Berriak

URAk Pedrokoko hezegunea leheneratu du Agurainen

2018.eko maiatzak 08

Uraren Euskal Agentziak Aguraingo hegoaldean den Pedrokoko hezegunea leheneratu eta birlandatu du, zonalde hezeetako eta tokiko galeria basoko 4.430 ale landatuz: haltzak, lizarrak, astigarrak, basaerramuak, zuhandorrak, hurritzak, edota haritzak — hezegunetik aldenduetakoen zonaldeetan —. Orotara, 20 zuhaitz eta zuhaizka espezie desberdin, hezegunean biodibertsitatea handitzeko. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

Nahiz eta bertan natural-natural ura metatzeko joera agerikoa izan, iraganean hezegunea drainatu egin zen nekazal erabilerei leku egiteko. 2007an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko diru-laguntza bati esker, Aguraingo udalak lur-sailak erosi zituen hiru xede buruan: hegaztiak erakartzeko eta babesteko gotorleku bat sortzea; ur goraldietan, Egileor eta Santa Barbara ibaien urei arrisku gabeko gainezkatzea ahalbidetzea; eta  hezegunearen inguruan ibilbide bat, zein behatoki bat sortzea jendartearen aisialdirako, zein sentsibilizaziorako.

Birlandaketak bitarte, inguruan landaredi ugari jarri da, hezegunea eta berezkoak dituen flora eta fauna babestearren. Halaber, 3 zonalde birlandatu barik utzi dira, hezegunearen panoramika orokorraz gozatze aldera: bat behatokitik aurrez aurre; beste bi Lezago ibaiaz parez pare den ibilbidean.

Lezago ibaiaren ertzean, grafiosisak erasan egiten ez dien zumarrak landatu dira (Ulmus minor); onddo horrek penintsulan zumarrak gutxiarazi ditu, 70 hamarkadatik gaur egunera arte. Espezie hori berreskuratzeko, Zerenthya elkartearekin lankidetzan, 25 ale berri landatu dira Pedrokoko hezegunean. Besteak beste, “rabicorta w-blanca” espezieko tximeletaren bizitoki eta jana: Europa osoan gero eta gutxiago atzematen ari den lepidoptero oso kaltebera.

Era berean, hezeguneko inguruan, ur-goraldiek bere egiten dituen eremuan, uretako 640 espezietako ale landatu dira: ezpata-belarra (Typha latifolia), ihia (Scirpus holoschoenus), ibaiertzeko karizea (Carex riparia) eta lirio horia (Iris pseudacorus). Horiek guztiak, hegaztientzako bazka eta gotorleku. Baita hezegunean diren bestelako espezieentzat ere: hala nola, Anton deuna igeltxoa.

Uraren Euskal Agentzia Pedrokoko hezegunean lanean jarraituko du bere leheneratzeari eta eboluzioari jarraipena egiten. Xedea da bioaniztasun handiko espazioa sortzea eta  jendartearentzako aisialdirako eta sentsibilizaziorako eremu bat sortzea ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)