Berriak Osasuna
Eu

Bizkaiko anbulantzien aurkako erasoaren gaitzespena

2018.eko maiatzak 12

Gaur goizeko lehen orduan Arrigorriagako (Bizkaia) industrialde batean egon den suteak Ambuibérica enpresaren 35 anbulantzietan izan du eragina. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak salatu egiten du, erabat, funtsezko elementuei, kasu honetan pertsonen osasunerako oinarrizko zerbitzua bermatzen duten anbulantziei, eraso egiten dien ekintza bandaliko hura. Zalantzarik gabe, horrelako ekintzek erakusten dute ekintza horien sustatzaileak erabat arduragabeak direla, eta gizalegearen kontrako portaerei erantzuten diete, euskal gizarteak onartu ezin duen gutxieneko etikarik gabeko portaerei.

Jakinarazten dugu ekintza hori izan dela, justu, sabotajea jasan duen enpresak, Ambuibéricak, datorren gauean, 00:00etan, Bizkaiko garraio-zerbitzu programatua hasiko duenean,orain arte Ambulancias Bizkaiak (Emerbask) kudeatzen baitzuen zerbitzua. Adjudikazioduna aldatu da, Ambulancias Bizkaiak gaur egun duen kontratua pasa den uztailaren 31n amaitu zelako eta, administrazio-kausak direla eta, zenbait hilabetez luzatu ondoren, zerbitzua lehiaketa publiko bidez Ambuibérica enpresari esleitu zitzaiolako. Bizkaiko garraio programaturako kontratu berriak urtebeteko iraupena du, eta beste urtebetez luza daiteke, eta 17 milioi euro baino gehiagoko kostua du.

Esan nahi dugu azken egunotan Bizkaian anbulantziei eginiko sabotajeak ezin direla lan-gatazka baten erantzun gisa ulertu, nahiz eta hori den, antza denez, iritzi publikoari ulertarazi nahi zaiona; izan ere, plantillaren % 100 subrogatu egingo da, eta ez dira aldatuko 350 langileen lan-baldintzak eta gaur egun martxan dagoen sektorearen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa.

Bestalde, jakinarazi nahi dugu Ambuibérica enpresak, dagoeneko, Euskadin lan egiten duela eta Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak zerbitzu publikoa emateko edozein enpresari eskatzen dizkioten eskakizun zorrotz guztiak betetzen dituela. Are gehiago anbulantzien zerbitzuak pertsonengan duen garrantzia eta eragina kontuan hartuta.

Azkenik, eta gure elkartasuna eta laguntza erakutsi ondoren kalteak jasan dituen enpresari eta osasun-garraioaren sektoreko langile guztiei, dugun erantzukizunetik, Osasun Sailak lasaitasun-mezua zabaltzen die herritarrei; izan ere, garraio-zerbitzua bermatuta dago eta zerbitzuak ematen dituzten enpresekin kalitatea hobetzeko lanetan jarraituko dugu.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 12a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau