Eu

Kontroleko osoko bilkura (2018/05/11)

2018.eko maiatzak 11

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzaren sailburuek, talde parlamentarioen galdera eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran:

Maddalen Iriarte Okiñena andreak, EH Bildu taldeko parlamentariak, lehendakariari egindako galdera, erabakitzeko eskubideari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun dionez, bere ustez, erabakitzeko eskubideak ez du izaera maltzurrik, baina halakorik izan dezake erabakitzeko eskubideaz egiten den erabilerak, azaldu duenez. Indo horretatik, nabarmendu du bere helburua dela kontzeptu hori erabiltzea Euskadiren Autogobernua indartu eta hobetzeko.

“Gizarte plurala gara, ingurune pluralaren baitan. Erabakitzea, gaur, ko-erabakitzea da. Eta ko-erabaki orok elkar aitortzea, erantzukizunak hartzea eta eskakizunak egitea da. Ko-erabakitzea baldintzak, gehiengoak eta mugak adostea da, legezko prozedura adostu baten emaitza gisa”, adierazi du.

Halaber, adierazi du erabakitzeko eskubideaz ari garenean, eskubideaz baino gehiago, printzipio bati buruz beharko ginatekeela: “Dagokigun eta Legebiltzar honek bere egin duen betebeharra lehenetsi behar dugu”, gogorarazi du. Hori dela eta, Lehendakariak esan du gure betebeharra dela Autogobernua eguneratzea, printzipio demokratikoa eta lege-printzipioa batuta: edukiak eta horien normatibizazio juridikoa adostea. “Gure betebeharra da gehitzea, kontuan hartuta legeari errespetua izateak ezin diola printzipio demokratikoari kalte egin, hau da, ezin diola euskal herritarrek libre eta demokratikoki hartu duten erabakia aintzat hartu eta errespetatzeari kalte egin”, azpimarratu du.  

“Herritarrek beren borondatea adierazi eta bere egiteko duten gaitasuna aitortzea da, borondatez adostutako elkarbizitzan aurrera egiteko, eta hartutako adostasunak errespetatu eta betetzea bermatuko dituzten mekanismoak izan behar ditu", amaitu du.

Lander Martínez Hierro jaunak, Elkarrekin Podemos talde parlamentarioko kideak, Lehendakariari egindako galdera, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak pentsioen alorrean PP eta EAJk lortutako akordioari buruz egindako adierazpenei buruz.

Lehendakariak erantzun duenez, pentsioen gaiari buruz, Jaurlaritza osoak, baita Azpiazu sailburuak ere, bere egiten du Eusko Legebiltzarrak 2018ko martxoaren 1ean lortutako akordioa, eta aipatu akordioaren puntu bat ekarri du gogora: KPIren lotura berrezartzea, pentsioak eguneratzeko formula modura.

Urkulluk azaldu du sailburuak aurreakordioa kritikatzen duten iritziak kritikatu zituela, iritzi horiek baitzioten “pentsioak IKParekin lotzea” ez zela nahikoa, eta sailburuak ez ziela, inolaz ere, pentsiodunei egin erreferentzia: “Ez dut uste koherentea denik akordio bat kritikatzea, Kamera honetan aldarrikatu eta hamabost egunetara”, adierazi du.

Ildo horretatik, Lehendakariak nabarmendu du Euskadin, Eusko Jaurlaritzak babes sozialarekin konpromisoa duela, eta abian jarri dela gehien behar duten pentsiodunen errenta osatzeko sistema bat. Halaber, gogorarazi du pentsioen eskumena Espainiako Gobernuari dagokiola. “Badakit pentsio baxuenak dituzten pertsonek igaro ohi dituzten zailtasunak, eta hemen beren diru-sarrerak osatzen ditugu. Hala ere, ezin da pentsatu Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak pentsioen sistema publikoaren gabeziak ordezkatuko dituela, eta hori Espainiako Gobernuari egokitu eta haren erantzukizuna da", zehaztu du.

Hori dela eta, Lehendakariak adierazi du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren eskumena lortzeko aldarrikatzen jarraitu dutela, “bete ez den Estatutuak” dioen moduan. “Gure betebeharra da herritarrei beren eskakizunei erantzuna ematea, errealitate eta iraunkortasun printzipioa abiapuntu, gizarte heldu eta arduratsu bati dagokion moduan”, amaitu du.

Alfonso Alonso Aranegui jaunak, Alderdi Popularreko kideak, lehendakariari egindako galdera, erabakitzeko eskubideari buruz.

Lehendakariak erantzun duenez, erabakitzeko eskubidea oinarrizko printzipio demokratikoa da, hau da, herritarrei galdetzea da. “Gure kasuan, eta Estatuarekin ditugun harremanei dagokienez, legearen baitan eta adostuta erabakitzea”; zehaztu du. Ildo horretatik, Lehendakariak adierazi du ulertzen duela beharrezkoa dela juridikoki normatibizatzea printzipio hori, eta azpimarratu du mendebaldeko gizarte demokratikoetan printzipio hori ez dela konfrontaziorako elementua, elkar ulertzeko elementua baizik.

Legebiltzarraren Ponentziaren helburua da, adierazi duenez, Autogobernuan sakontzea. “Hori lortzeko aukera dugu, akordiorako benetako borondatez lan egiten badugu, aniztasun politikoa errespetatuz eta gure gizartean dauden sentimendu nazional ezberdinak gure eginda”, nabarmendu du. Izan ere, adierazi duenez, Ponentziak Euskadiko Autogobernuaren oraina eta etorkizuna definitzeko lan egiten du, eta hori da printzipio demokratiko normatibizatzeko lekua, ezartzeko zein baldintzatan, zein gehiengorekin eta zein mugen barnean adostuko den prozedura argi eta adostua.

Hari horri jarraiki, Lehendakariak legearen baitan eta adostuta kontsultak deitzeko gaitasuna aldarrikatu du. “1979an, Autonomia Estatutuarekin erabili zen prozedura bera aplikatzea da. Euskal gizarteari galdetzeko gaitasuna aitortzea eskatzen dugu, baita Estatuarekin harreman-marko berri bati buruz herritarrek uste dutena ezagutzeko bada ere”, adierazi du.

“Herri-borondateari errespetua izateak, une oro, berau aplikatu eta antolamendu juridikoan txertatzeko bidea aurkitu behar du. Printzipio demokratikoak euskal herritarren erabakiari balio esanguratsu eta funtsezkoa ematea eskatzen du, eta horrek esan nahi du Estatuak doikuntza konstituzionalak eta legezkoak negoziatu eta adosteko betebeharra bere egin behar duela, euskal herritarrek adierazitako nahiari erantzuna emateko, alde bakartasun-printzipioa bazter utzita”, azpimarratu du.

Halaber, nabarmendu du badagoela proposamen bideragarri bat proposatzeko aukera, politikako, legezko eta zuzenbideko ikuspuntutik. Proposamen horrek ibilbide instituzionala izan eta gizarteak berresteko aukera du, gizarteari baitagokio eskubidea izan eta erabakitzea ea onartzen duen ala ez adostu den proposamena. “Gizarteak eskubide hori du, gure betebeharra da erakundeen arteko akordio bat lortzea, euskal herritarrek gero berretsi dezaten”, azpimarratu du.

Julen Arzuaga Gumuzio jaunak, EH Bildu talde parlamentarioko kideak, lehendakariari egindako galdera, espetxe-politikaren aldaketen inguruan lehendakariak dituen itxaropenei buruz.

Lehendakariak erantzun duenez, ez dagokio berari Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak espetxe-politika aldatzeko eman behar dituen urratsak interpretatzea. Halaber, jakinarazi du Rajoyrekin bildu den aldiro jorratu duela gai hori, eta kasu batzuetan helarazi dizkiola presoak gerturatzeko hainbat proposamena, azkena 2017ko apirilean, ETA armagabetu ostean.

Egoera horren aurrean, Lehendakariak adierazi du egin dezakeen hori defendatzea dagokiola: errealitate printzipio bat onartzea, espetxe-baldintzak aldatzeko politika egokiak sustatzea eta akordiorako espazioak sortzea. Hori dela eta, gogorarazi du Bertizen Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariarekin batera aurkeztu zuen adierazpenean jaso zituela indar politiko guztien artean lortu ahal izateko gutxieneko akordiorako bi puntu: iraganaren hausnarketa kritiko eta globala, bereziki ETAren bortizkeriarena, eta espetxe-politika egoera berrira egokitzea.

Ildo horretatik, Lehendakarik gogorarazi du, baita ere, Bertizeko adierazpenean proposatu zela egungo espetxe-politikari buruzko lan-talde bat sortzea, Legebiltzarreko taldeen artean lortutako akordioak garatzen lan egiteko. “Proposamen horretan honako hau ezarri zen: presoak beren etxebizitzatik gertu dauden espetxeetara gerturatzeko prozesua bultzatzea, etika- eta lege-ikuspuntutik, espetxe-politikak berak ezartzen duen moduan”. Hala, nabarmendu du birgizarteratzeko politika berri bat sustatu behar dela, Konstituzioan ezarritako definizioarekin bat egingo duena. 

Lehendakariak azpimarratu duenez, ikuspuntu etikotik ”ezin dela ulertu presoen urrutiratzea baldintza politikotzat hartzea”. Izan ere, adierazi duenez, neurri horrek senideei sufrimendua baino ez die eragiten, eta pertsona horiek ez dute deliturik egin: “Beharrik gabe sufriaraztea ez da politika egitea. Ez da jokabide etikoa, ezta legezkoa ere”, amaitu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak