Eu

BEAren kotxetegien eta Amerika Latinoan bidea lur azpian sartzeko lanen proiektuak egiteko Gasteizko Udalarekin duen konpromisoa berretsi du Eusko Jaurlaritzak

2018.eko maiatzak 10
  • Arantxa Tapia sailburuak eta Gorka Urtaran alkateak, milioi euro inguruko kostua izango duen Bus Elektriko Adimendunaren garapenerako hitzarmen osagarria sinatu dute gaur goizean.
  • Udalak aurreikusten duenez, lanak datozen asteetan lizitatuko dira.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizko hiriarekin duen konpromisoa berretsi du, Udalarekin hitzarmena sinatuz. Hitzarmen horren bitartez, Jaurlaritzak BEAren, Bus Elektriko Adimendunaren kotxetegiak eraikitzeko eta Amerika Latinako biribilguneko proiektuak finantzatzeko eta egiteko konpromisoa hartzen du. Bi proiektuek 960.000 euroko aurrekontua dute (BEZ barne).

Tapiak eta Gorka Urtaran alkateak, gaur goizean sinatu dute akordioa, Udaletxeko harreren aretoan egin den ekitaldian. Udalak aurreikusten duenez, BEAren lanak datozen asteetan lizitatuko dira.

Hitzarmenaren xedea bi erakundeen arteko lankidetza egituratzea da, etorkizunean BEAk hiriaren egungo 2. linea periferikoan eskainiko duen zerbitzuaren kalitatea are gehiago hobetzeko. “Jaurlaritzaren konpromisoa argia da”, gogorarazi du Tapiak.

Sailburuak adierazi duenez, helburua “Tuvisako kotxetegi berrien eraikuntza proiektua idaztea da, eta bertan egongo da Autobus Elektriko Adimendun sistemaren karga geldo sistema. Sistema horrek zerbitzuaren operatibitatea eta unitateen autonomia bermatuko ditu, ibilbidean Mendizorrotzan eta Bulebarrean egongo diren karga azkarrekin osatuz”.

“Baina, horrez gain, –azpimarratu du–, Amerika Latina plaza inguruko errepide sistemaren hobekuntzarekin eta egokitzapenarekin dugun konpromisoa adierazi nahi dugu. Gaur egun dagoeneko trafiko dentsitate handia jasaten duen puntuan ohiko ibilgailuak, autobus eta tranbia garraio publikoa eta autobus geltokirako sarrerak elkartzen dira. Eta etorkizunean BEA gehitu beharko zaie. Bat egiten dugu Udalak duen ardurarekin, eta beharrezkotzat ikusten dugu errepide sistemari hainbat kota izango dituen soluzioa ematea, inguru horretako garraio publiko sistemari erabateko arintasuna emateko”.

Helburu hori lortzeko, Eusko Jaurlaritzak Amerika Latinako biribilgunea askoz ere agertoki atseginagora egokitzea lortuko duen eraikuntza proiektua finantzatu eta gauzatuko du, garraio modu guztiek beharrezkoa den arintasunarekin zirkula dezaten Arabako hiriburuko trafiko dentsitate handieneko puntuetako batean.

Vitoria-Gasteizko Udalak, bere aldetik, eraikuntza proiektuen idazketan Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca (ETS) Erakunde Publikoarekin lankidetza teknikoa izateko konpromisoa erakutsi du.

“Amerika Latinari dagokion azterlana, Salvador Rueda Hiri Ekologia Ikasgelaren eskutik bultzatu dugun Mugikortasun Iraunkorrerako eta Espazio Publikorako Planaren berrikuspenean lortu behar ditugun aurretiazko datuak eskuetan ditugunean hasiko da. Horrek ingurune horretako trafiko soluziorik hoberena zehazteko aukera emango digu, dagozkion xehetasunak, epeak eta kostuak barne direla”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gasteizko alkateak “erakundeen arteko koordinazioa” ere azpimarratu du, “lantzen ari garen mugikortasun proiektuak bultzatzeko beharrezko tresna” gisa. “Hori gertatzen da tranbia Hegoaldera eta Salburuara luzatzean, eta baita BEAren ezarpenean ere”. Mugikortasun iraunkorraren, osasungarriaren eta elektrifikatuaren aldeko apustua da, hain zuzen ere, Udalak bultzatu duen 2025 udal estrategiaren ildo nagusietakoa. “Lehentasuna du barruko eta kanpoko komunikazioak hobetzeak, Vitoria-Gasteiz ondo konektatuta egon dadin, barrura eta kanpora begira. Hortik sortzen dira aipatutako proiektuak, eta baita Abiadura Handiko trenaren iritsiera eta trenbideak lur azpian sartzea, Tuvisaren autobusak berriztatzea eta Forondako aireportua indartzea ere”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Hasieran aurreikusitako kostua 960.000 eurokoa izango da (BEZ barne), eta 2018 eta 2019 ekitaldietan gauzatuko da. Aurten, partida 500.000 €-koa da, eta datorren urtean, 2019an, 460.000 eurokoa.

  1. linearen elektrifikazio integrala

BEAk, gaur egun Tuvisaren ohiko autobusek egiten duten 2. lineako ibilbidea egingo du. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta trazatuak gasteiztarren eguneroko bizitzan oso enblematikoak eta garrantzitsuak diren lekuak hartzen ditu, autobus geltokia, Txagorritxuko ospitalea, Eusko Jaurlaritza edo Mendizorrotza estadioa, besteak beste.

BEAk 10 kilometroko trazatua izango du, eta bertan 24 geraleku berri integratuko dira noranzko bakoitzean, gaur egun “ohiko” geralekuak dauden tokietan. Geralekuei dagokienez, markesinen estetika tranbiaren markesinen antzekoa izango da, baina 29”ko LCD pantaila handiagoa instalatu da OPIan, denbora errealean eskainiko den multimedia informazioa hobetzeko, itxaron beharreko denborari edo beste linea batzuekin dauden loturei buruzko datuak emanez.

Ibilgailuek aukerako karga sistema izango dute, goialdetik pantografoa ukituz, eta bi kargagailu daude proiektatuta linea bakoitzean, hau da zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bi: Bulebarrean eta Mendizorrotzan. Erabaki hori, karga sistemaren batek huts egiten badu ere zerbitzua ziurtatzeko xedez hartu da. Laburbilduz, etorkizuneko garraioaren eskakizunetara egokituz garapen teknologiko berritzaileak izango dituzten autobus %100 elektrikoek zirkulatuko dute Vitoria-Gasteizko kaleetatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaranek, Vitoria-Gasteizeko alkatea