Berriak Hezkuntza
qrcode

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2016-2017 ikasturteko eskola-jazarpenari buruzko datuak ezagutarazi ditu

2018-05-18
  • 2016-2017 ikasturtean 86 eskola-jazarpen kasu identifikatu ziren Euskadin, aztertutako kasuen %19,4

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Euskadin eskola-jazarpen kasuek 2016-2017 ikasturtean izan duten bilakaera aurkeztu du gaur goizez, eta Hezkuntza Ikuskaritzak jasoriko datuak eman ditu horretarako. Sailburuarekin batera aurkezpenean izan dira Jose Angel Ayucar, Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia eta Aitor Albizu, Durangoko Berritzeguneko aholkulari eta eskola-jazarpenaren kontrako Bizikasi ekimena garatu eta abian jartzeko lanean ari den profesionaletako bat.

Joan den 2016-2017 ikasturtea identifikatutako 86 jazarpen kasurekin itxi zen Euskadiko ikastetxeetan; Hezkuntza Ikuskaritzak azterturiko 443 kasuen %19,41. Datu honek, beherakada nabarmena esan nahi du aurreko ikasturtean (2015-2016) antzeman ziren kasuekin alderaturik, 121 izan baitziren ordukoan (aztertutako guztien artean %24,85).

Kasu kopuru altuena Bigarren Hezkuntzan gertatzen da: gorago aipaturiko 86 kasuen artean 57 (%66) hezkuntza-etapa horretan gertatu dira; gainerako 29 kasuak aldiz Lehen Hezkuntzari dagozkio, bereziki etapa honetako azken urteari.

Antzeman diren kasuen izaera aztertuz, zera ikusten da:

  • Eraso fisiko zuzena: kasuen %13,9tan
  • Hitzezko erasoak: %20,9
  • Bazterketa edo marjinazio soziala: %48,8
  • Beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak: %8,1
  • Jazarpen edo abusu sexuala, jazarpen sexista: %3,4
  • Bestelakoak: %4,6

Aipatzekoa da, bestalde, identifikatutako kasuen %20an jazarpena Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ciberbullying deritzona dagoeneko ez da hain fenomeno berria, eta protagonismoa du eskola-jazarpen gisa identifikaturiko kasuetan.

Eskola-jazarpenaren kontrako Bizikasi ekimena

Aurkezpenean Uriarte sailburuak gogorarazi du Hezkuntza Sailak Bizikasi ekimena jarri duela abian ikasturte honetan. Ekimen honen lehentasunezko helburua da ikastetxeak bizikidetza positiborako espazio eta indarkeriarik gabeak bihurtzea. Horretarako ikasleen eta gainerako hezkuntza-komunitatearen konpromisoa lortu nahi du. Bizikasi, jazarpen egoerei aurrea hartzeko sortua da, eta halakorik gertatu den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia izateko. Baina baita jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenekin eta jarrera jazarlea duten ikasleekin ere. Gogorarazi beharrekoa da eskola jazarpena haur eta gazteen artean gertatzen dela. Agerikoa da jazarpena pairatzen duenak egoera larria bizi duela eta babesa eta laguntza bermatu behar zaiola, baina jazarpena egiten duenak ere agerian uzten du orientazio beharra duela jarrera jazarlea albora utzi dezan.

Bizkasirekin, ikasgelak –eta taldeak- jokamoldeen erregulatzaile bihurtu behar du. Horretarako beharrezkoa da ikasleak ahalduntzea, gaia jorratuko duten material egokiak erabiliz, eta ikasleen artean,besteak beste, honako gaitasun hauek ernatuz: enpatia, asertibotasuna, erantzukizun sentimendua, edo dilema moralen aurrean jarrera etikoa hartzeko gaitasuna. Hau da, ikasleen banakako zein taldeko konpromisoaren bidez, eta jazarpen kasuak errotik ezabatzeko haien parte hartze aktiboaren bidez, ikastetxea leku seguru eta jazarpenarekiko inolako tolerantziarik izango ez duen gune bihurtzeko bidean pausoak ematea.

2017-2018 ikasturtean zehar dagoeneko ikastetxe publiko guztietan eratu dira Bizikasik eskatzen dituen talde dinamizatzaileak. Talde hau ikastetxeko lau pertsonak osatzen dute.

Era berean, eta ekimenaren barnean, dagoeneko jaso dute formazioa –talde dinamizatzaileko kideez gain- Berritzeguneetako 320 aholkularik eta 80 ikuskarik. Gainera, irakasleei eskaintzen zaien formazioak ere aurrera jarraitzen du.

Zeuk esan: 116 111

Bestalde, duela ia zortzi urtetik hona Euskadin badugu haurrei eta nerabeei arreta emateko telefonoa. Zeuk esan telefonoa da: 116 111. Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren zerbitzu honetan psikologo talde batek beharra duten gazte eta gaztetxoei entzun eta laguntza ematen die, beste bideren batetik agian ez bailirateke ausartuko zuzen-zuzenean euren arazoa inori kontatzen. 

Datu guztiak, taula eta grafikotan, hemen dituzue eskura

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)