Eu

Josu Erkorekak eta Enrique Lucasek karrera judizialeko eta administrazio publikoetako profesionalentzako bigarren prestakuntza jardunaldia inauguratu dute

2018.eko maiatzak 10
  • Jardunaldia IVAPek antolatu du, eta “Epaile nazionala Europako epailea den aldetik” izenburua du; bertan, Donostiako Miramar Jauregian, gaur eta bihar bitartean, unibertsitate-mailako mundu juridikoko eta mundu juridiko judizialeko aditu ezagunak batuko dira

 

 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak, eta Enrique Lucas Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) Euskadirako duen kideak, gaur arratsaldean, “Epaile nazionala Europako epailea den aldetik” inauguratu dute, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, BJKN-rekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, Euskadiko epailetzako eta magistraturako eta administrazio publikoetako profesionalei prestakuntza emateko antolatzen dituen mintegien bigarren edizioa.

Bigarren edizio hori, iaz egin zen lehenengoa bezala, Ricardo Alonso Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta Juan Ignacio Ugartemendia Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunek zuzentzen dute. Oraingoan, foroan parte hartuko duten unibertsitate-mailako mundu juridikoko eta mundu juridiko judizialeko zortzi aditu ezagunek estatu kideen zuzenbideak Justizia Auzitegiaren jurisprudentzian duen garrantzia, Europako Zuzenbideak epaile arruntaren eta konstituzio-epailearen aurrean duen gailentasuna edo Europar Batasuneko zuzenbidea hausteagatiko erantzukizun publikoa aztertuko dituzte.

Lehenengo saioan, gaur arratsaldean, Ricardo Alonsok eta Juan Ignacio Ugartemendiak parte hartu dute, bai eta Jesús Cudero Blas Auzitegi Goreneko magistratuak ere. Bihar, ostiralean, honako hauek emango dute hitzaldia: Cándido Conde-Pumpido Konstituzio Auzitegiko magistratua; Joaquín Huelin, Diego Córdoba eta José Juan Suay Auzitegi Goreneko magistratuek; eta Leopoldo Calvo-Sotelo Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiko epailea.  

IVAP-BJKN HITZARMENA 

Epaile nazionala Europako epailea den aldetik” Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen, IVAPen, artean sinatutako hitzarmenaren ondoriozko bigarren prestakuntza-topaketa da. 

Bi erakundeek uste dute lankidetza horrek onurak dakarzkiela prestakuntza aldetik esleituta dituzten eginkizunak betetzeko, eta horregatik erabaki dute akordio hau beste urtebetez luzatzea. Horrela, Eusko Jaurlaritzak eta BJKNk konpromisoa hartu dute lankidetzan jarraitzeko, estatuko karrera judiziala osatzen dutenei eta Euskadiko administrazio publikoetako langileei zuzendutako ziklo, ikastaro, mintegi, solasaldi eta mahai-inguruak antolatzeko.

Iaz, “Europako gizarte-jurisprudentzia: De Diego Porras eta egungo beste gai batzuk” lehen jardunaldian aditu ezagunak batu ziren, eta Europako Zuzenbidearen aplikazioari buruz aztertu eta eztabaidatu zuten.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Enrique Lucas, vocal para Euskadi del Consejo General del Poder Judicial