Berriak Kultura
Eu

Kultura-bonuak 1.475.000 euroko gastu pribatua sortarazi du

2011.eko urtarrilak 20

Aurten, iaz baino %6 bonu gehiago saldu dira, kanpainaren erdiko epean saldu ere

Eragin ekonomiko hutsaz gainera, herritarren artean kultura oparitzeko ohitura eta balioa bultzatzen duen neurrian, aurtengo kanpainaren helburuetako bat betetzen da.

Aurten 780.000 euro bideratuak zituen Eusko Jaurlaritzak Kultura-bonuaren kanpainarako, hau da, 52.000 bonu salgai. Herritarren eskaria ikusita, Kultura Sailak hasierako kopuru horri 105.000 euro gehiago eranstea lortu zuen, eta horren ondorioz 7.000 bonu gehiago jarri ziren kanpainan. Horiek ere berehala agortu ziren. Hau da, iaz baino %6 bonu gehiago saldu dira, kanpainaren erdiko epean saldu ere.

Ekimen honen ezaugarri garrantzitsuenetako bat da kultura-bonua ez dela doakoa, herritarrek gustukoak dituzten kultur edukiak gozatzeko egiten duten ahalegina osatu eta laguntzen baitu. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak egin duen 885.000 euroko inbertsioak 1.475.000 euroko gastu pribatua ekarri du kulturaren alorrean, Gabonetako kanpainan zehar. Saltokiek berek berretsi egin dute datua, zeren, eskuratu zaien galdetegian erantzun dutenez, Bonuari esker kontsumoa suspertu egin baita, eta salmentak %20-%25 inguruan hazi baitira, bonurik ez zegoen aurreko urteetako gabonetako datuekin konparatuta.

Eragin ekonomiko hutsaz gainera, herritarren artean kultura oparitzeko ohitura eta balioa bultzatzen duen neurrian, aurtengo kanpainaren helburuetako bat betetzen da. Kultura-kontsumo hau dela eta, jasotako datuen arabera, aurten halako beheralditxoa izan da liburu-denden salmentaren arloan (%4), eta, aldiz, hazkunde txikiak egon dira zineman, ikuskizun eszenikoetan, zuzeneko musikan eta museoetan, horiek denak era beteagoan sartu baitira aurtengo kanpainan.

Zehazkiago, bideoa eta euskarazko zinema izan dira hazkundea izan dutenak; hazkunde txiki bat musika-euskarrietan, nahiz eta atxiki diren saltokien kopurua txikiagoa izan, pirateriaren ondorioz sektoreak bizi duen krisiaren eraginez; ehuneko txiki baten hazkundean zuzeneko ikuskizunetarako txartelen salmentan ere, bai eszenikoetan bai musikaletan, eta azkenik museoetan, liburu espezializatuen eta katalogoen salmentari esker.

Aurten azpimarratu beharreko datua da programari atxikitako saltokiak (366) –alegia, %27,53 gehiago, aurreko urtearekin alderatuta– bete-betean sartu direla kanpainan, esan nahi baita, beren publizitate propioa landuz edota beren bezeroen zerrendaren bitartez, edo produktu espezifikoak eskainiz, batez ere arte eszenikoetan. museo eta zinemetan, esaterako, sarrera-loteak, oparietarako pakete bereziak, fidelizazio-eskaintzak…

Bideo-spot lehiaketa

Aurtengo beste berritasun bat izan da Eitb.com-ekin eta Kulturklik-ekin elkarlanean prestaturiko Interneteko lehiaketa, alegia, bideo-spot lehiaketa bat bonua publizitatzeko, izan ditzakeen erabilera eta aplikazio ugariak birsortzeko, eta, oro har, kulturaren kontsumoa jolaseko, aberaste pertsonaleko eta garapen kulturaleko iturri moduan sustatzeko. Irabazleak honako hauek izan dira:

- Lehenengo saria, 3.000 euro: ‘El truco’ (Joseba Sanz, Bilbao)
- Bigarren saria, 2.000 euro: ‘A partir de 25, solo disfrutas’ (Imanol Ituiño de Miguel, Bilbao)
- Publikoaren saria, 1.000 euro: ‘¡A ver si te enteras!’ (Abel Isasi Razkin, Amorebieta-Etxano)

Esan behar da, azkenik, Kultura Sailaren 2011rako aurrekontu-proiektuan jadanik jasota dagoela Kultura-bonuarentzako diru-partida bat eta, horrenbestez sendotu egiten dela duela bi urte ohiz kanpoko modu batean hasitako apustu hau, alegia, bizi ditugun garai kezkagarriotan, kultura-sektorea sustatzeko eta babesteko apustua, sektorearen zentzu zabalean, sortzaileengandik hasi eta herritarrenganaino, erakusketa eta salmenta kanal guztietatik igarota.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell