Berriak Lehendakaritza
Eu

Katalunia zoriondu du Lehendakariak president bat dutelako etapa berri bati hasiera eman ahal izateko

2018.eko maiatzak 15

Gobernu Kontseiluaren ondoren gaur izan den prentsaurrekoan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Lehendakaria atzo jarri zen harremanetan Kataluniako president berria den Quim Torrarekin, eta zorionak emateaz gain Eusko Jaurlaritzaren nahia adierazi zion, Kataluniako bizitza politikoan hemendik aurrera etapa berri bati hasiera eman ahal izan diezaioten, eremu politikoan eta instituzionalean elkarrizketaren eta akordioaren bidea berreskuratzeko. Gainera, Lehendakariak adierazi dio Eusko Jaurlaritza prest dagoela euskal Exekutiboaren eta Kataluniakoaren artean Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu aurretik lehen izandako kontaktu eta lankidetza sektorialeko agendari berriro heltzeko.

Horren haritik, Erkorekak adierazi duenez, 155. artikuluaren aplikazioari eta Senatuaren ebazpenari buruz, zeinaren bidez Katalunian aplikatzea erabaki baitzen, Eusko Jaurlaritzak egiten duen irakurketa hauxe da, behin Govern de la Generalitat eratu eta gero, 155. artikuluaren aplikazioa desagertuko litzatekeela. “Ez ditugu ulertzen ez eta gutxiagorik partekatzen ere beste talde politiko batzuen aldetik egiten diren irakurketak eta interpretazioak, Ciudadanos-en aldetik nabarmena izanik”. Euskal Exekutiboko bozeramaileak adierazi duenez ez da “zoritxar-igarle” izango etorkizunari begira gertatuko denaren inguruan, eta esan duenez une honetan hobe da baikor jokatzea, garrantzizkoena baita azpimarratzea Exekutibo bat eratu ahal izango dela, elkarrizketaren eta akordioaren bidea berreskuratzea ahalbidetuko duen etapa berri bati hasiera eman ahal izateko.

Gasteiz, 2019ko Final Four-en egoitza

Bestalde, kirol munduarekin lotutakoa izan da gaurko prentsaurrekoan hizpide izan den beste gai bat. Hala, gaur goizean jakin ahal izan denez, Vitoria-Gasteiz izango da 2019an Saskibaloiko Final Four-en egoitza. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, aretoan zenak kulturari buruzko Soziometro azterlan bat aurkezten, adierazi du garrantzi handiko berria dela Arabako hiriburuarentzat eta Euskadi osoarentzat.

Sailburuak azaldu duenez, Arabako Foru Aldundiarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin batera aritu da Eusko Jaurlaritza kandidatura hori bultzatzen. “Ekitaldi horren garrantziaren erakusgarri dugu berau antolatu izan duten hirien zerrenda: Belgrado, Istanbul, Berlin, Madril, Milan, Londres, Bartzelona, Paris, Atenas eta Praga. Saskibaloiaren mundua maila horretan kokatuko du Gasteiz”, adierazi du sailburuak.

Zupiriak azpimarratu nahi izan du, dena ondo irten dadin, beharrezkoa izango dela gizarte osoaren lankidetza, eragile ekonomiko eta sozialena batik bat. “Halako ekitaldi batek ekar dezakeen aberastasun ekonomikoa Euskadirekin partekatzeko aukera ematen digu, eta baita garena, herrialde irekia eta kirolzalea alegia, proiektatzeko eta Gasteiz errespetuan oinarritutako saskibaloiaren hiriburuan kokatzeko ere”.

Bilboko hotel batzuek hartu zuten erabakiari buruz kazetariek galdetuta, logelen prezioa igotzekoa joan den asteburuan izandako errugbiko finala zela-eta, Sailburuak adierazi duenez, halako ezaugarriak dituen ekitaldi bat ekartzea instituzioek egiten duten ahaleginari esker da; dena ondo irteteko, ordea, beharrezkoa da eragile sozialen eta ekonomikoen ahalegina, instituzioei ekitaldi horien antolamenduan eta garapenean laguntzeko. Halako ekitaldi bat ekartzea lortu ondoren, “konpromisoa denok hartu behar dugula uste dut, instituzioek, hotelek, ostalariek… dena ondo joan dadin. Bada esaera bat: sobera sakatu, zorroa lehertu. Uste dut kontuz ibili beharko genukeela guri horrelakorik ez gertatzeko eta instituzioetatik halako ekitaldi bati ematen diogun babesa inbertsio bihurtzeko etorkizunari begira”, amaitu du esanez.

Hezkuntza

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gaurko Gobernu Kontseiluak adostutako erabakien berri eman du. Horien artean, esaterako, hezkuntzari bideratuta dagoen diru-laguntza dago. Bozeramaileak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak 32,3 milioi euroko gastua baimendu du, Euskadin hezkuntza berezia ituntzeko, datorren 2018-2019 ikasturterako.

Diru kantitate horren bidez, itunpeko ikastetxeetako Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko baliabide profesionalak finantzatuko dira. Hala, programa horri esker, ikasleek ikasgela berezi irekietan ikasi ahalko dute, beren prestakuntza errefortzu bereziarekin osatu ahalko dute eta laguntza jaso ahalko dute, ikaskuntza eta etekina hobetzeko.

Era horretan, Erkorekak azaldu du amaitzear dagoen ikasturte honetan hezkuntza berezi irekiko 457 ikasgela jarri dira martxan eta 5.392 ikasleri eman zaie arreta; Pedagogia Terapeutikoko 458 irakasleren kontratazioa finantzatu da, eta Errefortzu bereziko 75 proiektu eta ikaskuntza eta etekina hobetzeko 48 programa itundu dira. “Bi proiektuetan, hezkuntzako 123 profesionalek lan egiten dute, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker”, nabarmendu du.  

Arkitektura Garaikidearen Institutua

Ildo berean, gaurko saioan Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua sortuko dutela erabaki dute, eta institutu berri hori Donostian egongo dela erabaki dute. Beraz, Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua Santa Teresa komentuan egongo da; balio historiko handiko eraikina da, 2004an birgaitua, eta Donostiako alde zaharrean dago. Institutuak 1.386 metro koadro izango ditu, hiru solairutan banatuta eta, bertan, MUGAK - Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren egoitza eta bulegoa egongo dira.

Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua arkitekturaren, hiriaren eta ingurunearen inguruko topaleku eta eztabaida-gune izango da. “Nazioartean erreferentziazko zentro bilakatzeko sortuko da. Helburu bikoitza izango du: batetik, Euskal arkitektura garaikidea zabaldu eta sustatzea, eta, bestetik, Arkitekturaren inguruko jarduerak antolatzeko gunea eta topaleku iraunkorra eskaintzea”, azaldu du Erkorekak.

Arkitekturarako laguntzak

Era berean, gaurko saioan Arkitekturako Goi Eskolarekin lankidetza-hitzarmena onartu du Eusko Jaurlaritzak, Euskadin arkitekturaren eta hirigintzaren azterlana, sustapena eta zabalkundea sustatzeko. Hitzarmen horren bidez, I+G+b eraikuntzako sistema eta materialetan aplikatzea sustatzen da, ingurumena babes ditzaten. “Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du etxebizitza berriko edo eraikitzen duen etxebizitza birgaituko sustapenetan sartzeko”, azaldu du Jaurlaritzako bozeramaileak. 

Hitzarmenak 720.000 euro izango ditu, “Giza Garapen Jasangarrirako” funtsezko gaietan laguntzeko, besteak beste: Eraikuntzako ezarpen-ereduak aztertzea; bertan, paisaia-eragina, irisgarritasuna eta mugikortasuna, garapen berriak eta klima-aldaketa, etxebizitzak garraio publikoarekin duen harremana aztertuko dira; Eskakizun sozial berrietara, familia- eta bizikidetza-ereduetara egokitutako arkitekturak garatzea; eta Europako gomendioekin bat datozen eta ingurumenarekin errespetuzkoak diren eraikuntzako material eta sistema berriak.

Elikagaiak erregistratzea

Gaurko batzarrean “Euskadiko Elikadura Establezimenduen Erregistro” berria sortzea onartu du Gobernu Kontseiluak, bai eta enpresek eta establezimenduek beren jarduera ekonomikoari ekin ahal izateko derrigorrezko osasun-baimena eskuratzeko prozeduren arauketa ere. “Gure helburua da osasun publikoa eta pertsonen eskubideak babestea eta, horretarako, elikagaien enpresa eta establezimenduen jarduerak kontrolatzea”, azaldu du Josu Erkorekak.

Hala, aurrerantzean, elikagaien inguruko jarduera edo elikagaiekin harremanetan egongo diren elikagaiak, materialak eta objektuak saltzeko lokal guztiak erregistro berri horretan inskribatu beharko dira. “Elikagaiak ekoizteaz, eraldatzeaz, prestatzeaz, ontziratzeaz, biltegiratzeaz, banatzeaz, garraiatzeaz edo inportatzeaz arduratzen diren establezimenduez ari gara”, esan du.

Arauketa berri horrek Europako araudira egokitzeko beharrezko aldaketak sartzen ditu. Erregistroa sortzeaz gainera, honako hauek ere baditu nobedade: Inskripzio bakarra eta baliozkoa, baldin eta elikagaien establezimenduan baldintza berei eusten bazaie; Lokal horiek egin behar dituzten administrazio-izapideak argitzen eta sinplifikatzen ditu, eta Erregistroko datuen publizitatea eta babesa arautzen ditu, elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak hobetzeko.

Gai ordena

Prentsa txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak