Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Hemodinamikako eta Koronarioen Unitateko instalazio berriak bisitatu ditu

2018.eko maiatzak 07
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

• Instalazio berriak Iñigo Urkullu lehendakariak bisitatu ditu gaur, eta azpimarratu egin du Osakidetzako profesional-taldeak 1.400 kardiologia-interbentzio baino gehiago egin ahal izango dituela urtean, teknologiarik aurreratuena erabilita.

• Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Hemodinamikako gela berriak duen teknologiari esker, emaitza hobeak eta segurtasun handiagoa bermatuko zaizkie pazienteei.
Irudiak pertsonalizatuak izango dira eta kalitate hobea izango dute. Horretan oinarrituta, profesionalek miaketa-gelan bertan hartu ahal izango dituzte erabaki diagnostikoak eta terapeutikoak.

• Hemodinamikako gela berria irekitzearekin batera, birmoldatu egin da Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak gaixotasun koronarioak tratatzeko duen espazio berria. Birmoldaketa horren helburu nagusia izan da profesionalen jarduera hobetzea eta pazienteen segurtasuna eta erosotasuna areagotzea.

• Osasun Sailak eta Osakidetzak milioi bat euro inbertitu dute Hemodinamikako gela berria egiten eta Koronarioen Unitatea birgaitzen.

 

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Jon Darpón Osasun-sailburuak, Maria Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Eduardo Maíz Ospitaleko gerenteak bisitatu egin dituzte, gaur goizean, Allende Pabiloiko Hemodinamikako gela berria eta Koronarioen Unitatea. Izan ere, Hemodinamikan azken belaunaldiko teknologia instalatu da, eta Koronarioen Unitatean birgaitze integrala egin da. Horri esker, bultzada handia ema ahal izango zaio Basurtuko Unibertsitate Ospitalean estrategikoa den Kardiologia arloari.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak gure sistema sanitario publikoan inbertitzen jarraitzen duela, eta teknologia berria eskuratzen ahalegintzen dela, hala Osakidetzako profesionalei lan-tresna berri eta modernoak eskaini eta osasun-emaitza hobeak lortzeari begira.

Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro inbertitu ditu teknologia berria eskuratzen eta beharrezko egokitze-lanak egiten. Ekipo berriari esker, profesionalek aukera izango dute patologia kardiakoa duten pazienteak inbasio minimo batez tratatzeko; hori dela-eta, errekuperazioa azkarragoa eta seguruagoa izango da, mina murriztu egingo da, eta txikiagoa izango da operazio-gelan infektatzeko arriskua.

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Hemodinamikako gela berriak duen teknologia aurreratuari esker, emaitza hobeak eta segurtasun handiagoa bermatuko zaizkie pazienteei. Irudiak pertsonalizatuak izango dira eta kalitate hobea izango dute. Horretan oinarrituta, profesionalek miaketa-gelan bertan hartu ahal izango dituzte erabaki diagnostikoak eta terapeutikoak.

Hemodinamikako gela berriaz gain, birmoldatutako Koronarioen Unitatea bisitatu da; bertan, medikazioa prestatzeko zonetako bat egokitu da, eta ekipo berri bat jarri da medikazioa era automatikoan emateko. Horrek segurtasun handiagoa emango dio pazienteari. Birmoldaketa horren helburu nagusia izan da profesionalen jarduera hobetzea eta pazienteen segurtasuna eta erosotasuna areagotzea.

Iñigo Urkullu lehendakariak hau nabarmendu nahi izan du: “Gure konpromisoa da ekipamendu berrietan inbertitzen jarraitzea, gizarteari osasun-emaitza hobeak bermatzeko eta Osakidetzako profesionalei lan-teknologiarik aurreratuena eskaintzeko.”

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak