Eu

Euskal biztanleriaren erdiak baino gehiagok uste du kultur politikek lehentasun handia izan behar dutela, eta % 43k uste du baliabide publikoak kultura irisgarriago egitera bideratu beharko liratekeela (Gobernu Bilera 2018-05-15)

2018.eko maiatzak 15

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Gobernu Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan azaldu da, kultur arloari buruz egindako Soziometro baten berri emateko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan azaldu da gaur, Josu Erkoreka bozeramailearekin batera, kulturaren inguruan egindako Soziometroaren datuak aditzera emateko. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkesta honen arabera, sailburuak nabarmendu duenez, biztanleriaren erdiak baino gehiagok (% 57k) uste du kultur politikek lehentasun handia izan beharko luketela Jaurlaritzaren politiken artean eta, horrekin batera, beste % 35ek uste du lehentasun ertaina izan beharko luketela (soilik % 3k uste du lehentasun txikia izan beharko luketela). Azterketa horrek, era berean, agerian utzi du herritarren ia erdiek uste dutela baliabide publikoak kultura irisgarriago egitera bideratu beharko liratekeela (% 43), sortzaileei laguntzera bideratu beharko liratekeela uste dutenen gainetik (% 28).

Soziometro horren landa-lana joan den otsailaren 26tik martxoaren 5era egin zen, etxez etxeko 1.973 elkarrizketaren bitartez, eta Zupiria sailburuak esan duenez, herritarrek kulturak erakunde publikoen babes handia jaso behar duela nabarmendu dute. “Herritar gehienek esaten digute erakundeok era argian babestu behar dugula kultura; lehentasun handia duela. Oso alderdi positiboa dela iruditzen zait. Haatik, inkesta horretatik ondoriozta daitekeenez, biztanleriaren gehiengoak uste du kultura irisgarriago egitera bideratu beharko liratekeela baliabideak, sortzaileen lana zuzen-zuzen laguntzera bideratzearen gainetik. Gure iritziz, alderdi horren inguruan nolabaiteko pedagogia egin beharko litzateke; izan ere, gure kultura sistema osasungarri eduki nahi badugu, aintzat hartu beharko dugu sortzaileen lanak kulturzaleen babesa izan beharko duela, eta lan hori ere ordaindu beharko dela. Hain zabalduta dagoen ‘doakotasunaren kulturari’ aurre egin behar diogu kulturgintzaren arloan ere” erantsi du.

Sailburuak adierazi duenez, inkesta erantzun dutenen % 43ren iritziz, kulturara bideratzen diren baliabideak batez ere zuzendu beharko lirateke kultur eskaintza irisgarriago egitera (% 43); ondoren daude uste dutenak baliabideak sortzaileei laguntzera bideratu beharko liratekeela (% 28) eta, azkenik, ondarearen kontserbaziora zuzendu beharko liratekeela uste dutenak (% 22).

Euskal herritarrok kulturaren inguruan ditugun ohiturei eta iritziei buruzko Soziometro horrek jasotzen duenaren arabera, hamarretik seiren iritziz, administrazio publikoek gaur egun ematen dioten babesa baino babes handiagoa eman beharko liokete kulturari (% 64); hamarretik biren iritziz, maila berean babestu beharko lukete (% 21), eta hamarretik batek soilik uste du gaur egun baino babes txikiagoa eman beharko lioketela (% 9). Horrez gain, gutxi gorabehera hamarretik zortziren iritziz, kulturan inbertitzeak asko edo dezente hobetzen du elkarbizitza (% 84), bizi-kalitatea (% 84) eta ekonomia (% 81). 

Irakurketa

Irakurzaletasuna izan da inkestak hartu duen arloetako bat; horren arabera, biztanleen erdiek baino gehiagok irakurtzeko zaletasun handia edo nahikoa dutela adierazi dute (% 57) eta % 86k denbora librearen zati bat irakurtzen ematen dutela (prentsa, liburuak edo bestelako irakurgaiak).

Irakurtzeko maiztasunari dagokienez, ia erdiek (% 47) egunero edo ia egunero irakurtzen dute, % 19k astean bi edo hirutan, % 15ek noizean behin eta % 5ek gutxitan. Aldiz, ia inoiz ez edo inoiz irakurtzen ez dutenak % 13 dira. Irakurtzen ez dutenen artean arrazoi nagusiak ohiturarik ez izatea (% 46) eta irakurtzea gustuko ez izatea (% 44) dira, eta baita ere denbora falta (% 39). Irakurtzen dutenen artean, berriz, arrazoi nagusienak dira informatua egotea (% 67), denbora pasa edo ondo pasatzea (% 56) eta gauza berriak ikastea (% 25).

Irakurleen erdiek (% 50) irakurtzen dute formatu digitalean (% 13k soilik formatu digitalean eta % 37k digitalean eta paperen). Eta horrekin lotuta datu azpimarragarri bat atera da: 2004an % 18 ziren testuak digitalean (ordenagailuan) irakurtzen zituztenak. Irakurleen % 85ek liburuak irakurtzen dituztela adierazi dute: egunero edo ia egunero laurdenak (% 25) eta astean behin gutxienez beste laurdena pasatxok (% 29), gainerakoek maiztasun gutxiagorekin.

Irakurleen artean liburuak inoiz edo ia inoiz irakurtzen ez dituztenak % 14 dira. Dezente gehiago dira liburuak irakurtzen dituzten emakumezkoak gizonezkoak baino. Liburuak irakurri dituztenek batez beste 8 liburu irakurri dituzte azken 12 hilabeteetan. Irakurritako azken liburuari dagokionez: % 54k gizonezko batek idatzitako liburua irakurri dute. Portzentaje hori % 66ra igotzen da gizonezkoen kasuan eta % 44ra jaitsi emakumezkoen kasuan; % 5ek azken liburua euskaraz irakurri dute, euskaraz badakitenen artean % 10ek; % 16k formatu digitalean irakurri dute. 

Musika

Musikarekiko zaletasuna ere aztertu du Soziometroak, eta horren arabera, handia da biztanleen artean (% 81ek zaletasun handia edo nahikoa dutela adierazi dute). Hamarretik zazpik musika egunero edo ia egunero entzuten dute (% 67) eta hamarretik bik astean hainbatetan (% 18). Musika inoiz edo ia inoiz entzuten ez dutenak % 2 baino ez dira. Irratia edo telebista dira musika entzuteko gehien erabiltzen diren gailuak (% 45) eta bigarren erabiliena interneten zuzenean entzundako musika da (% 24); gainera % 12k internetetik doan jaitsitako musika entzuten dute. Azkenik, % 9k erositako edo grabatutako musika entzuten dute (mp3, CD edo DVDak).

Halere, gazteenen artean joerak bestelakoak dira (18-29 urte bitartean); horiek batez ere zuzenean internet bidez entzuten dute musika (% 54k), eta bigarrenik internetez doan jaitsitako musika (% 16). Irratian edo telebistan entzuten dutenak % 13 baino ez dira eta erositako edo grabatutako musika % 8. Popa (% 38) eta rocka (% 36) dira oraindik ere musika estilo gustukoenak, maila apalagoan musika klasikoa (% 18), abesti herrikoiak (% 15), salsa eta merengea (% 12), ‘canción española’ delakoa eta rapa edo hip hopa (% 10 bi kasuetan). Azken estilo honek gorakada handia izan du azken urteetan (2006an % 4k soilik aipatu zuten gustukoenen artean). Kantautoreak, rantxerak eta Zartzuela, berriz, proportzio txikiagoan aipatu dituzten egun 2006 urtean baino. Biztanleen % 45ek aipatu dute azken 12 hilabeteetan kontzerturen batera joan direla eta % 23k musika disko, CD edo DVDren bat erosi dutela. 

Zinemagintza

Zinemagintzari dagokienez, inkestatutakoen artean hamarretik bederatzik astean behin gutxienez ikusten dute pelikula edo telesailen bat, gehienek telebistan. Pelikulak ikusteko zaletasuna ere hedatua dago, eta hamarretik zortzik diote asko (% 43) edo nahikoa (% 36) gustatzen zaiela. Hamarretik bederatzik astean behin edo gehiagotan ikusten dituzte pelikulak edo telesailak (% 26k egunero, % 44k astean hainbatetan eta % 18k astean behin gutxienez). Gehienek, hamarretik zortzik, telebistan ikusten dituzte pelikulak eta telesailak. Gazteenen artean erdia dira telebistan ikusten dituztenak batez ere, eta % 34k zuzenean interneten ikusten dituzte.

Bestalde, hamarretik sei azken urtean gutxienez behin joan dira zinema aretora pelikularen bat ikustera, eta hamarretik lau, berriz, ez dira joan. Zinemara joan direnen erdiak urtean hiru aldiz baino gutxiagotan joan dira (% 31). Biztanleen % 19k ikusi dute azken 12 hilabeteetan zehar pelikularen bat euskaraz; portzentajea % 36 da euskaraz dakitenen artean. 

Arte eszenikoak

Inkestaren arabera, hamar biztanletik lauk adierazi dute arte eszenikoak (antzerkia eta dantza) asko edo nahikoa gogoko dituztela (% 40), eta zenbat eta helduagoak izan zaletuagoak dira. Azken 12 hilabeteetan % 26 joan dira antzerkira, % 20 bat-hiru aldiz, eta gainerako % 6a maizago. Hamarretik zazpi ez dira behin ere joan antzerkira (% 72), lirika eta dantza ikuskizunetara gutxienez behin biztanleen %13 joan dira azken 12 hilabeteetan.

Euskaraz dakiten inkestatutakoak gehiago joan dira azken urtean antzerkira (gutxienez behin % 32), ez dakitenak baino (% 18). Eta euskal hiztunek ikusitako antzerkietatik baten bat euskaraz ikusi zuten % 44k: % 11k ikusitako emanaldi denak, % 6k erdia baino gehiago, % 15ek erdiak eta % 12k erdia baino gutxiago.

Bertsogintza

Bertsogintzarekiko zaletasunaz ere galdetu da Soziometroan, eta horren arabera % 21 dira (asko edo nahikoa) bertsozaleak, euskal hiztunen artean herena (% 33). Euskal hiztunen % 25 joan dira azken 12 hilabeteetan bertsolariak ikustera edo entzutera.

Halaber, azkeneko bertsolari txapelketaren berri biztanleen erdiek izan dute (% 47), eta euskal hiztunen % 67k. Baina bertsolari txapelketaren berri izan dutenen erdiek baino ez zekiten nork irabazi zuen txapelketa (% 51k), euskal hiztunen % 70ek. 

Museoak eta erakusketak

Hamar biztanletatik lauk museo eta erakusketetara joateko zaletasuna adierazi dute (% 15ek handia eta % 28k nahikoa). Azken urtean berriz biztanleen % 44 joan dira arte-museoren batera, % 16 zientzia museoren batera eta % 18 historia museoren batera.

Ikusitako arte erakusketetatik % 8 ziren bakarrik emakumezkoenak eta % 31 gizonezkoenak, gainerako % 43k erakusketa mistoak ikusi zituzten (gizonezko eta emakumezkoenak) edo ez dute galdera erantzun nahi izan, % 19k. Museo edo erakusketaren batera joan direnen artean hamarretik zazpik Euskadin kokatutako museo batera joan dira (% 68), gehienak Guggenheimera eta Bilboko Arte Ederren museora. 

Kultura jarduera

Azkenik, kultura jarduerari dagokionez, praktika kulturalen bat egiten dutenak hamarretik bi dira (% 20), gazteenen artean portzentajea apur bat handiagoa da (% 29). Horien artean, ohikoenak diren praktika kulturalak musika tresnaren bat jotzea (% 33), dantzatzea (% 25) eta arte plastikoak (% 24) dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau