Eu

Beatriz Artolazabalek, teknologia berrien erabilera segururako ‘Safer Internet Day 2018’ sariak banatuko ditu

2018.eko maiatzak 18
  • Hamazazpi ikastetxek eta astialdiko taldek 60 proiektu aurkeztu dituzte; 600 adingabek baino gehiagok parte hartu dute
  • Eusko Jaurlaritzak ume eta nerabeek Internet segurtasunez eta arduraz erabiltzea sustatzen du
  • Safer Internet Day jardunaldia Europako Batzordeak sustatzen du, eta Interneten eta teknologia berrien erabilera segurua eta arduratsua bultzatzen du, batik bat neska-mutil eta nerabeetan

Vitoria-Gasteiz, 2018/05/18

Gaur, ostiralean, banatuko zaizkie sariak Safer Internet Day 2018 lehiaketaren hirugarren edizioko ikus-entzunezko proiekturik onenei; horrela itxiko da Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena, gazteen artean teknologia berrien erabilera segurua eta arduratsua sustatzeko. Hamazazpi ikastetxek eta astialdiko taldek ikus-entzunezko 60 proiektu aurkeztu dituzte, hirugarren edizio honetan; 600 adingabek baino gehiagok parte hartu dute. Bideo horiek guztiak haur eta nerabeei arreta emateko zerbitzuaren web-orrialdean daude eskuragarri “116111 Zeuk Esan”, www.euskadi.eus/zeukesan

Goizean Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan egingo den galan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuak sariak banatuko dizkie proiektu irabazleei. Jardunaldian zortzi bideo finalista jarriko dira; lau kategoria bakoitzeko (Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko ikasleak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 4. mailen arteko ikasleak), eta, tartean, ikuskizun sorpresak ere izango dira. Halaber, bi proiektu irabazleen berri emango da, bat kategoria bakoitzeko, eta “Zeuk Esan”en web-orrialdean argitaratuko dira izenak, 13:00etatik aurrera.

Lehiaketa Lehen Hezkuntzako 3. maila eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila arteko mailaren batean ikasten duten adingabeei zuzentzen zaie, heldu baten laguntzarekin. Helburua da gazteenen artean Interneten erabilera segurua eta arduratsua sustatzea eta, horretarako, edizio honetako Europako lema daramaten ikus-entzunezkoak sortzea: Sortu, konektatu eta partekatu errespetua: zu zara Internet hobearen abiapuntu.

“Lehiaketaren helburua da ikasleek Interneten, gailu mugikorren eta sare sozialen inguruan egiten duten erabilerari buruzko hausnarketa sustatzea eta jardunbide egokiak hartzera animatzea. Lehiaketak, halaber, sarean errespetua sustatzeko eta guztion artean Internet seguruagoa sortzeko proposamen interesgarriak ere badituztela erakusteko aukera eskaintzen du. Kalitate teknikoaren eta artistikoaren gainetik, honako alderdi hauek balioetsi dira: edizio honetako lemara egokitzea, hausnarketak eragiteko gaitasuna eta aurkeztutako proposamenaren orijinaltasuna; halaber, hizkera ez-sexistaren erabilera eta neska-mutilen berdintasunezko parte-hartzea eta euskararen erabileraren sustapena ere izan dira gogoan”, esan du Artolazabal sailburuak.

Lehiaketa hau zuzenean dago lotuta Eusko Jaurlaritzak Safer Internet Day-rekin duen inplikazioarekin; jardunaldi hori Europako Batzordeak sustatzen du, eta helburu du Interneten eta teknologia berrien erabilera arduratsua eta segurua sustatzea, batik bat neska-mutil eta nerabeen artean. Safer Internet Day urtero egiten da, bigarren hileko bigarren asteko bigarren egunean. 2018an, otsailaren 6a izan da; orduan hasi zen lehiaketa.

Internet seguruaren erabilera sustatzea

Lehiaketa honen hirugarren edizioa da, hirugarren urtez jarraian, baina, horrez gainera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, duela urte batzuetatik hona, Interneten segurtasuna sustatzeko zenbait ekimen jarri ditu abian, DBHko ikasgeletan teknologia berrietan oinarritutako hezkuntza lantzeko. Horretarako, irakasleei egON LINE izeneko gida pedagogikoa eman zitzaien, familiei beren seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsu eta seguruan hezteko orduan kontuan hartu beharreko zenbait alderdiren inguruko oinarrizko urratsak eskaintzeko.

Halaber, “Internet eta teknologia berriak; hitz egingo dugu familiartean?” gida argitaratu zen, eta, duela urtebete, Kirolaren Euskal Eskolarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lankidetzan jardun zuen, “Adingabeekin diharduten kirol erakundeetan, teknologia digitalak arduraz erabiltzeko gida” batera prestatzen, kirol-eremuan ingurune digital seguruak eta datu pertsonalei dagokienez adingabeen babesa sustatzeko.

Lehen kategoriako FINALISTAK:

  • Zer da netiketa? – LH 5A – Intxixu Ikastola – Bilbao
  • Rokitxo eta internet – LH 4A – Iraurgi Ikastetxea – Azpeitia
  • Internet Safe Day – LH 3B – Floreaga Salestar Ikastetxea – Azkoitia
  • Adi!! – LH 5 – Maria eta Jose Ikastetxea – Zumaia

Garaileak Floreaga Salestar Ikastetxearen Lehen Hezkuntzako 3B gelako umeak izan dira, Azkoitiakoak.

Bigarren kategoriako FINALISTAK:

  • Errespetua beti aurretik! – DBH 3A – Soraluze BHI – Soraluze
  • Segurtasuna interneten (talde 2) – DBH 4E – Arrasate BHI – Arrasate
  • Ondo jokatu, mundua hobetu – DBH 4 – San Felix Ikastetxea – Ortuella
  • Draw my internet life – DBH 4A – Floreaga Salestar Ikastetxea – Azkoitia

Saria Soraluzeko BHI zentroko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3A gelako gazteak irabazi dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak