ere industrializazio mala altua izateaz gain, ekonomia berdean aukerak eta klimaren aldaketaren kontrako eta energia berriztagarrien aldeko politiketan asmo handiak dituztelako, eta horiek lagungarriak dira energia sektoreko industria bultzatzeko.

Halaber, industriaren eta berrikuntzaren alorrean, biek ere, EBko 30 lurralde industrializatuek osatzen duten abangoardiako ekimenean hartzen dute parte, eta erakundeen alorrean, Ipar Renania lurraldeak Euskadirekin lanean aritzeko interesa du, legegintzaren aldetik eskumenak dituzten lurraldeak ikusgai bilakatzeko. Horretarako, ekarpen bateratua egiten diote EBko Subsidiariotasunari eta Proportzionaltasunari buruzko Task Force izenekoari.

Erakundeen arteko topaketa, goizean Frankfurten hogeita hamar inbertitzaile ingururekin egindako bileraren ostean izan da. Bilera horretan, “Euskadi Bonu Iraunkorra” aurkeztu da, euskal erakunde batek egiten duen bonu iraunkorren lehenengo jaulkipena. Bonuek 500 milioi euroko balioa dute, eta helburua, 2030 Agenda inplementatzea eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzea da.

Eusko Jaurlaritzak leku garrantzitsua bete gura du bonu iraunkorren merkatuaren garapenean, finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatuz, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan Euskadik dituen erronkei aurre egin ahal izateko. Finantzatu beharreko programen %81 gizarte arloko proiektuak dira, eta %19 proiektu berdeak.

Madril eta Bilbo

Euskal ordezkaritza, Azpiazu Sailburuaz gain, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordeak, Javier Arnaez Finantza Zuzendariak eta Hernando Lacalle Aurrekontu Zuzendariak osatu dute. Bihar, ostegunean, Madrilera joango da, hauekin elkartzeko asmoz: Mark Hall, HSBCren Espainiako CEOarekin; Gabriel Alonso, Banco Santanderreko Global Corporate Banking Iberiako Zuzendari Nagusiarekin; Álvaro Aresti, BBVAko Global Client Coverage & Corporate Finance Zuzendari Nagusiarekin; Francois Rameau, CACIBeko (Credit Agricole) Country Managerrarekin; Alicia Vivanco, Kutxabankeko Zuzendari Nagusiarekin; eta Manuel Martín Muñío, Norbolsako Zuzendari Nagusiarekin.

Ostiralean, maiatzaren 25ean, Bilbon emango zaio amaiera bidaia instituzionalari, ekonomia eta finantza arloko eragileen aurrean egingo den aurkezpenaren bitartez.

 

Dusseldorfen, 2018ko maiatzaren 23an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak