Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak esker ona erakutsi dio Eurobasque-ri, Europa federal bat eraikitzen eta Europak herrien aniztasuna errespeta dezan lagundu duelako Eurobasque-k

2018.eko maiatzak 09
  • Europaren Egunean eman dio Iñigo Urkulluk Lagun Onari goraipamena Eurobasque-Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluari

Gaur goizean, Europaren Eguna den honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak Lagun Onari goraipamena eman dio Eurobasque-Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluari, Euskadiren balio demokratikoak, historia, ekonomia eta kultura Europan hedatzeko egindako lana aitortzeko.

Eusko Jaurlaritzaren goraipamen nagusienetako bat emanez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa hauxe izan da, lehendakariaren hitzetan: “pertsona batzuk omendu nahi ditugu; horiek egindako lan onari zor baitzaio herri txiki bat aritu izana, eta gaur ere aritzea, gizadiaren historiaren proiektu liluragarrienetako bat garatzen: Europa batua.”

Lehendakariak aipatu du aurrera doala Europaren eraikuntza eta, ezkortasunean hamar urte eman ondoren eta zenbait gertaera kaltegarri gainditu ondoren, ematen duela Europak berriro hartu duela abiada. Beraz, hurrengo hilabeteak aukera paregabea izan daitezke –lehendakariaren iritzian– Europako Mugimenduaren eta Eurobasqueren lana abiarazi zuten balioak berreskuratzeko.

Balio horien ildoan, “gaur, orduan bezala, Europako nazioek premiazko betebehar bat dugu: batasun ekonomiko eta politiko bat sortzea, bermatzeko bai segurtasuna eta aurrerabide soziala, bai oinarrizko eskubideak errespetatzea eta demokrazia soziala gauzatzea.” – esan du.

EuroBasque orain dela 70 urte sortu zen, eta Nazioarteko Europar Mugimenduaren Euskadiko atala da. Irabazi asmorik gabeko elkarte honek gaur egun 110 kidetik gora ditu, eta kide horien artean erakundeak eta gizarte zibileko gizartearen, ekonomiaren eta politikaren arloko erakunde eta elkarteen, hau da, udalen, unibertsitateen, kultura-elkarteen eta sindikatuen ordezkariak eta Europako politikari eta adituak daude.

Kontseiluaren helburu nagusiak dira Euskadiren eta beste herri, eskualde eta nazio batzuen arteko harremanak sustatzea, gizarteari Europa batua eta aniztasuna errespetatzen duena behar dela ikusaraztea, Europar Batasuna eraikitzeko politika eta dinamizazio soziala eta ideal demokratikoa mantentzea; eta herritarrek Europako erakundeetan eta hauteskundeetan parte har dezaten sustatzea.

(*) Lagun Onari goraipamena 

Lagun Onari tituluak esker ona eman nahi die Euskal Herrikoak izan ez arren, beren ekintzekin Euskadiren alde egin duten pertsonei eta entitateei, euskal ekonomia sustatzen eta euskal historia eta kultura kanpoan ezagutarazten egindako lanagatik. Halaber, historian Euskal Herriak oso estimatuak izan dituen bertuteak eta baloreak agertzeagatik euskal herritarren lagunak direla aitortu nahi zaien pertsona fisiko nahiz juridikoei eman ahal izango zaie «Lagun Onari» goraipamena, euren eremua gizartea, kultura, ekonomia edo politika dela.

Hona hemen Lagun Onari goraipamena jaso dutenen zerrenda: Frantziako Errepublika; José Ignacio Sánchez Galán, enpresa-zuzendaria; Nevada estatua; Mexikoko Estatu Batuak; Argentinako Errepublika; Idahoko estatua;  Vaclav Havel, Txekiar Errepublikako presidentea;  Francesco Cossiga, Italiako Errepublikako eta Senatuko presidentea;   William A. Douglass, Nevadako Unibertistateko irakaslea, Basque Studies Program-eko katedraduna, antropologoa, historialaria eta ohorezko euskaltzaina; Eduardo Frei, Txileko Errepublikako presidentea; Julio María Sanguinetti,  Uruguaiko Errepublikako zentzaren ikertzapresidentea; eta Selma Huxley Barkham, Ternua eta Labradorren euskal presentziaren ikertzailea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak