Eu

Eusko Jaurlaritzak 350.000 euro onartu ditu kultura jaialdien programazioa diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2018-05-22)

2018.eko maiatzak 22

Iazko deialdiaren bitartez diziplina ezberdinetako 25 jaialdik jaso zituzten diru-laguntza hauek

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 350.000 euroko kontu-saila onartu du bere gaurko saioan kulturaren arlo ezberdinetan jaialdien programazioa diruz laguntzeko. Deialdi honi esker, musikaren, literaturaren, antzerkiaren, dantzaren, ikusizko arteen eta ikus-entzunezkoaren arloan antolatzen diren jaialdiek Eusko Jaurlaritzaren babes ekonomikoa izango dute.  Iazko deialdiaren bitartez 25 jaialdiren jarduera diruz lagundu zen.

Deialdi hau iaz sartu zen berriro indarrean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2016. urtean berregituratu eta eraberritu ostean. Iaz bezala, deialdia jaialdi pribatuetara mugatuko da, eta erakunde publikoek antolatutakoak ezin izango dira aurkeztu (jaialdi publiko askok Eusko Jaurlaritzak bultzatutako deialdi izendunak jasotzen dituzte). Deialdiak bi multzotan banatzen ditu jaialdiak. Alde batetik, jaialdi handiak daude, 100.000 euro baino gehiagoko aurrekontua dutenak; bestetik, jaialdi txikiak daude, 100.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua dutenak. Banaketa berri honen helburua da jaialdi nagusien eta txikien arteko lehia desorekaturik ez sortzea. 

Gutxieneko aurrekontua eskatuko zaie jaialdiei diru-laguntza jaso ahal izateko, bideragarritasuna bermatze aldera. Deialdiaren azken edizioan 25 jaialdik jaso zuten diru-laguntzaren bat. Loraldia Jaialdia, Mundaka Festival, Gasteiz Calling, Zinegoak Jaialdia, Donostikluba Festibala edota Azken Muga izan ziren diruz lagundu ziren jaialdietako batzuk, beste askoren artean. Deialdi honetaz aparte, Eusko Jaurlaritzak hainbat jaialdi laguntzen ditu diru-laguntza izendunen bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko