Berriak Lehendakaritza
Eu

Errefuxiatuei harrera egiteko programak aztertzeko Mintegi batean ari da parte hartzen Eusko Jaurlaritza Londresen

2018.eko maiatzak 09
  • Elkarraldi tekniko bat da eta bertan ari dira aztertzen Babes Komunitarioak izenekoen Kanadako esperientzia
  • Euskadi da estatuz azpiko erakunde bakarra nazioarteko foro honetan parte hartzen

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandez eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando ari dira parte hartzen egun hauetan Babes Komunitarioko Programen garapenari eta inplementazioari buruzko mintegi tekniko batean, Londresen.

Kanadako Global Refugee Sponsorship Iniciative-GRSIrekin eta Britainia Handiko Barne Arazoetarako Ministerioarekin batera antolatutako mintegia da, eta bertan bildu dira hainbat herrialdetako ordezkariak ‒Argentina, Austria, Brasil, Kanada, Alemania, Irlanda, Espainia, Erresuma Batua, Uruguai, eta Euskadi, estatuz azpiko erakunde bakar gisa. Caroline Nokes Erresuma Batuko Migrazioko ministroa bileraren buru da.

Bihar, maiatzaren 10ean, amaituko da elkarraldia eta errefuxiatuei harrera egiteko eta babesa emateko proposamen desberdinak azaltzeko eta munduko beste herrialde batzuetan gai horretan ematen ari diren aurrerapausoak ezagutzeko balio izango du.

Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan adierazi izan du bere konpromiso solidarioa errefuxiatuekiko, eta baita bere asmoa ere bide berriak aztertzeko, errefuxiatu gehiago eta hobeto hartzeko aukera emango dutenak. Duela hilabete batzuk hasiak dira gauzatzen AUZOLANA esperientzia Euskadiko 7 udalerritan, eta azken asteotan AUZOLANA II izango litzatekeen horren diseinuan ari dira lanean, Babes Komunitarioa eredutzat hartuta.

Kanadako eredua

Zehazki, errefuxiatuentzako babes komunitarioko programen bitartez Kanadako Gobernuak abian jarritako ekimena aztertuko da. Formula horrek ahalbidetu egiten du errefuxiatuak berrezartzeko programa estatalak osatzea eta errefuxiatuen kopurua gehitzea, herritarren, GKEen edo beste talde interesatu batzuen ‒erakunde erlijiosoak edo tokiko agintariak‒ inplikazioaren eta auto-antolamenduaren bitartez. Ekimen horien bitartez, herritarrak taldetan antolatu eta babes ekonomikoa, soziala eta emozionala emateko konpromisoa hartzen dute, finkatutako aldi batean zehar, urtebetekoa normalean.

Hala, ereduak herritarren inplikazio-formula bat baino gehiago jasotzen ditu, errefuxiatuak hartu eta integratzeko prozesuez arduratu daitezen:

  • Babes Akordioen titularrak. Erakunde erlijiosoak edo humanitarioak dira, solidaritatearen eremuan esperientzia zabala eta ziurtatua dutenak, maila nazionalean, normalean.
  • G5. Bost pertsonak edo gehiagok osatutako taldeak, elkartu eta antolatu egiten direnak errefuxiatu bat edo gehiago babesteko erantzukizuna hartzeko.
  • Komunitateko babesleak. Herritar bat edo gehiago, erakunde baten babesean, tokiko mailan normalean, helburu horretarako ere antolatzen direnak.

Hartzen dituzten erantzukizunei dagokienez, ereduak hiru babes-modalitate jasotzen ditu:

  1. Babes komunitarioko taldeak babes ekonomiko guztien kargu egiten dira (12 hilabete) eta harrera- eta integrazio-prozesu osoaz arduratzen dira.
  2. Babes-taldeak eta Gobernuak % 50ean partekatzen dute babes ekonomikoa, eta babes sozialaz eta harrera- eta integrazio-prozesuaz arduratzen dira babesleak.
  3. Gobernua babes ekonomiko osoaren kargu egitean da (bi urte), eta babes sozialaz eta harrera- eta integrazio-prozesuaz arduratzen da babes-taldea.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak