
Eusko Jaurlaritzak ulertzen du ETAren amaierari foro askotan heldu dakiokeela, eta ez bakarrik terrorismoaren aurkakoan
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gaur goizean esan du Eusko Jaurlaritzaren iritziz ETAren amaierari foro askotan heldu dakiokeela, eta ez bakarrik Terrorismoaren Aurkako Itunaren foroan. Erkorekaren hitzen arabera, Terrorismoaren Aurkako Itunerako alderdi politikoei deitu zaie, eta beraiek ezarri behar dituzte jarrerak; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak ezin du eremu horretan “ekarpenik egin”. “ETAren amaierari buruzko kontu batzuei terrorismoaren aurkako itunetik kanpoko foro eta esparruetan heldu dakieke; Gobernuak espero du erakunde guztiek hala ulertzea”, esan du Erkorekak.
ETA desagertu ondoren etorri den egoera berria dela eta, Gobernuaren bozeramaileak esan du erronka nagusia bizikidetza normaltasun osoz eraikitzea izango dela. Iraganaren kontaketa, memoria kritikoaren eraikuntza eta espetxe-sistemaren berrikuspena direla eta, Erkorekak nabarmendu du gai horiek guztiak alderdi politiko guztien adostasunarekin aztertuko direla, ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen.
Bihar Eusko Legebiltzarrean izango den autogobernu lantaldearen gainean eta Eusko Jaurlaritza eratzen duten alderdien arteko desberdintasunen gainean galdetu zaionean, Erkorekak esan du “ez duela planteamendu ezkorra egingo, eta ez duela jendaurrean gobernuaren konfiantzarik eza erakutsiko autogobernuaren lantalderako aukeren gainean”.
Bere hitzen arabera, alderdi guztiek dakite nolako garrantzia duen gaiak. “Erronka garrantzitsua da, zailtasuna ez da hutsala, autogobernu lantaldean ordezkaritza duten alderdi politikoen abiapuntuak desberdinak direlako”, esan du. Hori guztia dela eta esan du “akordioa posible den ala ez denborak argituko duela”.
Era berean, pentsiodunek Lehendakariari pentsioen aldeko manifestaziora joateko egin dioten eskaria dela eta, Erkorekak azaldu du proposamena aztertuko dutela, baina gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren irizpide orokorra manifestazioetara ez joatea dela. Hori dela eta esan du Gobernuaren iritziz bere eginkizuna dela proposamen bideragarriak eta errealistak lantzea, gizartea eratzen duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko.
“Euskadin pentsioen hartzaileek gutxieneko diru-sarrera batzuetara jotzeko aukera dute, Euskadiren politika berezi batzuen ondorioz, eta horiek aukera ematen diete beren diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren sarreretara hurbiltzeko”, esan du.
Era berean esan du berak ez diola inolako itsurik egingo aldarrikapenak egiten dituztenei, izan ere, azpimarratu duen bezala, euren adierazpenak errespetatzen ditu, baita manifestaziorako eskubidea ere.
Memoria historikoa
Gaurko saioan Gobernu kontseiluak laguntza-deialdia onetsi du, Memoria Historikoa berreskuratzeko eta sinbolo frankistak kentzeko lanarekin jarraitzeko. Hala, Gerra Zibileko eta erregimen frankistako biktimak gogora ekartzen, ohoratzen eta ordaina ematen lagunduko duten ekitaldi publikoak bultzatu nahi ditu Jaurlaritzak.
Zehazki, honako hauek sustatuko dituzten jarduketak bultzatuko ditu: Errepresioaren eta erresistentziaren etapako eta gizarte demokratikoa eraikitzeko etapako pertsona eta gertakarien oroitzapena edo omenaldia egiteko ekitaldiak; Errepresioarekin, erbestearekin edo balio demokratikoen haustearekin zerikusia duten gertakari eta prozesuak berreraikitzeko ikerketak.; Jardunaldien, mintegien eta aldi baterako erakusketen, ikus-entzunezko produktuen eta ikerketa-argitalpenen bidezko zabalkundeak.; Altxamendu militarraren, gerra zibilaren eta diktadurako errepresioaren gorespena dakarren sinbologia kentzeko beharrezko obrak.
Eusko Jaurlaritzak sinbologia publikoa topalekurako izatea sustatzen du, eta ez liskarrerako, irainerako edo bidegabekeriarako.
Turismoa
Erea berean, Gobernu Kontseiluak Euskadi helmuga turistiko gisa bere lekua egiteko lanarekin jarraitzeko laguntzak onetsi ditu. Orotara 2,2 milioi euro inbertituko ditu toki-erakundeen bi lan-ildo bultzatzeko:
Batetik, 1,3 milioi euro udalerrietan helmugen erakargarritasuna, lehiakortasuna eta kalitatea hobetuko dituzten proiektu turistikoak garatzeko. “Arreta berezia jarriko dugu “Helmugako Kalitateko Jardunbide Egokiak” programetan sartzen diren ekimenetan, IKTen erabileran eta Europako Ekoetiketan”, azaldu du bozeramaileak.
Bestetik, 900.000 euro bideratuko dira toki-garapenerako bide ematen duten negozio turistiko berriak sortzeko. “Negozioen berriztatzea sustatzen dugu, turismo jasangarrian eta eskuragarrian aurrera egiteko”, esan du.
Arrantza sektorea
Halaber, laguntza-ildoa onartu ditu gaurko Gobernu Kontseiluak, nekazaritza, basogintza, arrantza eta akuikulturaren jarduera modernizatzeko. Hala, 1,6 milioi euro bideratuko dira sektore horietako ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko, segidako helburu hauetarako, hain justu: eraginkortasuna areagotzeko, lehiakortasuna hobetzeko, hazkunde jasangarria bultzatzeko eta sektore horietan lankidetza sustatzeko.
Prestakuntza etengabea funtzionarioentzat
Azkenik, Euskadiko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza etengaberako laguntzen deialdi berria onetsi du gaurko Gobernu Kontseiluak.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bidez, aurten, foru- eta toki-mailako administrazioetan eta Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten duten 15.000 pertsona baino gehiagok prestakuntza jasoko dute. Horretarako, 750.000 euro inbertituko ditu zerbitzu publikoa eskaintzen duten pertsonek beren lanbide-gaitasuna hobetu dezaten eta beren lana hobeto betetzeko beharrezko ezagutzak berengana ditzaten.