Berriak Lehendakaritza
Eu

Emakume eta Gizonen VII Berdintasunerako Plana onartu du Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluak

2018.eko maiatzak 22

 

  • Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela onartu da euskal erakunde guztientzako gida izango den dokumentua
  • Gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea eta emakumeen kontrako indarkeria dira planak finkatzen dituen eremuak

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuelarik, eta Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariarekin batera, Emakunderen Zuzendaritza Kontseilu berritua bildu da gaur arratsaldean Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan bertan. Bilera honetan Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII Plana onartu da. VII Plana legealdi bakoitzaren hasieran Emakundek lantzen duen plana da eta euskal erakundeek berdintasunaren inguruan izango dituzten ardatz estrategikoak finkatzen ditu; ondoren, erakunde bakoitzak finkatzen ditu helburu horiek lortzeko abian jarri beharreko ekintza konkretuak.

Plan berriak aurreko planetan abian jarritako prozesu eta lan ildoak mantentzen ditu. Honela, lehentasunezkotzat jotzen diren helburuak zehazten ditu, hurrengo eremuei dagokienez:

  • Gobernu ona, euskal herri -administrazioetako antolakuntzan eta funtzionamenduan berdintasuna txertatzeko.
  • Emakumeen ahalduntzea, emakumeak eta neskak maila pertsonalean eta kolektiboan, zein sozialean eta politikoan ahaldundu daitezen laguntzeko.
  • Ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko eta gizarte-eredu jasangarriagoa bultzatzeko.
  • Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak, prebentzioa landuz eta bizirik dirauten biktimei arreta integrala emanez guztiz indarberritu arte.

Lau eremu hauen baitan, planak 13 programa eta 37 helburu estrategiko jasotzen ditu.

Plana prozesu parte hartzaile baten bitartez eratu da. Honetarako ekarpenak egin dituzten hainbat interes talderekin lan egiteko espazio eta lan metodologiak jarri dira martxan. Parte hartzeak eremu politikoa, teknikoa, soziala eta herritarrena du kontuan. Eremu teknikoan bilerak egin dira Gobernu, foru aldundi eta udaletako berdintasunerako pertsonal teknikoarekin; emakumeen elkarteekin egin beharreko kontrastea, nagusiki Emakunderen Aholkularitza batzordearen bitartez egin da; eremu politikoan, berdintasun eta indarkeriaren inguruko koordinazio organoekin; eta hiritarrekin, kontsulta publikoaren bitartez.

Honekin batera, gaurko bileran 2017ko EAEko Emakumeen eta Gizonen egoerari buruzko Zifrak txostena onartu da, baita VI. Berdintasun Planari dagokionez euskal erakundeek egindako ekintzen ebaluazio txostena eta Emakunderen 2017ko Memoria. Bestetik, Emakunderen egitekoen artean dagoen mugarrietako baten inguruko informazioa eman da: emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko legediaren egokitzearen ingurukoa. Nazioarteko estandarretara egiteko beharra dago, bereziki Estanbuleko hitzarmenera eta baita Haur eta nerabeak babesteko lege berrietara eta Biktimaren Estatutuaren Legera. Proiektu honek gaur egun emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean egiten ari den lana indartu eta osatuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak