Eu

Beatriz Artolazabal: “Familiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, politika publikoei tresna baliotsua ekarri diegu: Familiari Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Plana”

2018.eko maiatzak 15
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Familiari Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planaren testua eman dio Familiaren Euskal Kontseiluari, Lakuan
  • Gaur, maiatzaren 15a, Familiaren Nazioarteko Eguna

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/05/15

Gaur, asteartea, maiatzaren 15a, Nazio Batuek aurten “Familia eta gizarte inklusiboak” lemapean ospatzen duten Familiaren Nazioarteko Eguna denean, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Familiari Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planaren behin betiko testua eman dio Familiaren Euskal Kontseiluari, Lakuan, eta hark derrigorrezko txostena emango du, ez-loteslea, behin betiko Gobernu Kontseiluan onetsi aurretik eta, gero, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu aurretik.

 

Plana herrialdeko proiektua da”, Artolazabal sailburuaren hitzetan; “horren bidez, politika positiboak ezartzen ditugu familia eta haurrentzat. Familia-aniztasunarekiko errespetua oinarri izanik, Planaren bidez kontziliazio erantzunkideko politikak ezarri nahi dira, babesgabetasun- eta ahultasun-egoerei heldu nahi zaie, emantzipazio-prozesuei bide eman eta har-pobrezia prebenitu, besteak beste”.

 

Artolazabal sailburuak zera esan du: “xedea da euskal gizarte-politikak gizarte-inbertsioaren paradigmara egokitzea”. Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Plana aurreko legegintzaldian, “Familia eta Haurretan Inbertitzeko Euskal Estrategiarako Oinarrien Dokumentua” prestatzean, hasi zen lanaren amaiera da; oinarrien dokumentu horretan askotariko erakundeek, hirugarren sektoreko entitateek, ikasketa-munduko adituek eta kolektiboek parte hartu zuten”.

 

Prozesuan, euskal erakundeek, pasa den urtarrilean, “Familia eta Haurren aldeko Euskal Ituna” sinatu zuten. Artolazabal sailburuak esan duenaren arabera, “Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planak Familia eta Haurren aldeko Euskal Itun hori gauzatzeko neurri zehatzak jaso ditu”.

 

“Euskadi ez da hutsetik hasi gai honetan; izan ere, zenbait hamarkada daramatza familia-politikak garatzen” esan du sailburuak. “Lan horren emaitza da gure herrialdea dela familientzako laguntzetara partida ekonomiko gehien bideratzen dituen autonomia-erkidegoa; seme-alabak dituzten familien kasuan, eskubide subjektiboa eta unibertsala duten estatuko laguntza bakarrak dira. Orain, Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planak beste urrats batzuk eman nahi ditu, euskal familien egungo eta etorkizuneko premiei erantzuteko, kohesio eta ongizate hobea izateko”.

 

Familiaren Euskal Kontseilua gizarte-eragileek familiei buruzko politika publikoak diseinatzean partaidetza bideratzeko kontsulta-organoa da; bertan, euskal erakundeek eta hirugarren euskal gizarte-sektoreko entitateek parte hartzen dute. Beatriz Artolazabalekin batera izan dira Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Ernesto Sainz Familia Politika eta Aniztasuneko zuzendaria eta Amaia Arteaga Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendaria.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak