Eu

Bingen Zupiria sailburuak 2019ko Final Fourerako lekukoa hartu du Belgradon, Urtaran alkatea eta Ramiro González ahaldun nagusiarekin batera

2018.eko maiatzak 20

2019ko Final Fourraren etxea da Gasteiz jada. Real Madril eta Fenerbache taldeen arteko finalaren atsedenaldian egin den ekitaldian, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak antolaketaren testigua hartu dute Belgradoko alkatearen eskutik. Honek gainera euskal erakundeetako ordezkariei zortea opa die hurrengo urteari begira.

Hartu eman horren aurretik eta ondoren, laurek serbiar hiriburuan egin den ekitaldiaren inguruko antolaketari buruz hitz egin dute.  Eta Gonzalezek, Urtaranek eta Zupiriak aholku eta abisu guzti hauek ondo apuntatu dituzte, 2019ko edizioa arrakastatsua izan dadin Araba, Gasteiz eta Euskadirentzat. 

Belgradoko alkateaz gain, hainbat hitzaldi izan dituzte beste zenbait pertsonekin, Saski Baskoniako zuzendari nagusi Jesús Vázquezekin batera. Adibidez, talde finalistetako zuzendaritzetako ordezkariekin edota Euroligako batzordeko agintariekin. Besteak beste, Jordi Bertomeu Euroligako presidente eta zuzendariarekin ere izan dira. Harekin 2018ko Final Four honen inguruan hitz egin dute, baina, batez ere, hurrengo urtekoaren inguruan, zeinetan Gasteiz Europako saskibaloi hiriburua izango den.

“Jardunaldi osoan zehar ekitaldi honek duen garrantzia ezagutu dugu. Hamarnaka herrialdetara transmititzen da Final Fourra, saskibaloiaren munduko pertsona garrantzitsu asko biltzen da leku berdinean. Horrek guztiak argi erakusten du Final Fourra gure lurraldearentzat ekimen diferentziala izango dela. Hemendik urtebetera lehenengo mailako erakustokia izango dugu Gasteizen”, esan du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak. “Hemen egotearekin gainera ekitaldiaren atzetik dagoen guztia ezagutu dugu. Ikasi dugu, gainera, modu koordinatuan lan egin behar dugula hurrengo urtean edizio arrakatatsuena lortzeko”.

Antzera mintzatu da Gasteizko alkate Gorka Urtaran: “Gasteizen Final Fourra egitea gure hiriari egiten zaion errekonozimendua da. Alde batetik, lehenengo mailako saskibaloi talde bati, Baskoniari, egiten zaion errekonozimendua da, baita bere afizioari egiten zaiona ere. Gainera, sari hau erakundeen lanari egiten zaion errekonozimendu bat bezala ulertu behar dugu, gaur egun Buesa Arena bezalako azpiegitura bat izateko lan egin dutelako. Gainera, eragile guztien lanari egiten zaion errekonozimendu bat dela uste dugu. Gogor egin dugu lan, modu diskretuan, amets hau egia bihur zedin. Guztiz ziur nago Gasteizentzat ekitaldi ahaztezina izango dela 2019ko Final Fourra; are gehiago, Europa guztiarentzat ere ahaztezina izango da".

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere kirol ekitaldi honek gurean izango duen eragin positiboaz hitz egin du: “Belgradon bertatik bertara ikusi ahal izan dugu Final Four-ek duen dimentsio ikaragarria, eta irudikatu ahal izan dugu ekitaldi honek gurean izango duen eragin handia. Final Four-ek hainbat gauza positibo ekarriko ditu 2019an Gasteiz, Araba eta Euskadira. Inpaktu ekonomiko positiboa ekarriko du, gure herria mundu zabalera proiektatzeko aukera emango digu eta jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko baliagarria izango".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak