Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko laguntzen deialdia egin du, GIB/Hiesa, C Hepatitisa eta sexu transmisioko infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko jardueretarako

2018.eko maiatzak 16

Laguntza horiek jaso ahalko dituzte 2018an irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek, eta lehentasuna izango dute kolektibo ahulenentzako jarduketek

 

Eusko Jaurlaritzak, Jon Darpón Osasun sailburuak aginduta, 2018an Euskal Autonomia Erkidegoan GIB/HIESAren, C hepatitisaren eta sexu-transmisioaren ondoriozko infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduketak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak onetsi ditu. Jarduera horiek eta administrazio publikoek abiatutakoak ezinbestekoak dira infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta eramaileen egoera hobetzeko baterako ahaleginean.

Deialdiak 300.000 euroko aurrekontua du, eta lehentasuna emango die kolektibo ahulenei zuzendutako jarduketei, baina ez dira baztertuko herritarrak oro har hartzaile dituen jarduketak. Biztanle ahultzat jotzen dira GIB, CHI eta sexu-transmisioko infekzioen intzidentzia handia eta nagusitasuna dutenak, besteak beste, gizonekin sexua duten gizonak, etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioa egiten dutenak.

Euskadin egiten diren honako proiektu hauek jasoko dute laguntza:

  • Gizonekin sexua duten gizonen kolektiboarekin esku hartzeko proiektuak, kolektibo horren GIBaren, C hepatitisaren eta sexu-transmisioaren garrantzi epidemiologikoa aintzat hartuta.
  • GIBa, C hepatitisa eta sexu-transmisioa dela eta ahulak diren beste kolektibo batzuei zuzendutako proiektuak: etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioa egiten dutenak eta, oro har, bazterketa-egoeran dauden pertsonak.
  • GIBaren, C hepatitisaren eta sexu-transmisioaren ondoriozko infekzioaren diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak.
  • GIBarekin bizi diren pertsonentzako laguntza psikologikoko eta sozialeko proiektuak.

Proiektu batek diru-laguntza jaso dezakeela uste bada, laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako aurrekontuaren arabera ezarriko da, bai eta beste finantzaketa-iturrien arabera ere; nolanahi ere, ezingo du gainditu aurrekontu horren % 80, eta, gehienez, 50.000 euro izango dira proiektuko.

 

Eskabideak aurkeztea

Erakunde interesdunek beren laguntza-eskabidea Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari zuzendu beharko diote, baliabide elektronikoen bidez baino ez.

Laguntzetara jo ahal izateko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua EHAAn aurkezten denetik.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau