Eu

Borja Aguinagalde Euskadiko Artxibo Historikoaren zuzendariak parte hartu du gaur ‘Eskualdeen ekarpena Europako Ondarearen Urtean’ jardunaldian

2018.eko maiatzak 16

Euskadiko Artxibo Historikoko zuzendari Borja Aguinagaldek jardun du gaur ‘Eskualdeen ekarpena Ondarearen Europako Urteari’ Europako foroan, Bruselan, Eusko Jaurlaritzak koordinatutako Regional Initiative for Culture and Creativity (RICC) sareak antolatutakoan. Bere jardunaren helburua izan da Euskadiko Artxibo Historikoaren aldetik berrikuntzaren alde egindako apustua partekatzea, gai horri dagokionez EBko Agendarekin bat datorrena, eta baita Euskadik egindako apustua ere kultur ondarea babestearen eta hedaraztearen alde. Hitzaldia Kultura Ondarearen Europako Urtearen esparruan eman da.

Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzak koordinatu du foroa, Europako eskualdeetako ordezkariekin batera eta Europako sareekin eta instituzioekin lankidetzan. Foro honen bitartez, kultur ondarearen eremuan Europako eskualdeek betetzen duten rola eta jardun egokia nabarmendu nahi izan dira. Izan ere, Europako Eskualdeen Komitearen Osoko Bilkura egiten ari dira egunotan Bruselan, kontuan izanik erakunde horrek indartu egin duela baita ere kulturaren eta hezkuntzaren rola Europako agendan, eskualdeen ahalmenarekin batera.

Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren inplikazioarekin eta lankidetzarekin egin da elkarraldia, erakunde hauekin batera: Europa Nostra, ERRIN (Europako eskualdeetako berrikuntza-plataforma) eta NECSTOUR sarea (turis mo jasangarriaren Europako sarea). Hala, ehunen bat pertsona bertaratu dira forora, dagozkien lurraldeetako jardun egokiak eta etorkizuneko erronkak aurkeztera. Kultura Ondarearen Europako Urte honetako lanaren ardatzetan oinarritu da eztabaida: ondarea, babesa, kontserbazioa, berrikuntza, kudeaketa, ondarea ezagutzeko sarbidea, kultur diplomazia eta kultur turis moa.

Europako instituzioen aldetik nahiz Europako eskualdeen aldetik, Euskadi nabarmendu eta aintzatetsi dute ondarearen gaineko bere ikuspegi berritzaileagatik, eta baita Euskal Artxibo Historikoak ematen dion balio erantsiagatik ere. Ondarearen Europako Urtearen label-ak aintzatetsitako ekimenei dagokienez, INTERREG Europe Creadis3/Smart Specialisation Creative Districts proiektua azpimarratu dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila duena aitzindari.

Euskadiko Artxibo Historikoko zuzendari Borja Aguinagaldek Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren alde egindako apustu hori azpimarratu du bere kargura dagoen erakundearen bitartez: “Eusko Jaurlaritzako Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzurako, lan egiteko modu bat da berritzea. Gure politikak eta gure programak herritarrei emandako zerbitzuekin lerrokatzea esan nahi du. Esparru politikoak eta eskumenek ematen digute erantzukizun oso hori gure Ondarearen gainean, zeharo elkar konektatuta dagoen gizarte batean. Horrek guztiak kokatzen gaitu EB Agendan”.

Regional Initiative for Culture and Creativity/RICC sareak, Europako beste lurralde batzuekin batera Euskadik koordinatuak, bultzatu eta antolatu du ekimen hau. RICC sareak Europako 27 eskualde biltzen ditu, Europako eskualdeak baterako proiektuetan kokatu eta nabarmentzeko helburuz, eta baita Europako ekintza eta ekimenetan ere kulturaren eta sormenaren eremuan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko