Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskararen Aholku Batzorde berriaren bilera

2011.eko urtarrilak 24

Hizkuntza politikaren norabidea markatzeko helburuarekin, lanean da jada Euskararen Aholku Batzorde berritua

Euskararekin loturiko gaietan Jaurlaritzari aholkuak ematea eta erabakiak hartzen laguntzea helburu duen Euskararen Aholku Batzorde berrituak batzarra izan du gaur Leioako Artatza Jauregian (Bizkaia), Patxi López lehendakaria buru zela. Berarekin izan dira Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Iván Igartua Koordinaziorako zuzendaria.

Hizkuntza politikaren norabidea markatzeko helburuarekin Euskararen Aholku Batzorde berritua lanean da jada. Batzordea euskararen munduan erreferente diren 40 pertsona eta prestigiodunek osatzen dute. Horietatik 21 aurreko batzordeko berberak dira, 16 berriak eta gainera, beste hiru eserleku berri erantsi dira. Kide berrien artean daude, besteak beste, Maite Goñi Interneten aditua, Juan Jose Larrea irakaslea, François Maitia Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariordea eta Itziar Nogeras Elhuyarreko zuzendari nagusia. 40 lagun erreferente horiez gain, batzordean parte hartu dute hainbat instituzioetako 13 ordezkarik, Eusko Legebiltzarrak hautatutako beste bost pertsonak eta Euskararen Aholku Batzordeko Bilkurako idazkari Iván Igartuak. Beraz, guztira, 59 lagun izan dira gaurko bileran.

Patxi López lehendakariak azaldu duenez, bi helburu nagusirekin elkartu da Euskararen Aholku Batzordea: Euskara Biziberritzeko Plana gaurkotzea eta 'Euskara 21' garatzea. "Bi egitasmo horien inguruan adostasuna dago eta uste dut adostasun horrek aurrera egingo duela. Izan ere, adostasun hori beharrezkoa izango da Euskadiko bi hizkuntzen arteko aldea gero eta txikiagoa izan dadin eta euskal hiztunen eskubideak errespeta daitezen". Horrez gain, gogorarazi du datorren astean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmena sinatuko dutela: "Guretzat oso garrantzitsua da euskararen lurralde guztien arteko elkarlana".

Kultura sailburu Blanca Urgellek esan du batzorde honen lana funtsezkoa dela, euskararen gerorako, erakundeen eta eragileen arteko lankidetza giltzarri bat izango baita: "nahi dugu Batzorde hau elkargune gisa ikus dezazuen. Lagun arteko elkargune gisa. Zuen iritziak itsasargi bat dira guretzat: behar ditugu eguneroko politikaren zorabioan ez galtzeko eta guztion artean adosten duguna abian jartzeko". Gaineratu du, euskarari dagokionez, Kultura Sailaren helburua dela euskaraz dakitenek euskara gehiago erabiltzea eta erabiltzaileen kopurua euskaldunen kopurura hurbiltzea. Bizi dugun egoera ekonomikoaren aurrean, hitz eman du euskara ez dela inoiz ere izango krisiak sortutako zorren kitatzailea.

Gizarte aldakor batean bizi garela azaldu du Urgellek, eta euskarak aurrera egin dezan ohiko paradigmek ez digutela balio: "Hasiak gara konturatzen, euskarak iraungo badu, nazioz eta estatuz gaindiko mundu batean iraungo duela. Europaren eraikuntzaren, Interneten, globalizazioaren eta immigrazio uhin handien munduan. Guk, jakina, nahi dugu euskararen esparrua ahalik eta zabalena eta erakargarriena izan dadin eta horretarakoxe ari gara lanean".

Gaurko bileran erabaki denez, aurrera begira ere, batzorde horren egitekoa izango da 'Euskara 21' garatzen jarraitzea. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendiren esanetan, 'Euskara 21' gogoeta da Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren eta Sailburuordetzaren aurrekontuen bizkarrezurra eta hari orpoz orpo jarraitzen saiatu dira: "Gogoeta horren puntu batzuk oso orokorrak dira eta batzordearen iradokizun eta proposamenak beharko ditugu gauzatu ahal izateko. Uste dugu maila teorikotik errealitatera jaisteko garaia dela". Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarentzat plana garatzea lehentasuna da, eta horregatik 'Euskara 21'-eko batzorde-ataletako kideak berehala izendatuko ditu. Izan ere, "Euskara 21" planeko batzorde-atalei Terminologiako eta Toponimiako batzorde-atalak gehituko zaizkie, eta horiez gain 'IKT eta Euskara' izeneko batzorde-atala ere abian jarriko da.

Auzmendik, bestalde, legegintzaldia hasi zenetik Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak martxan jarri dituen egitasmoak zerrendatu ditu eta 2011rako dituen proiektuak azaldu ditu. Martxan jarritakoen artean, besteak beste, ondoko hauek nabarmendu ditu: "Etxepare Euskal Institutua abiarazi dugu, eta jadanik haren plan estrategikoa prestatzen ari gara. Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoarekin lau urterako esparru-hitzarmena izenpetuko dugu Baionan datorren astelehenean. Zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioaren lehenengo fasea burutu dugu, hau da, merezimendu bidezko itzultzaile eta interpreteak habilitatu ditugu, eta orain proben bidezko habilitazioa abian dugu. Euskarazko ziurtagiriak baliokidetzen dituen dekretua eman dugu. Krisi garaian, zailtasunak zailtasun, lortu dugu euskararentzako diru-laguntzei eustea".

Aurrera begira Sailburuordetzak eskuartean dituen egitasmoen artean, berriz, Auzmendik azaldu du egiteko nagusietako bat V. Inkesta Soziolinguistikoa prestatzea izango dela. Horrez gain, 2011n bi proiektu erraldoi ere abiatuko dira: euskarazko entziklopedia digitala eta itzulpen automatikoaren sistema eragingarri bat. "Lehenengoari dagokionez, gure asmoa paperezko entziklopedia tradizionalak eta wikiak konbinatzea da. Bigarrenari dagokionez, berriz, corpus elebidun handi bat osatu nahi da, itzulpen automatikoaren sistemaren oinarria izango dena".

EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEKO KIDEAK

LEHENDAKARIA:

- Patxi López


LEHENDAKARIORDEAK:

- Blanca Urgell Lázaro: Kultura sailburua.

- Lurdes Auzmendi Aierbe: Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

- Iñaki Uribe Burgoa: HABEko zuzendari nagusia.

- Patxi Arratibel Sukia: EITBko Estrategia eta Kanpo Harremanetarako zuzendaria.

- Marisa Cuesta Arandilla: Funtzio Publikoaren zuzendaria.

- Juan Manuel Aramendi Arteaga: Hezkuntzako Langileriaren Kudeaketarako zuzendaria.

- Maria Encarnación Echazarra Huguet: IVAPeko zuzendari nagusia.

- Malentxo Arruabarrena Julián: AFAko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua.

- Miren Dobaran Urrutia: BFAko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia.

- Estibaliz Alkorta Barragan: GFAko Euskara zuzendari nagusia.

- Andres Urrutia Badiola: Euskaltzainburua.


BATZORDEKIDEAK:

- Dorleta Alberdi Aretxederreta: Kazetaria. Bizkaiko Gotzaitegia. Bizkaia Irratiko zuzendari ohia.

- Joseba Arregi Aranburu: Kultura sailburu ohia. EHUko irakaslea.

- Joseba Arruti Lafuente: Radio Euskadiko zuzendaria.

- Itziar Atienza Molina: Aktorea. Gasteizko Udaleko euskara teknikaria izandakoa.

- Martin Auzmendi Aierbe: Abokatua. Sailburu ohia.

- Francisco Javier Azpiazu Lasuen: CEBEKeko idazkari nagusia.

- Nerea Azurmendi Zabaleta: Kazetaria. Diario Vasco.

- Patxi Baztarrika Galparsoro: Hizkuntza Politikarako Sailburuorde ohia. Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikaria.

- Mikel Belasko Ortega: Ikerlaria eta filologoa. Toponimian aditua.

- Olatz Beobide Egaña: Aktorea.

-  Maite Berrocal Cebrian: Gasteizko Udaleko Kultura ziengotzia.

- Koldo Biguri Otxoa de Eribe: EHUko irakaslea. Interprete eta itzultzailea.

- Garbiñe Biurrun Mancisidor: Epailea.

- Jon Bollar Intxausti: UEMA. Hizkuntza Normalkuntzarako teknikaria.

- Allande Boutin: kazetaria. France TV.

- Carlos Cid Abasolo: Irakasle eta irakurlea. Madrileko Complutensen.

- Gotzon Egia Goienetxea: Gipuzkoako Foru Aldundia. Euskara Zerbitzuburua.

- Ramon Etxezarreta Aizpuru: Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia. Gipuzkoako Foru Aldundia. Euskara Zuzendaritzako teknikaria.

- J. Iñaki Etxezarreta Alberdi: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa. Zuzendaria.

- Estebe Eyherabide: Iparraldeko EEP zuzendari ohia. Baigorri-Garaziko Herri Elkargoa.

- Aizpea Goenaga Mendiola: Etxepare Institutuko zuzendaria.

- Maite Goñi Eizmendi: Jakintza Ikastolako irakaslea. Interneten aditua.

- Jokin Gorozika Bidaurrazaga: EHUko irakaslea Ingeniaritza Eskolan.

- Jon Juaristi Linacero: Irakaslea. Idazlea. Hezkuntza Aholkularitzako Unibertsitate eta Ikerkuntzako zuzendari nagusia, Madrilgo Autonomia Erkidegoan.

- Odile Kruzeta Olañeta: Kazetaria. Euskadi Irratia.

- Juan José Larrea Conde: Irakaslea. EHUko Euskara Errektoreorde ohia.

- Miren Elixabete Larrinaga Artetxe: Kazetaria. Soziologoa. EHUko Nazioarteko mugikortasunerako zuzendaria.

- François Maitia: Akitaniako Lurralde Kontseiluko Lehendakariordea. Pirinio Atlantikoetako Kontseilari Nagusia. Euskararen Erakunde Publikoaren Lehendakariordea.

- Koldo Martinez Urionabarrenetxea: Nafarroako Euskara Kultur Elkargoaren lehendakaria.

- Mertxe Mujika Balanzategi: AEK. Koordinatzaile nagusia.

- Joxean Muñoz Otaegi: Idazlea, gidoilaria eta zinemagilea.

- Jon Nogales Prieto: Arabako Gazte Sozialistak. Koordinatzailea.

- Itziar Nogeras Berra: Elhuyar. Zuzendari nagusia.

- Eneko Oregi Goñi: Hezkuntza sailburuorde ohia. IZOko arduraduna.

- Carlos Ruiz Gonzalez: KUTXAko Gizarte Ekintza, Irudia eta Komunikazioko zuzendaria.

- Pello Salaburu Etxeberria: Euskara Institutuko zuzendaria. EHUko Errektore ohia. Euskaltzaina.

- Bernadette Soule: Iparraldeko EEPko zuzendaria.

- Iñaki Ugarte Recarte: Irakaslea. Irungo Udal Euskaltegia.

- Miriam Urkia Gonzalez: UZEI. IKT eta Terminologia.

- Ana Urkiza Ibaibarriaga: Idazlea. Kazetaria. Bankoa-ko komunikazio arduraduna.


EUSKO LEGEBILTZARRAK IZENDATUAK:

- Lorea Bilbao Ibarra: Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitateko irakaslea. HPSko zuzendari ohia eta aholkulari ohia.

- Lurdes Oñederra Olaizola: EHUko irakaslea. Hizkuntzalaria. Euskaltzaina.

- Iciar Lamarain Cenitagoya: Arrasateko zinegotzia.

- Alberto Lopez Basaguren: EHUko irakaslea. Zuzenbideko katedratikoa.

- Garbiñe Mendizabal Mendizabal: Legebiltzarkidea. Euskara Teknikaria.


KOORDINAZIORAKO ZUZENDARIA:

- Iván Igartua Ugarte

5 iruzkin
  • @artberri
    2011.eko urtarrilak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @jamoral: Me parece muy fuerte que el presidente del Consejo Asesor del Euskera sea un tipo que no sabe euskera (Patxi... http://fb.me/QHJX2Uba

  • @anbotonews
    2011.eko urtarrilak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @jamoral: Me parece muy fuerte que el presidente del Consejo Asesor del Euskera sea un tipo que no sabe euskera (Patxi... http://fb.me/QHJX2Uba

  • @jamoral
    2011.eko urtarrilak 25

    Comentario de Twitter:
    Me parece muy fuerte que el presidente del Consejo Asesor del Euskera sea un tipo que no sabe euskera (Patxi... http://fb.me/QHJX2Uba

  • @zigaurre
    2011.eko urtarrilak 24

    Comentario de Twitter:
    @droalej @sxenia aquí la info oficial del Gobierno Vasco, al final del párrafo en negrita http://bit.ly/fSRes2

  • @zigaurre
    2011.eko urtarrilak 24

    Comentario de Twitter:
    @javiderios ha vinculado violencia y euskara en la apertura de su consejo asesor http://bit.ly/fSRes2

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)