Berriak Lehendakaritza
Eu

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren ibilbidearen garrantzia nabarmendu du Lehendakariak, “konpromiso aktibo bati eutsi baitio Herrialdearen eraldaketa sozialean”

2018.eko maiatzak 18
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren 75. Urteurrenean izan da gaur arratsaldean Iñigo Urkullu Lehendakaria. Bertan, ikastegiaren ibilbideak izan duen garrantzia nabarmendu du, Lehendakariak adierazi duenez, urte hauetan prestakuntza eta kooperatibismoa, irakaskuntza eta enplegua, teoria eta praktika bat egin baititu; “gorputz eta arimaren” eredu, alegia. “Konpromiso aktibo bati eutsi diozue gure Herrialdearen eraldaketa sozialean, eredu kooperatibo eta partaidetzazko bat zehaztuz. Hori dena pertsonaren prestakuntza integralaren oinarri irmoaren gainean”, azpimarratu du.

Bere jardunean, Mondragon Unibertsitatea Euskadin eredu eta munduan erreferentzia dela azpimarratu du Lehendakariak. Gainera, gogora ekarri du duela urtebete Unibertsitatea – Enpresa Estrategia aurkeztu zuela Eusko Jaurlaritzak Unibertsitateen Euskal Kontseiluan; agenda bat da, helburutzat dituena ezagutza sortu eta transferitzea, lankidetzaren esparruan giza kapitala prestatzea eta Euskadiko gizartearen eta ekonomiaren garapena bultzatzea. "Estrategia hori garatzen parte hartu duzue. 4gune Clusterraren parte zarete, ingeniaritzan, zientzian eta teknologian harremanak sustatzeko. Prestakuntza-eskaintza dual bat duzue. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Planaren pilotaje-taldeetan parte hartzen duzue; “industria 4.0”, digitalizazioa eta zibersegurtasuna”, ziurtatu du.

Hala, Lehendakariak adierazi duenez, gaur jakin badakigu Euskadin goi-mailako Hezkuntzaren kalitatea eta indarra funtsezkoak direla gero eta eskakizun handiagoko testuinguru batean aurrerapausoak emateko. Eta horregatik nabarmendu nahi izan du instituzioek apustu egin dutela Unibertsitatea – Enpresa lankidetza eta Unibertsitatea – Gizartea hurbiltasuna sustatzearen alde. “Sustraiak gizartean irmotuta dituen eta produkzio-ehunari lotuta dagoen hezkuntza-sistema baten alde egiten dugu apustu”, adierazi du.

Azkenik, Lehendakariak nabarmendu du Mondragon Unibertsitateak aitzindari izatea duela eta praktikan jartzen duela kooperazioaren eta lankidetzaren eredua, “auzolana” alegia, gizakiaren garapenerako eta Euskadiren hazkunde jasangarrirako. "75 urte bete dituzue. Arizmendiarretaren adibideari jarraituz, ametsak gauzatu egin daitezkeela erakutsi duzue. Orain, Mondragon Unibertsitatearen mendeurrenerako proiektua definitzea da gakoa. Hauxe da erronka: Ilusioa piztuko duen eta posible izango den desafio bat planteatzea. Ametsak, lanari ekinez eta ahaleginez, gauzatu egiten direla erakustea”, esanez amaitu du.

Gaurko ekitaldian, Lehendakariarekin batera izan dira Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José López, Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Muro Nájera, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia, eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusi Borja Belandia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak