Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak betetzat jo du Ekialde Ertaineko “atea zabaltzen hasteko” helburua

2011.eko urtarrilak 20

Euskal ordezkaritza, misio enpresariala amaitzeko, Iberdrolaren instalazioetan izan da eta Al Jazeera telebista-kateari elkarrizketa bat eman dio.

"Hemendik aurrerakoa da garrantzitsuena". Hori adierazi du lehendakariak Qatarren amaitu berri den misio enpresarialean Eusko Jaurlaritzak izan duen funtzioaren inguruan. Astean zehar topaketa eta bilera garrantzitsu ugari izan ondoren, euskal ordezkaritza "eramandakoa baino agenda zabalagoarekin" itzuli da Euskadira, berehala "egin beharreko etxeko lan askorekin". Lehendakariak azpimarratu du, egun hauetan egindako lanari esker, datozen urteetan Arabiar Emirerrietako eta Qatarreko garapen-proiektuetan erabaki garrantzitsuak hartuko dituztenekin harremanetan jarri direla enpresa eta merkataritza-ganberak, eta kontaktu eta aukera horiek "orain gauzatu egin behar direla". "Misio hau guztiz positiboa izan da", adierazi du.

Lehendakaria Qatarren izan den azken egunean, Udalen ministro Sheik Abdul Rahamn Bin Khalifa Bin Abdul Azziz Al Thani-rekin bildu da, euskal enpresek Qatarren izan ditzaketen garapen-aukerak aztertzeko. Lehen ministro-orde berri, Presidentziako ministro eta Errege Etxeko buru Abdullah Bin Hamad Al Attiyanh-ekin ere batzartu da lehendakaria. Ondoren, misio enpresariala Merkataritza Ganberaren egoitzan izan da, Qatarreko ganberaren eta euskal ganberen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko. Azkenik, lehendakaria eta Industria sailburu Bernabé Unda Energia eta Industriako ministro Mohamed Saleh Al Sada-rekin bildu dira, petrolioaren, gasaren eta energia berriztagarrien egungo egoera aztertzeko.

Arratsaldean, euskal ordezkaritza guztia Iberdrolaren instalazioetan izan da, euskal konpainia horrek Qatarren ematen duen zerbitzuaren funtzionamendua eta xehetasunak ezagutzeko. "Iberdrola da Qatarren izan dezakegun ordezkaritzarik onenetarikoa", adierazi du lehendakariak, instalazioak ikusi ondoren.

Lehendakaria Al Jazeeran

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak ere balantze positiboa egin du bere sailak aste honetan egindako lanaren inguruan; Euskadik industriaren eta enpresaren esparruan erabilitako zenbait formula azaltzen saiatu dira, besteak beste klusterrek eta lankidetza publiko-pribatuak nola funtzionatzen duten. Undak euskal enpresei zabaltzen zaizkien aukera berriak azaldu ditu eta, lehendakariarekin batera, jakinarazi die, merkatu globalizatuan lehiatu ahal izateko, "handiagoak" izan beharko luketela.

Prentsaurreko honetan, lehendakariak Al Jazeeran eman duen elkarrizketaren laburpena egin du eta ETAren azken komunikatuaren ondorengo egoera politikoa aztertu du. Azaldu du "itxaropena badagoen arren, ETAk ez duela esan desagertu egingo denik, eta horren aurrean zuhurtzia handiz ibili behar dela".

Lopez saiatu da azaltzen Euskadin, egun dugun autogobernua izanda, nolatan dagoen talde terrorista bat, eta ETAren inguruan izan ohi den irudi estereotipatua ezabatzen eta argi uzten ez dela "Estatu zapaltzailearen aurkako borrokan jarduten den banda independentista erromantikoa, errealitatea oso bestelakoa dela eta ETA dela euskal herria zapaldu nahi izan duena".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)