Eu

Mugaz gaindiko Euskal Liga proiektua aurkeztu du San Mamesen Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko errugbi federazioekin batera

2018.eko maiatzak 08
  • Ekimen berri honek hiru lurraldeen arteko loturak areagotzeko eta kirol maila hobetzeko aukera emango du; udazkenean jarriko da abian kanporaketa-formatuan eta 2020tik aurrera erregulartasunez egingo den Liga izango da.

 

Bilbo, 2018/05/08              

Datozen urteetan mugaz gaindiko Euskal Errugbi Liga bat garatzeko akordio berria aurkeztu du Bilbon Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko (Errugbi 64 Departamentu Batzordea) errugbi federazioetako ordezkariekin batera. Iparraldeko taldeen maila gorena eta bertan hain zabaldua den errugbi kultura baliatzea da Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen esparruan bultzatu nahi den proiektu honen helburua,  Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Iparraldeko Euskal Mankomunitateko taldeak batuz proiektu erakargarri baten inguruan. Lehiaketa berri hori datorren udazkenean jarriko da abian senior mailan, kopa- edo kanporaketa-formatuan, eta berau bultzatzen duten erakundeen nahia da 2020tik aurrera liga behin betiko irmotzea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria izan da buru proiektuaren aurkezpenean, ondokoekin batera: Euskal Errugbi Federazioko presidente Iñaki Laskurain; Nafarroako Errugbi Federazioko presidenteorde Joseba Etxauri, eta Iparraldeko 64 Departamentuko Errugbi Batzordeko presidente Alain Fariscot. Ekitaldia San Mamesen izan da, non ostiralean eta larunbatean jokatuko diren Challenge Cup eta Champions Cup errugbi txapelketetako finalak. Euskadiko errugbi klub nagusietako ordezkariak ere izan dira ekitaldian. Proiektua bultzatzeko mugarria izan zen hiru federazioak lankidetzan jarduteko sinatu zuten akordioa. Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskal Elkargoak ere babesten dute proiektu hau, eta Euroeskualdearen markoan garatzen ari da.

“Kirolaren ikuspegitik, Hegoaldeko taldeek beren maila teknikoa hobetzeko aukera izango dute proiektu honen bitartez: onenengandik ikasiko dute. Horrez gain, proiektu hau baliagarria izango da Euskadi, Nafarroa eta Iparralderen arteko harremanak sendotzeko. Asko partekatzen dugu kulturaren, hizkuntzaren eta kirolaren aldetik, eta horretan sakondu nahi dugu. Hirugarrenik, proiektua oso emankorra izango da errugbia gurean sustatzeko, eta hori inportantea da errugbia balioei loturiko kirol bat delako. Beste kirol batzuetan galduta dauden zenbait balio, oso presente daude diziplina honetan. Azkenik, Euskal Liga honek Euroeskualdearen proiektua irmotzeko aukera emango du, eta baita Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria ardatza ere”, azaldu du Zupiria sailburuak.

2020 funtsezko urtea

Pirinioetako bi aldeetako taldeen artean formakuntza-mailetan dagoeneko izaten ari den lankidetza goi-mailako errugbian ere finkatzea da proiektuaren helburua, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietan. Proiektua kudeatzeko erakunde bat ere eratuko datozen hilabeteotan. Datorren udazkenetik hasita euskal talde onenetatik gehienak biltzea da Euskal Errugbi Liga proiektuaren asmoa. Hasiera batean eta bi denboralditan, Euskal Liga hau kanporaketa-formatuan jarriko da abian, kopako txapelketa baten antzera, eta denboraldiaren amaieran neurtuko lirateke bi aurkari sendoenak.

Bi denboraldi iraungo lituzkeen egokitze-aldi horren ondoren, helburua da 2020tik aurrera liga-formatuan behin betiko abian jartzea Euskal Liga, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde onenekin, eta baita Iparraldeko talde sendoenekin ere, Biarritz Olympique-Pays Basque eta Aviron Bayonnais izan ezik; bi talde horiek Frantziako Top-14an egon izan dira hainbat hamarkadez, munduko Liga onenean alegia, eta Frantziako zilar-kategorian daude gaur egun (Rugby Pro D2).

“Bai Biarritz Olympique-Pays Basque eta baita Aviron Bayonnais ere lehiaketa-esparru berri honetan nolabait ere lankidetzan aritu ahal izatea nahi genuke. Begi onez ikusten dute bi klubek eta ziur gaude aurkituko dugula formula. Dena den, une honetan, bi taldeak daude beste lehiaketa-maila batean, maila profesionalean alegia, eta Euskal Liga honen lehen maila beheragoko maila batean dauden taldeek osatua izango litzateke. Hor egongo lirateke, adibidez, aurten Espainiako Lehen Mailan (Ohorezko Maila) parte hartu duten Euskadiko lau taldeak, eta baita Iparraldeko eta Nafarroako zenbait talde ere”, azaldu du Euskal Errugbi Federazioko lehendakari Iñaki Laskurainek.

Errugbiarentzat mugaz gaindiko jardute-esparru berri bat finkatzeko proiektuan senior maila eta prestakuntza-mailak sartzen dira, bai gizonezkoenak bai emakumezkoenak. Emakumezkoen proiektuari dagokienez, helburua da honen errealitatearen neurrira egokitutako proiektu bat bultzatzea, azken urteotan garatu diren mugaz gaindiko lehiaketei jarraipena emanez. Izan ere, mugaren bi aldeetako klubek eta federazioek urteak daramatzate elkarlana sustatzen selekzioen inguruan edo formazioaren alorrean, eta ekimen honek lankidetza hori egituratu nahi du.

Errugbia sustatzen elkarlanean aritzeko hiru lurraldeetako federazioek azken urteetan sinatu izan dituzten akordioetan du sorburua proiektu honek. 2016an Euskal Errugbi Federazioak hitzarmen bat sinatu zuen Cote Basque-Landas Batzordearekin, mugaz gaindiko jardute- eta lehiaketa-esparru berri bat garatzeko. Azken urte honetan IRIZAR Mugaz Gaindiko Txapelketaren lehenengo edizioa jokatu zen, eta bertan parte hartu zuten Ohorezko Mailako Euskadiko 4 klubek eta Iparraldeko 4 klubek. Txapelketa horrek Akitania-Euskadi Euroeskualdearen diru-laguntza jaso zuen.

2017ko martxoan Nafarroako Foru Komunitatea elkartu zen Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdera, ardatz hori kirolaren eremutik indartzera zuzendutako ekimen gisa proiektu hau babesten duen erakundera, alegia. Gainera, 2017ko urrian, Nafarroako Errugbi Federazioa ere elkartu zen akordiora errugbiarentzat mugaz gaindiko jardute-esparru berri bat garatzeko.

Testuinguru horretan, azken hilabeteetan, aurrerapausoak ematen ari dira proiektu hau hezurmamitzera zuzenduak, prestakuntza-mailako errugbitik hasi eta senior mailako lehiaketaraino. “Kirolaren ikuspegitik, ez du batere zentzurik Euskal Autonomia Erkidegoa Iparraldeari bizkarra emanez bizitzea; buelta eman nahi diogu egoera horri. Proiektu honek aukera emango du Hegoaldean maila teknikoari dagokionez onenengandik ikasteko, gure maila hobetzeko eta gizartean kirol honekiko zaletasuna areagotzeko, errugbiaren inguruan kultura-maila izugarri handia duen lurralde horretan txertatzean. Iparraldean errugbiaren eragin-eremua zabaltzea lortuko da, adin kritiko batean gertatzen ari den despopulazioaren eraginez urritua (gazte askok uzten dute Iparraldea unibertsitateko ikasketei ekiteko adinean, ohitura berriak zabaldu dira gizartearen eta kirolaren arloan…), eta suspertu egingo da gizarte-mailan, jokalarien, kluben, erakundeen eta publikoaren itxaropenei erantzungo dien produktu berri bat eskaintzean. Proiektu honetan denok ateratzen gara irabazten, eta ez bakarrik kirol-mailan", amaitu du Laskurainek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak