Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek "Haurreskola abegikorra" jardunaldi pedagogikoan parte hartu du

2018.eko maiatzak 19
  • Haur eskoletako hezitzaile eta hezkuntzako aditu, 160 lagun inguru bildu ditu jardunaldiak Eibarren gaur goizez
  • Cristina Uriarte sailburuak nabarmendu du Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileek zein familiek helburu berbera dutela: haurraren ongizatea

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hasiera eman dio gaur goizez Eibarren Haurreskolak Partzuergoaren VII. Jardunaldi Pedagogikoari. “Haurreskola abegikorra” lelopean 160 lagun inguru elkartu ditu jardunaldiak, haur eskoletako hezitzaile eta hezkuntza alorreko adituak guztiak ere. Haur eskolen esperientziak partekatu, Vicenç Arnaiz psikologo menorcarraren hitzaldi biak jarraitu, edo Haurreskolak Partzuergoa egokitzapen aldiaren inguruko dokumentua nola ari den lantzen ezagutzeko parada izan dute goizean zehar.

Irekiera hitzaldian, jardunaldiaren gai nagusiari heldu dio Cristina Uriarte sailburuak; hau da, haur eskoletan umeei eta familiei egiten zaien harrera edo abegiari. Harrera egiteko prozedura hori ondo prestatzearen garrantzia azpimarratu du Uriartek. “Haur eskoletara etortzen diren haurren adina dela eta, lau hilabetetik bi urte bete arteko adina, urte osoan zehar gaude haur eta familiei harrera egiten, eta prozesua ondo prestatzeko beharra dago, eskolan ditugun haur eta familiei nahiz hasiko direnei begira”, azaldu du sailburuak. “Familia bat etortzen den lehenengo momentua eta familia horrek aurkezten digun umea bakarrik geratzen deneko momentua, trantsizio momentu bezala bizi behar dugu. Umearen ongizatea bilatuz, hezitzaileak familiaren ohituren inguruko informazioa lortzeko, hainbat estrategia eraikita izan beharko ditu. Izan ere, ume horiek familiak dituen egiteko modutara ohituta eta lotuta daude. Lotura hauekin koherentzia bat mantentzea ezinbestekoa izango da, osatzen eta  garatzen ari den umearengan, ahalik eta haustura  txikiena gertatu dadin”, zehaztu du Cristina Uriartek.

Helburu berbera

Hezkuntza sailburuak nabarmendu du haur eskolen egunerokoan ezin dela ahaztu hezitzaileek zein familiek interes berbera dutela. Batzuek zein besteek “haurrentzat ahalik eta hoberena lortu nahi dute, ongizateari dagokionez. Beraz, helburu  berbera daukagu: haurra zoriontsu izatea. Hau lortu behar dugu hasieratik, lehenengo harrera egiten dugunetik, elkarrekin lan eginez” baieztatu du.

Euskadin indarrean den Haur Hezkuntzako curriculuma gogora ekarriz, Uriartek azaldu du “Haur Hezkuntza, eginkizun partekatua da, familia eta eskola dira haurraren sozializaziorako eta garapenerako lehen testuinguru edo guneak. Haurraren autonomia lortzen laguntzea eta haren ahalmenak garatzea dira bien helburu. Funtsezkoa da elkarrekiko konfiantza eta onarpeneko harremanak ezartzea. Haurrentzako, segurtasun afektiboa izatea oinarrizkoa da. Harreman afektibo egonkor eta kalitatezkoak izan behar dituzte zaintzen eta babesten dituzten pertsonekin eta ikertzeko eta jolasteko beharrizanak  asetzen dizkietenekin”.  

Hezitzaileek burutzen duten lanaren garrantzia aitortu ondoren, sailburuak gogorarazi du Administrazioa haiei ahalik eta lan baldintza egokienak ematen saiatzen dela “zuen lanak, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzuak, familien itxaropena bete dezan. Zuen eskuetan daude pertsona baten bizitzako etaparik garrantzitsuenetako egunak”, esanaz amaitu du.

Haurreskolak Partzuergoaren jardunaldi pedagogikoaren egitaraua hemen dago eskura.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak