Berriak Lehendakaritza
Eu

Memoria Historikoa berreskuratzeko eta sinbologia frankista erretiratzeko proiektuetarako 132.000 euroko laguntzak onartu dira (Gobernu Bilera 2018-05-08)

2018.eko maiatzak 08

Aurten, Eusko Jaurlaritzak 131.667 euro bideratuko ditu Memoria Historikoa berreskuratzeko proiektuak finantzatzeko eta gaur egun, oraindik, Euskadin aurki ditzakegun sinbolo frankistak erretiratzeko. Laguntza horien deialdia GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bi ebazpenetan bildu da. Ebazpen horiek, gaur, Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso dute.

Laguntza horien bitartez, Gerra Zibilaren biktima guztiak eta bere ondoren iritsi zen erregimen diktatorialaren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zieten pertsonak eta euren familiak betirako ohoratu eta gogoratu nahi dira.

Memoria historikoaren arloan, 1936tik 1977ra Euskal Autonomia Erkidegoan demokraziaren eta askatasunaren alde borroka zabaltzeko, ikertzeko eta berreskuratzeko, aurten, memoria historikoaren inguruan diharduten elkarteek eta fundazioek, zein Euskadiko udalerriek eta tokiko entitate txikiek burutuko dituzten proiektuak diruz lagunduko dira.

Zehazki, honako jarduketa hauek sustatzeko bideratuko dira laguntzak:

a) Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoaren eraikuntzarekin lotutako pertsonak eta gertaerak gogoratzeko eta omentzeko jarduketak.

b) Gerra zibilaren eta diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, eta balio demokratikoen egoerarekin eta errealitatearekin lotutako gertakariak eta prozesuak berritzera zuzendutako ikerketa-jarduketak.

c) Ezagutzera emateko jarduketak: Jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak, ikus-entzunezko produktuak eta ikerketa-argitalpenen edizioa.

Gainera, eta Euskadiko udalerrien eta tokiko beste erakunde txikien kasuan, altxamendu militarra, Gerra Zibila eta Diktaduraren errepresioa goraipatzea eragin dezakeen sinbologia erretiratzeko ere erabili ahal izango dira laguntzak. Era horretan, sinbolo publikoak bat egiteko izan daitezen bilatzen da, eta ez konfrontazioa, iraina edo bidegabekeria eragiteko.

Hala, asaldura pertsonal edo kolektiboa eragin ditzaketen ezkutuak, intsigniak, plakak, bustoak edo bestelako objektu edo oroitzapenezko aipamenak erretiratzea diruz lagunduko da, baita babes ofizialeko eraikin zahar batzuetan oraindik ikus daitezkeen garai bateko Instituto de la Viviendaren uztarria eta geziak erakusten dituzten plakak erretiratzea ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko