Berriak Osasuna
Eu

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskadiko Elikagaien Establezimenduaren Erregistro berria sortu duen Dekretua onetsi du (Gobernu Bilera 2018-05-15)

2018.eko maiatzak 15

Gobernu Kontseiluak, gaur, Jon Darpón Osasun sailburuak proposatuta, Euskadiko Elikagaien Establezimenduen Erregistro berria (EAEEEE) sortu duen eta osasun-baimena eskuratzeko prozedurak edo elikagaien enpresa eta establezimenduek jarduera hasi aurreko jakinarazpena egitea arautzen dituen Dekretua onetsi du. Helburua da osasun publikoa eta pertsonen eskubideak babestea eta, horretarako, jarduera Euskadin egiten duten edo izen soziala Euskadin duten elikagaien enpresa eta establezimenduen jarduerak kontrolatzea.

Horrela, Dekretuak jaso duen bezala, EAEEEEn erregistratu beharko dira giza kontsumorako elikagaiak edo elikadura-produktuak, elikagaiekin harremanetan egoteko material eta objektuak eta elikagaiak prestatzeko erabiltzen diren laguntzaile teknologikoak helburu dituen jarduera betetzen duten enpresa eta establezimendu guztiak, baldin eta jarduera horiek ekoizpen, eraldatze, prestatze, ontziratze, biltegiratze, banaketa, garraio eta inportazioko kategoriaren batean sailkatu ahal badira.

Era berean, salmentarako edo in situ amaierako kontsumitzaileari entregatzeko elikagaiak manipulatzen, eraldatzen, ontziratzen, biltegiratzen edo zerbitzatzen dituzten elikagaien establezimendu eta enpresak, iraunkorrak edo sasoiaren araberakoak izan, etxeko edo kolektiboentzako banaketa izan ala ez.

Eta, halaber, maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretua (Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzen dituena) bete behar duten establezimenduak, ekoizpen primariorako direnak salbu.

Arauketa berriak aurreko 223/1996 legegintzako Dekretua ordezkatzen du, eta Europako araudira egokitzeko beharrezko aldaketak jaso ditu. Nobedade nagusietako batzuk dira honako hauek: inskribapena bakarra eta baliozkoa izateko, elikagaien establezimenduan baldintza berei eutsi beharko zaie; administrazio-izapideak eta osasun-baimena eta jarduera hasteko eta ondoko aldaketetarako aurretiko jakinarazpena argi bereizten ditu; sareko izapidetzea jasotzen du eta Erregistroko datuen publizitatea eta babesa arautzen ditu, eta horrek hobekuntza nabarmena ekarriko du elikagaien segurtasuneko prozeduren kudeaketan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko