Eu

Artolazabal: “Euskadik Estrategia aurreratua du Europaren barruan, zahartze aktiboari eskainia”

2018.eko maiatzak 17
  • "Adinekoek, zahartzen diren neurrian, bizitzako alderdi guztietan aukera- eta tratu-berdintasunerako duten eskubideen onarpena dugu oinarri”.
  • Geriatriako eta Gerontologiako Euskal Herriko Biltzarra Deustuko Unibertsitatean
  • Lema: “Ongi bizitzea eta zahartzea gure erkidegoan”

Deustu, 18 05 17

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak uste du “Euskadik Estrategia aurreratua duela Europaren barruan, zahartze aktiboari eskainia, eta adinekoek, zahartzen diren neurrian, bizitzako alderdi guztietan aukera- eta tratu-berdintasunerako duten eskubideen onarpena duela oinarri”.

 

Artolazabal sailburuak Deustuko Unibertsitatean parte hartu du, Zahartzaroa - Geriatriako eta Gerontologiako Euskal Sozietatearen hamazazpigarren biltzarrean eta, aldi berean, Nafarroako  Geriatriako eta Gerontologiako Sozietatearen hamargarren biltzarrean.

 

Artolazabalekin batera, topaketaren inaugurazioan Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru-diputatuak, Jose Mª Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Iñigo Pombo Bilboko Gizarte Ekintzako zinegotziak, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak, Inés Francés Nafarroako Gobernuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari gerenteak, Brígida Argote Zahartzaroako presidenteak, Francisco Uriz Nafarroako  Geriatriako eta Gerontologiako Sozietateko presidenteak, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako zuzendariak parte hartu dute.

 

“Bizitza gogotsu bizi behar da eta, ahal dela, osasun-egoera onean eta beharrezko premiak aseta, zahartze aktiboa eta osasuntsua izateko prestatu izanari esker. Horretan, euskal administrazio publikook eginkizun garrantzitsua dugu”, esan du Beatriz Artolazabalek.

 

Zahartze aktiboa

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 2015-2020 Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia garatzen du. “Bertan, zahartze aktiboaz hitz egiten dugu: kontzeptu horrek adinekoek, zahartzen diren neurrian, bizitzako alderdi guztietan aukera- eta tratu-berdintasunerako duten eskubideen onarpena du oinarri”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

“Horrela, prozesu politikoan eta bizitza komunitarioko beste alderdi batzuetan parte hartzeko erantzukizuna babesten da, eta autonomiaren, parte-hartzearen, duintasunaren eta erantzukidetasunaren printzipioei erantzuten zaie”, esan du sailburuak.

 

Artolazabalek bi ekimen nagusiak nabarmendu ditu Estrategiaren barruan: “lehenengoa Euskadi Lagunkoia Sustraietatik da, zahartzen diren pertsonei erraztasunak emango dizkieten bizi-inguruneak sustatzean adiskidetasun-mugimendua garatzeko, adinekoek ongizatea sortzeko eta beren udalerrietan herritar guztien bizi-kalitatean positiboki eragingo duten aldaketak ekartzeko adinekoek duten ahalmena aprobetxatuz”. 

 

“Europako testuinguruan, adinekoekin lagunkoiak diren udalerrien sare handiena dugu; 54 udalerri daude atxikita. Halaber, Legado programa dugu; programak adinekoen esperientziaren eta jakinduriaren balioa nabarmentzen du, eta OMEren aitorpena jaso du, “edadismoa”ren aurkako borrokan nazioarteko 9 jardunbide onenetako bat bezala”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

 

“Bigarrenik, 2018-2020rako Gobernamenduaren Euskal Estrategia Nagusi agenda dugu; adinekoentzako parte-hartze publiko-sozialaren eredu da, eta, horren bidez, adinekoen ikuspena eta esperientzia berengan eragina duten erabaki politiko eta sozialetan txertatzeko modu berriak bilatzen ditugu", esan du Artolazabalek.

 

Beti on, telelaguntza

“Pertsonetan oinarritzen den arreta integraleko eredu horretan esku hartzen du betiONek, telelaguntzarako dugun zerbitzu publikoak, bakarrak eta unibertsalak, gizarte- eta osasun-koordinazioa ardatz eragile duenak, Osasun Sailarekin lankidetzan; eta hori da Estatuko gainerako telelaguntza zerbitzuetatik bereizten duena”, esan du Artolazabalek. “Gainera, prebentzio-jarduketa ematen dugu, erortzeko eta bakardaderako arriskuen aurrean; horretarako, segurtasuna eta laguntza ematen dizkiogu familia- eta gizarte-inguruneari”.

 

Beatriz Artolazabalek esan duenaren arabera, “telelaguntzari aplikatutako digitalizazioa ere ari gara lantzen, eta, horren bidez, soluzio konektatuak izango ditugu beti, azkarragoak, egokigarriak eta informazio ugari erabiltzeko gai direnak; gainera, ahotsaren, bideoaren eta datuen aldi bereko kudeaketa jasoko du. Hori guztia, adinekoak eta bestelako kolektibo hartzaileak beren ohiko ingurunean baldintzarik onenetan bizitzeko”.

 

Etikak gure jarduketan duen balio argiarekin batera, kudeaketako kalitatea proposamen argi bilakatu da.  Gaur egun, eskubide batzuk ditugu zehaztuta eta horiek eraginkorrak izateko, zer gaitasun sustatu behar dugun eta erabiltzaileak gaitasun horiek berez eskuratu ezin dituenean zer laguntza dugun eskaintzeko aztertzen dugu”, esan du Artolazabalek, biltzarra irekitzeko hitzetan.

 

Tratu txarraren arriskua antzemateari dagokionez, Artolazabalek zera esan du: “Erkidegoan adinekoei ematen zaizkien tratu txar fisiko eta ekonomikoak prebenitzeko eta antzemateko prozedura dugu, berezkoa, Zahartzaroako kideek eginiko lan bikainari esker. Aurten onetsiko den dekretu berrian egoitza-zentroek tratu desegokiak eta abusuak prebenitzeko neurriak hartu beharko dituztela ezartzen dugu”.

 

Sailburuak iragarri du “erabiltzaileei tratu desegokiak edo tratu txarrak antzematen eta horiei aurre egiten laguntzeko baliabideak emango zaizkiela, eta zentrotik kanpoko pertsona batek edo zentroko bertako pertsona batek, profesionala, boluntarioa edo erabiltzailea izan, jardunbide desegokiak edo abusuak eragiten duen egoeraren berririk edo zantzurik duen kasuetan jarduteko protokoloa ere izango dela”.

 

Bizitzaren amaierako zaintzak direla eta, Artolazabalek gomendatu du “askatasuna ematea pertsonari,  fase horretako hautaketarako, eta berarekin batera egotea, bakarrik egon ez dadin. Sarritan, ez dute bakarrik familiek jasaten familiartekoen heriotzaren eragina, artatzen dituzten profesionalek ere egoera horren eraginak jasaten dituzte”.  

 

Baliabideak jartzen ari gara ongi bizi eta zahartzeko gure erkidegoan, Europako lehenengo lerroan eta ekimenean eremu horretan; ekintza horrek ere gure herrialdea gizarte kohesionatua, solidarioa eta jasangarria ekarriko duen Gizarte Oinarriaren eraikuntzan kokatzen du”, esan du Artolazabalek, amaitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak