Berriak Osasuna
Eu

Jon Darpon: “Euskal osasun sistema publikoaren kalitateari eutsiko bazaio, bultzada eta prestigioa eman beharko zaio erizaintzaren egitekoari”

2018.eko maiatzak 11

2018ko maiatzaren 12a, Erizaintzaren Mundu Eguna

JON DARPON: “EUSKAL OSASUN SISTEMA PUBLIKOAREN KALITATEARI EUTSIKO BAZAIO, BULTZADA ETA PRESTIGIOA EMAN BEHARKO ZAIO ERIZAINTZAREN EGITEKOARI”

Erizaintzako profesionalek egiten duten lanari euskal gizarte osoak egiten dion aitorpena adierazi du Osasuneko sailburuak, eta erizaintzaren egitekoa osasunaren eta erkidegoaren arreta-maila guztietan indartzearen alde Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustua berretsi du

 

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak adierazi du Erizaintza dela gure osasun-sistemaren oinarrizko zutabeetako bat, eta funtsezkoa dela zahartzearen, kronikotasunaren eta mendekotasunaren erronkei erantzuteko.

Bihar, maiatzaren 12an, Erizaintzaren Mundu Eguna ospatzearen bezperan, Jon Darpon sailburuak, euskal gizarte osoaren izenean, esker ona eta aitorpena adierazi nahi izan du erizaintzako profesionalek egunero Euskadi osoan egiten duten lanagatik.

Era berean, erizaintzako profesionalek osasun eta erkidego-arretaren maila guztietan betetzen duten egitekoari bultzada eta prestigioa emateko Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzak egiten duen apustua berretsi nahi izan du.  

Nabarmendu duenez, erizaintzako profesionalen zainketak pazientearen balorazio integrala du abiapuntu, “pazientearen osasun-premiak ez ezik, premia psikologikoak eta sozialak ere hartzen ditu aintzat, baita osasunaren gizarte-determinatzaileak ere”. Zainketa horrek pazienteen osasun-pedagogian eta ahalduntzean ere eragina du, “betiere, hurbiltasun handienetik eta artatzen dituzten pertsonen segurtasuna zainduz”.

Bere iritziz, erizaintzak gero eta prestakuntza hobea du eta gero eta konpromiso handiagoa du pazienteekin eta osasun-sistemarekin, eta hori ezinbestekoa da etorkizunean ere Osakidetzak eskainitako asistentzia-kalitatea bermatzeko, duela 35 urte sortu zenetik eskaintzen duen kalitateari eusteko.

ERIZAINTZAKO 8.000 PROFESIONAL OSAKIDETZAN

Jon Darponek aditzera eman duenez, gaur egun erizaintzako ia 8.000 profesionalek egiten diote zerbitzu erkidegoari Osakidetzan. Arreta-maila guztietan eta zenbait rolekin egiten dute zerbitzu hori: erizain jeneralistak; emaginen gisako espezialistak; osasun mentaleko edo lan-osasuneko erizaintzako profesionalak; arreta-programetako koordinatzaileak, hala nola baheketakoak —bularreko minbizia, zerbixeko minbizia…— edo paziente aktibokoak; zuzendaritza-karguetako kudeaketa; irakaskuntza eta ikerketa; edo profesional eta espezialista berrien prestakuntza —horien artean dago familia eta komunitateko erizaintzako espezialista eta, datorren urtetik aurrera, pediatriako erizaintzako espezialista, lagungarria izango dena Osakidetza barruan lanbide hori garatzeko eta indartzeko—.

Ildo horretan, azken urteotan, Osasun Sailak eta Osakidetzak erizaintzan garatzen ari diren estrategia berrietarako oinarriak finkatu dituen lantaldea bultzatu dute: praktika aurreratuko erizaintzako langileak eta ospitale-loturako erizaintzako profesionalak, asistentziaren jarraitutasuna ziurtatzeko funtsezko elementu diren aldetik; pazienteen kupoa eta erizaintzako profesionalaren aukeraketa lehen mailako arretan —gutxi barru dekretu baten bitartez gauzatuko dena—; zenbait  osasun-arazo artatzeko erizaintzako kontsulta; pertsona kalteberen eta adinekoen etxeko erizaintza-arreta; eta erizaintzak zenbait sendagai eta produktu sanitario preskribatzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 11

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau