What the Basque?!
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskadi hazten eta aurrera egiten doala nabarmendu du Lehendakariak, oraindik nabariak badira ere euskal industriaren krisiak ekarritako ondorioak

2018-05-16
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren (CEBEK) Batzar Nagusian parte hartu du gaur Iñigo Urkullu Lehendakariak Bilboko Euskalduna jauregian. Bere jardunean, Lehendakariak nabarmendu du Euskadik hazten eta aurrera egiten jarraitzen duela baina, une honetan, oraindik ere nabariak direla krisiaren ondorioak. Horregatik, azpimarratu duenez, batez ere hiru erronkatan jarraitu behar dugu lanean: enplegua, enpresa-ehuna eta berrikuntza.

Lehendakariak azaldu bezala, enpresaren ikuspegitik, gainditu egin da azken krisialdi ekonomikoa. Izan ere, 2014az geroztik, Barne Produktu Gordina etengabe ari da hazten 17 hiruhilekotan. Hala, jakinarazi duenez, urte honetarako eta hurrengorako aurreikuspenen arabera, % 2,6koa eta % 2,2koa izango da hazkundea, hurrenez hurren.

“Ekonomiaren ikuspegitik, 2015ean balio absolutuetan berreskuratu genuen krisiaren aurreko Barne Produktu Gordina: 68.500 milioi euro; joan den 2017an gure historian izan den BPG handiena lortu genuen, 73.000 milioi eurokoa”, adierazi du.

Horren haritik, Lehendakariak esan du industria berriro ari dela berreskuratzen eragile gisa betetzen duen zeregina. Produkzio industrialaren indizeak eboluzio positiboa izan du 2014az geroztik. Lehenengo hiruhilekoan, ekonomia osoaren gainetik hazi da, eta % 3,6koa izan da. “Euskal esportazioak ere errekor historikoetan kokatzen dira; 23.800 milioi euro, joan den urtean”, jakinarazi du.

Langabezia eta enpleguaren sorkuntza direla-eta, Lehendakariak adierazi duenez, joan den apirilean 124.900 langabe erregistratu ziren, 12.000 gutxiago 2017ko apirilaren aldean. “Langabezia-tasa, Eustaten arabera, % 11,3koa da aurtengo lehenengo hiruhilekoan, 2009ko maila beretan”, jakinarazi du. Hala, 945.500 pertsona zeuden inskribatuta Gizarte Segurantzan apirilean, joan den urtean baino 19.000 gehiago, alegia. “Gobernuaren aurreikuspenaren arabera, aurten % 1,9 haziko da enplegua, eta % 1,4 datorren urtean”, adierazi du.

“Egoeraren erradiografia horrek ez ditu ezkutatzen oraindik hor dirauten krisiaren ondorio kolateralak. Batez ere, topatzen ditugun zailtasunak nabarmentzen ditut, enpleguari, produkzio-ehuna berreskuratzeari eta berrikuntzari dagokienez”, azpimarratu du.

Horren haritik, Lehendakariak esan duenez, euskal Exekutiboaren konpromisoa da legegintzaldi honetan langabezia-tasa % 10en azpitik kokatzea, hau da, enplegu gehiago eta hobea sortzea. “Krisia ez dugu gainditutzat emango galdutako enplegu guztiak berreskuratu artean. Helburua hauxe da, Gizarte Segurantzan 37.000 afiliatu gehiago izatea, eta horrela 2008ko uztaileko 980.000 afiliatu izatea lortzea”, zehaztu du.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, helburu nagusi horri erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2020 Programa jarri zuen abian, guztira 8.800 milioi euroko aurrekontuarekin. Azaldu duenez, 2017an, programaren aurreneko exekuzio-aldian, aurreikusitako inbertsioen % 96 burutu dira: “15.800 enpleguren sorkuntza sustatu da, eta horietatik 6.800 lehenbiziko lan-esperientzia bati heldu dioten gazteak izan dira”, jakinarazi du. Gainera, adierazi duenez, 1.700 enpresa txiki eta ertaini lagundu zaie berrikuntza, nazioartekotze eta lehiakortasunaren hobekuntzarako programen bitartez.

Enpresa-ehunari dagokionez, Lehendakariak esan du oraindik ez direla berreskuratu galdutako enpresak: krisiaren aurretik, 64.000 enpresa inskribatu izatea lortu zuen Euskadik, eta orain 59.000 enpresa inskribatu ditu. “Ahaleginak egiten jarraitu behar dugu elkarrekin batera 5.000 enpresa berri sortzea sustatzeko eta krisiaren aurreko enpresa-ehuna berreskuratzeko. Herrialde aurreratu bateko aberastasunaren eta enplegu-sorkuntzaren oinarrian da enpresa, proiektu partekatutzat hartuta”, azpimarratu du.

Berrikuntzari dagokionez, Lehendakariak esan du Euskadi berrikuntza-maila handiko eskualdeen artean dagoela Europan. “Zientziaren eta teknologiaren ekosistema kontsolidatu bat dugu. Euskal enpresa eragileak nazioartean ari dira lehian teknologia maila ertain eta altuko kalitate, produktu eta zerbitzuei dagokienez", azpimarratu du. “Dena den, ahalegin hori ez da behar adina iritsi enpresa ertainen eta, bereziki, enpresa txikien ehunera. Berrikuntza-defizit bat dugu, bereziki marketinari eta enpresaren antolamenduari berari dagokienez”, gaineratu du. Horregatik, Lehendakariak azpimarratu du garrantzizkoa denari berriro heltzeak eta bere agenda enpresarial eta instituzionalean lehentasuntzat hartzeak izan behar duela Eusko Jaurlaritzaren helburua.

Azkenik, Lehendakariak esan du Euskadiren hiru erronka nagusiak, bere estrategia ekonomikoan, hauek direla: giza baliabideak, teknologia eta erakundeen eraldaketa. Lehenik, adierazi du ekonomia berrian giza baliabideak direla hazkundearen gakoa: pertsona prestatuak eta kualifikatuak, iraultza industrial eta teknologiko berriaren premiei erantzuteko. “Esparru Akordio bat sinatu dugu enpresa-erakundeekin Euskadiko giza baliabideen prestakuntza eta kualifikazioa hobetzea helburu hartuta, enplegu gehiago eta hobea erronkari erantzuteko”, esan du.

Bigarren, nabarmendu du, Euskadik abian jarri duela RIS 3 Euskadi espezializazio adimendunaren Estrategia, hiru lehentasunetan oinarritua: Fabrikazio aurreratua, Energia eta Bio-osasuna. “Gainera, ehun zientifiko/teknologikoaren eta enpresarialaren jarraipena behar dugu gure etorkizunerako ezinbestekoa den erronka horri aurre egiteko”, nabarmendu du.

Eta, hirugarrena eta azkena, adierazi du, konfrontazioaren eredua atzean utzi eta lankidetzaren ereduari heldu behar zaiola. “Eskulana, patronala, kapital/lana konfrontazioa bezalako kontzeptuak eskema zaharkituak dira orain. Eredu berri batean kokatu beharrean gaude, lankidetzan oinarrituan, ez ordea inposizioan. Enpresa-eredu inklusiboago eta parte-hartzaileago bat", azpimarratu du.

Gaurko ekitaldian, Lehendakariarekin batera izan dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Arantxa Tapia sailburua, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro María Azpiazu, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús Carmen San José, Industriako sailburuorde Javier Zarraonandia, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estíbaliz Hernáez, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusi Itziar Epalza, Enplegua eta Gazteriako sailburuorde Marcos Muro, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Jon Azkue.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)