Berriak Segurtasuna
Eu

Basauriko Ertzain-etxea birmoldatzeko proiektuaren aurkezpena

2018.eko maiatzak 10

Lanen bidez eraikina hirian integratu nahi da, herritarren arretan gertutasuna lortzeko

 

 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Basauriko alkate Andoni Busquetek gaur goizean aurkeztu dute Basauriko Ertzain-etxea eraberritzeko proiektua. Planean aurreikusten da erreforma osoa egitea Ertzain-etxea hirian integratzeko, herritarren arretan gertutasuna lortzeko eta guneak egokitzeko, alde batetik, funtzionaltasun handiagoa izateko eta, bestetik, genero-indarkeriaren biktimei arreta atseginagoa eman ahal izateko, eta laguntzaileak, adinekoak edo adingabeak zain egoteko areto espezifikoak ere izango dira.

 

Ertzaintzaren Azpiegiturak Kudeatzeko Plan Orokorraren baitan, Segurtasun Sailak beste polizia-eraikin batzuetan, hala nola, Ondarroako Ertzain-etxean eta Zabalburuko herritarren arretarako bulegoan edo Loiukoan, egindako beste eraberritze-lan batzuetan jarraitu dituen irizpide berberekin egingo dio aurre Basauriko Ertzain-etxea birmoldatzeko lanari.

 

Lau dira Euskadiko ertzain-etxeetako obra berriak egiteko kontuan hartzen diren alderdiak: irisgarritasun unibertsala, hirian integratzea, jasangarritasuna eta energia-efizientzia eta Segurtasun Sailak herritarrei arreta ematearen arloan duen ikuspegi berria, eta, horretarako, besteak beste, genero eta etxeko indarkeriaren biktimei arreta emateko aretoak egokituko dira atseginagoak izan daitezen.

 

Modernizazioa

 

“Ondarroako Ertzain-etxean bezala, Basaurikoan bere beste urrats bat emango da, eta hirian integratuko da, herritarrei arreta emateko guneak handitu eta modernizatuko dira, irisgarritasun-baldintzak hobetuko dira eta energia-efizientzia integratuko da”, esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak polizia-eraikina birmoldatzeko aurkezpenean. Sailburuak, bestalde, azpimarratu duenez, lan horiekin “eraikinaren irudia hobetu nahi da herritarrentzat, eta espazio irekiak utziko dira, hormarik eta itxiturarik gabe, hiri-bilbean integratuta, Ertzaintzari ikusgaitasuna emateko eta lan guneak hobetzeko”.

 

Aurreikusitako inbertsioa guztira 600.000 eurokoa da, proiektua 2018an eta 2019an gauzatuko da. Lehenengo fasean, aurrengo urtean, aparkalekua egokitu eta konponduko da, sarrerako markesina eta itxitura kenduko dira eta 335 m2 hiri-bilbean integratuko dira, eraikinaren sarrera nagusia hobetuz. Era berean, herritarren arretarako guneak handituko dira, 60 m2-ko atondoa egingo da, genero-indarkeriaren biktimentzako aretoak eta laguntzaileak, haurrak edo adinekoak zain egoteko gelak egokituko dira eta helburua izango da arreta zuzena ematea, beirazko mostradorerik eta irisgarritasun-mugarik gabe.

 

2019an eraikinaren barruko lanak egingo dira, igogailu bat jarriko da eta solairu guztietako sarbideak hobetuko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Andoni Busquet, Basauriko alkatea