Berriak Hezkuntza

1,2 milioi euro Ulibarri hizkuntza-normalkuntzarako Programarako (Gobernu Bilera 2018-05-22)

2018-05-22

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, onartu du 2018-2019 ikasturterako gehienezko diru-laguntzak zehazten dituen Agindua, hizkuntza-normalkuntzarako Ulibarri Programan parte hartzen duten edo hartu nahi duten ikastetxeei zuzendutakoa. Halaber, programan sartzeko edo jarraitzeko baldintzak zehaztu eta dedikazio-orduak finkatzen dira.

Agindu honek ondorengo diru-laguntzak onartzen ditu: 50.000 euro programan ikastetxe gehiago sar daitezen eta 1.175.000 euro parte hartzen duten ikastetxeek jarrai dezaten.

Ulibarri Programako ikastetxeetako hizkuntz normalkuntzarako proiektuek eskoletako egunerokoan euskararen erabilpena sustatzea dute helburu nagusia. Ikastetxe hauek, eragile guztien artean euskararen erabilera sustatzeko proiektu bat adosten dute. Ikastetxeko Normalkuntza Proiektua egiteko, egoera aztertu eta diagnosia egiten dute zentro hauek. Ondoren, lau urterako proiektua (HNP) zehazten dute, eremuz eremu, honako hauek definituz: helburuak, abian jarriko diren jarduera motak, arduradunak, ebaluaziorako adierazleak eta denboralizazioa.

2017-2018 ikasturte honetan, Euskadiko 391 ikastetxek hartzen dute parte Ulibarri programan: 226 ikastetxe publiko eta 165 itunpeko.

Hezkuntza-administrazioak, ikastetxeek eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko edo itunpekoetako hizkuntz normalkuntzarako proiektuen garapenean parte hartzen duen beste edozein erakundek batera egindako jardueraren bidez osatuko dute Ulibarri Programa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko