Berriak Hezkuntza
Eu

Dekretua, ikasketa artistikoen irakaskuntza sektore publikoko beste jarduera batzuekin bateragarri egiten duena (Gobernu Bilera 2018-05-22)

2018.eko maiatzak 22

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Ikasketa Artistikoen irakaskuntza sektore publikoko beste irakaskuntza- edo kultura-jardueraren batekin bateragarri izatea interes publikoko deklaratzen duen Dekretua.

Dekretu hau indarrean sartzearekin, bateragarri izango da Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako Ikasketa Artistikoetako irakaskuntza, sektore publikoan bigarren irakaskuntza-jarduera edo kultura-jarduera bat burutzearekin. Hau da, bateragarria izango da Toki Administrazioen titulartasun publikoko ikastetxeetako Ikasketa Artistikoen irakaskuntzarekin, edo Musikeneko irakaskuntzarekin. Era berean, bateragarri izango da honako talde hauetan burutu daitekeen lan edo jarduera artistikoarekin: orkestra sinfoniko edo kamera orkestretan, banda sinfonikoetan, koruetan, eta dantza nahiz antzerki taldeetan, guztiak ere titulartasunez sektore publikokoak izanik. 

Dekretu honen asmoa da, aipaturiko irakasle horiek euren lanaldia osatzeko aukera izatea. Bigarren jarduera horretako lanaldia ezin izango da hamabost ordutik gorakoa izan astean, eta gehienez 175 ordukoa izango da ikasturteko. Nola nahi ere, bigarren jarduera hau lan-erregimenean gauzatuko da, lanaldi partzialean eta iraupen jakin baterako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko