Berriak Lehendakaritza
Eu

Herritarren gehiengoa, bigarren mailako eta unibertsitate mailako hezkuntzan, euskaraz egindako ikasketak baloratzeko Eusko Jaurlaritzaren proiektuaren alde agertu da

2011.eko urtarrilak 21

Herritarren %37 euskaraz ongi edo nahikoa ongi mintzatzen dira, %24 zertxobait eta %39 ezer ez

Elkarrizketatutako pertsonen ADINA kontutan hartuta portzentaje hauek dezente aldatzen dira. 15-17 urte bitarteko gazteen %67k adierazi dute euskaraz ongi edo nahikoa ongi mintzatzen direla. 18-29 urte bitartekoen artean portzentaje hori %58koa da. Eta ondorengo adin-tarteetan portzentajeak behera egiten du: 30-45 urte bitartekoen artean %34 dira, 46-64 urte bitartekoen artean %28 eta 65 urtetik gorakoen artean %26.

Euskara gehiago erabiltzen da familian eta lan edo ikasketa esparruetan lagunartean baino. Elkarrizketatuen %17k familiarekin beti euskaraz egiten du edo euskaraz gaztelaniaz baino gehiago (euskaraz ongi edo nahikoa ongi hitz egiten dutenen artean %44k). Lantokian edo ikasketa esparruetan %19k egiten dute beti euskaraz edo euskaraz gaztelaniaz baino gehiago (ongi edo nahikoa ongi hitz egiten dutenen artean %45ek) eta lagunekin %13k hitz egiten dute beti euskaraz edo euskaraz gaztelaniaz baino gehiago (ongi edo nahikoa ongi egiten dutenen artean %32k).

Ikasketa ahalegina. Elkarrizketatutako pertsonen %39k adierazi dute joan direla noizbait euskara klaseetara, eskolaz kanpo. Horietatik, %72k hiru urte edo gutxiago eskaini dizkiote ikasketa horri.


Pertzepzioak, iritziak eta jarrerak

Euskal herritarren hizkuntza ala hizkuntzak. Herritarren %54k euskara euskal herritarren berezko hizkuntza dela uste dute, aitzitik, %34k uste dute euskara euskal herritarren hizkuntzetako bat dela, ez hizkuntza bakarra.

Aukera eta prestigioa. Elkarrizketatuen %85k uste dute, gaur egun, Euskadin, euskaraz hitz egiten jakiteak aukera gehiago ematen dizkiola pertsona bati, gutxiago dira prestigio gehiago ematen diola pentsatzen dutenak (%45).

Eskola. Herritarren %68k uste dute “euskarraen garapena denborarekin konponduko dela, neska-mutilek eskolan dagoeneko ikasten dutelako”.

Hizkuntza politika


Baliabide publikoak. Hizkuntza politikarako aukera ezberdinen artean, herritarren %67k adierazten dute galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza bat bizirik atera nahi bada aldeko neurri politikoak hartu behar direla, nahiz eta guztien gogokoak ez izan, eta %64k uste dute ezinbestekoa dela euskararen sustapenean diru publikoa gastatzea.

Euskara administrazio publikoan. Zehazki, langile publikoen hizkuntza gaitasunari dagokionez, herritarren %72 ados agertu dira adierazpen honekin: “ezinbestekoa da jendearen aurrean lan egiten duten funtzionarioek euskaraz hitz egitea”. Eta %69k uste dute “EAEn lan egiten duten funtzionario guztiek euskara ikasi beharko luketela”.

Eusko Jaurlaritzaren azken neurriak

Ikasketak euskaraz burutu dituztenei euskararen ezagutza-aitortza emateko neurrien inguruan, derrigorrezko ikasketak euskaraz osatzen dituztenek euren euskararen ezagutza mailari buruzko agiri ofizialen bat jasotzearen alde agertu da gehiengoa (%84), eta %77 ados daude unibertsitate mailako ikasketak euskaraz egiten dituztenek EGAren baliokide den titulu ofizial bat jasotzearekin.

Fitxa teknikoa

Telefonoz egindako ikerketa honek euskararen erabileraren  inguruko hainbat eremu lantzen ditu: erabilera maila, erabilera esparruak, pertzepzioak eta jarrerak, eta hizkuntza politika. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, administrazioaren aurrean kreditatzeko garaian, bigarren mailako hezkuntzan eta unibertsitatean euskaraz egindako ikasketei aitortza emateko ekimenari buruzko iritzia ere jaso dugu.

Ikerketa honen zehaztasun teknikoak zabaldu den txostenean kontsulta daitezke. Lagina 15 urtetik gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 1.806 lagunek osatua da. Informazio bilketa 2010eko abenduaren 16 eta 21 bitartean egin zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Victor Urrutia