Eu

Eusko Jaurlaritzak 1,6 milioi euroren laguntzak iragarri ditu, nekazaritza eta arrantzaren sektoreetan ikerketak, garapenak eta berrikuntzak egiteko (Gobernu Bilera 2018-05-08)

2018.eko maiatzak 08

Laguntza horien asmoa da nekazaritza, basogintza eta arrantza eta akuikulturako produktuen sektoreetan lehiakortasuna eta hazkunde iraunkorra areagotu eta lankidetza bultzatzea

Laguntza horien onuradunak izan daitezke Euskadiko nekazaritza edo arrantzaren sektoreetan diharduten enpresa, elkarte, fundazio, elkarketa, zentro teknologiko eta ikerketa erakundeak

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak emandako aginduaren bitartez, EAEko nekazaritza eta basogintzaren sektoreetan eta arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean ikerketak, garapenak eta berrikuntzak egiteko laguntzak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak.

Euskadiko nekazaritza eta arrantza sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza piztera eta sustatzera bideratuta daude laguntza horiek, izan ere, helburua da sektore horietan efizientzia handitzea, lehiakortasuna areagotzea, hazkunde iraunkorrean laguntzea eta lankidetza sustatzea.

Laguntza horiek finantzatzeko 1.600.000 euro erabiliko dira, eta diru hori oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetatik dator.

Laguntzaren xede diren jarduerak eta laguntzaren onuradunak

Laguntza hauen bitartez jarduera hauek finantzatuko dira: 

  • Funtsezko ikerketen, industri ikerketen eta garapen esperimentalen proiektuak.
  • I+G+Bko proiektuei buruzko bideragarritasun teknikoaren azterketak.
  • Zerbitzu jardueren antolaketaren alorreko berrikuntzak.

Lehen bi laguntza lerroen onuradunak izango dira nekazaritza edo arrantzaren sektoreetan diharduten enpresa, elkarte, fundazio, elkarketa, zentro teknologiko eta ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak.

Zerbitzu jardueren antolaketaren alorreko berrikuntzetarako laguntzen onuradunak, berriz, nekazaritza edo arrantzaren sektoreetan diharduten enpresa, elkarte, fundazio eta elkarketak izango dira. 

Eskabideen aurkezpena

Laguntzen eskatzaileek Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari bidaliko dizkiote eskabideak.

Eskabidearen inprimakia eta beharrezko dokumentazioa deialdiaren aginduan adieraziko dira eta www.euskadi.eus/ayudas_appa/ web gunean egongo dira eskuragarri. 

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko