Jon Darpón: “Lorpen kolektibo bat da osakidetza baina baita euskal gizarte osoaren ondare bat ere, babesteko gai izan behar duguna”
Iñigo Urkullu Lehendakariaren gobernuaren apustua azpimarratu du Osasuneko sailburuak, osasun-laguntza publiko, unibertsal eta kalitatekoaren ikur hau babestu eta hobetzen jarraitzearen alde, eta Osakidetzako profesionalen lanari eta gobernu desberdinen babes etengabeari esker lortutako arrakasta dela adierazi du
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek bere esker ona helarazi die gaur azken 35 urte hauetan Osakidetza osasun-laguntza publiko, unibertsal eta kalitatekoaren ikur bihurtzen lagundu duten pertsona guztiei.
Gaur, larunbata, maiatzaren 19an, Legebiltzarrak Euskal Osasun Zerbitzua-Osakidetza sortzeko Legea aldarrikatu zenetik 35 urte igaro direnean, Iñigo Urkullu Lehendakari duen Gobernuaren apustua azpimarratu du Osasuneko sailburuak, hain zuzen ere, unibertsaltasunaren, solidaritatearen, ekitatearen, zerbitzu-kalitatearen eta herritarren partaidetzaren printzipioetan oinarrituta guztion artean eraiki dugun osasun-sistema publiko hau babestearen alde.
Bere iritziz, “lorpen kolektibo bat da baina baita euskal gizarte osoaren ondare bat ere, eta guztion artean, bakoitzak dagokion eremutik, babesteko gai izan behar duguna”.
Jon Darpónek nabarmendu duenez, hiru hamarkada baino gehiago biltzen dituen denbora-tarte honetan, gure autogobernua, gure azpiegitura sanitarioen sendotasuna, eskueran dugun teknologia aurreratua, baina batik bat Osakidetza osatzen duten gizonen eta emakumeen giza kalitatea eta profesionaltasuna dira nabarmendu beharrekoak.
Hala, Jon Darpón sailburuak zorionak eta eskerrak eman nahi izan dizkie Osakidetzako profesionalei, ia lau hamarkadetan egin duten lanak –adierazi du– ahalbidetu baitigu gure osasun-sistema oraingo kalitate-mailetan kokatzea, euskal herritarren aldetik balorazio onena eman zaion zerbitzu gisa sistematikoki kokatzen dutenak Osakidetza, inkesta guztiek ziurtatu bezala.
Gainera, Osasuneko sailburuak iragarri duenez, Osakidetzaren 35. urteurren hau ospatzeko, datozen hilabeteetan aurreikusita dago hainbat ekimen aurrera eramatea, besteren artean nabarmentzekoak: maila goreneko jardunaldi zientifiko bat Bilbon, ekitaldi sozial bat Donostian, eta argazki-erakusketa bat Osakidetzaren historiari buruz Gasteizen.