Berriak Lehendakaritza
Eu

Siemens Gamesa enpresak eta Eusko Jaurlaritzak euskal industria eolikoaren lehiakortasuna bultzatzeko asmo-akordio bat sinatu dute

2018.eko maiatzak 08
  • Lehendakariak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Siemens Gamesa enpresako kontseilari delegatuak bilera egin dute gaur, eta akordioa sinatu dute amaieran. Akordioa 2020. urtera arte egongo da indarrean, eta urtez urte luzatu ahal izango da.
  • Akordioaren helburua Euskadin hornidura-kate eolikoa eta berrikuntza teknologikoa bultzatuko dituzten proiektu estrategikoak garatzea da.
  • Bost arlo estrategikotan jardungo dute lankidetzan: hornidura-katea, aerosorgailuen osagaien digitalizazioa, aerosorgailuen osagaietarako saiakuntzak, prestakuntza eta 4.0 industriari lotutako startupetan parte hartzeko aukera.
  • Eusko Jaurlaritzak eta Siemens Gamesa enpresak tokiko ETE hornitzaileen katea sendotzeko eta nazioartean erreferentzia izango den sektore eoliko lehiakorrago bat eraikitzeko konpromisoarekin adostu dute lankidetza hori.

Siemens Gamesa Renewable Energy enpresak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko energia eolikoaren garapen industrial eta teknologikoa bultzatuko duten proiektu estrategikoak garatzeko lankidetza-akordio bat sinatu dute gaur. Akordioa Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, eta Siemens Gamesako kontseilari delegatu Markus Tackek sinatu dute. 2020. urtera arte egongo da indarrean, eta urtez urte luzatu ahal izango da handik aurrera. Sinadura aurretik egin den bileran, SGRE-ko Eskualdeko delegatu Enrique Pedrosak pare hartu du.

Akordioak bost lankidetza-arlo estrategiko biltzen ditu: hornidura-katea, aerosorgailuen osagaien digitalizazioa, aerosorgailuen osagaietarako saiakuntzak, prestakuntza eta 4.0 industriari eta digitalizazioari lotutako startupekiko lankidetza.

2017ko datuen arabera, Siemens Gamesa enpresak 770 hornitzaile baino gehiago ditu, 420 milioiko erosketa-bolumena dauka euskal hornitzaileei egindako erosketetan, konpromiso sendoa du tokiko hornitzaileekin, eta eskualdeko trakzio-enpresa nagusietako bat da. Hori dela eta, akordioaren alderdietako bat hornitzaileen kudeaketa aurreratuko proiektuak bultzatzean, hornidura-katearen etengabeko hobekuntzan eta aerosorgailuen diseinuan hasiera-hasieratik inplikatzean datza.

Akordioaren bidez, halaber, aerosorgailuen osagaien digitalizazioa eta aerosorgailuen inguruko soluzioak sustatuko dira. Turbinek informazio kantitate handia sortzen dute, eta portaerak aurreikusteko erabil daiteke. Era horretan, diseinuak optimiza daitezke energiaren produkzioa eta errendimendua maximizatzeko. Digitalizazioak, zehazki, honako hauen inguruko soluzioak landuko ditu: sensorika, monitorizazioa, big data analytics eta zibersegurtasuna.

Halaber, Siemens Gamesa enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioari esker, aerosorgailuen osagaietarako saiakuntzekin jarraitu ahal izango da WINDBOX zentroko saiakuntza-bankuetan. WINDBOX Euskadiko fabrikazio aurreratuko lehen zentro eolikoa da.

Gainera, lankidetza publiko-pribatu horrek euskal industria eolikoaren premia espezifikoei erantzuteko prestakuntzako eta praktiketako programen garapena erraztuko duten lankidetza-akordioak sustatuko ditu unibertsitateekin eta euskal berrikuntza-zentroekin. Arlo estrategiko horren bidez, konpainiak bere ezagutzak eskainiko dizkie gazteei unibertsitate-ikasketen eta lanbide-heziketaren hasierako faseetatik. Trakzio-enpresen eredu bat ez ezik, beren lanbide-karrera garatzeko konpainia erakargarri bat aurkeztuko die.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako startupen programa eta ekimenetan parte hartuko du Siemens Gamesak, hala nola Bind 4.0 programan. Hortaz, konpainia enpresa-ekimen berrien parte izango da 4.0 Industriari eta digitalizazioari lotutako jarduerak egiten dituzten startupekiko lankidetzaren bitartez.

Siemens Gamesak funtsezko zeregina bete du trakzio-konpainia gisa Euskadiko hornidura-kate eolikoaren garapenean, eta posizio horri eutsi nahi dio. Akordioaren bidez, indarrak batuko ditu Eusko Jaurlaritzarekin. Izan ere, energia eolikoa lehentasunezko arloa da Eusko Jaurlaritzarentzat, eta, horren ondorioz, energiaren sektoreko euskal enpresa handiak eta haien hornitzaileak inplikatu nahi ditu.

Siemens Gamesa Euskadin

Siemens Gamesaren egoitza korporatibo globala eta energia eolikoko onshore negoziorako egoitza Zamudion (Bizkaia) daude. Konpainiak, halaber, biderkagailuak egiten dituzten bi fabrika ditu Euskadin, bata Asteasun (Gipuzkoa) eta bestea Mungian (Bizkaia). Horiez gain, bost bulego-eraikin ditu, baita I+Dko zentro bat ere Zamudioko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Bestalde, Siemens Gamesak energia eolikoaren berrikuntza eta hari lotutako prestakuntza bultzatzen ditu Euskadin hainbat unibertsitate eta zentro teknologikorekiko akordio eta lankidetzen bitartez, eta aktiboki parte hartzen du enpresa-elkarte nagusietan.

Siemens Gamesa Renewable Energy

Siemens Gamesak 85 GW ditu instalatuta, eta liderra da energia eolikoaren sektorean. Konpainiak mundu osoan eskaintzen ditu produktuak eta soluzio teknologikoak. 2017. urtean, konpainia lehena izan zen Make aholkularitza-enpresaren sailkapenean, % 17tik gorako merkatu-kuotarekin. Siemens Gamesak sektoreko produktu-zorrorik moldakorrenetako bat dauka. Izan ere, offshore zein onshore proiektuetara egokitutako teknologiak erabiltzen ditu, eta abangoardiako zerbitzu-soluzioak eskaintzen ditu energia garbiagoa, eskuragarriagoa eta fidagarriagoa sortzen laguntzeko. Siemens Gamesa 2017. urtean sortu zen, industria eolikoan 80ko hamarkadaren hasieratik jardun zuen Siemens Wind Power konpainiak eta sektore eolikoan 1994. urtean sartu zen Gamesa konpainiak bat egin zutenean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Markus Tacke