
Lehendakari: "Orain, garrantzizkoena da biktimen memoria iraunaraztea eta ohoratzea, bakearen eta bizikidetzaren kultura indartzea, indarkeria berriro ez dadin gure bizitzako parte izan"
Luis Alava Sauturen fusilamenduaren 75. urteurrena oroitzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariak. Terrorismoa amaitu dela nabarmendu du bertan, “alferrikako oinazea eta sufrimendu bidegabea" sorrarazi besterik egin ez duen etapa. "Terrorismoarekin inork ez du ezer irabazi, guztiok galdu dugu", nabarmendu du. Testuinguru horretan, Urkulluk nabarmendu duenez, 36ko gerraren zauriek ere "hamarkada gehiegi iraun zuten”: "Ikas dezagun lehenalditik. Orain, garrantzizkoena da biktimen memoria iraunaraztea eta ohoratzea, bakearen eta bizikidetzaren kultura indartzea, indarkeria berriro ez dadin gure bizitzako parte izan", azpimarratu du.
Urkulluk nabarmendu du Araba Sareak eta emakume ikusezinek indarra ematen diotela oraingo euskal gizarteari elkar aditzearen eta bizikidetzaren alde lan egiten jarraitu ahal izateko. Hala, azpimarratu duenez, solidaritatearen eredu izan ziren une latzetan; konpromiso ausart, adimentsu eta eraginkorraren adibide izan baitziren: "Indarkeriari indarkeriarik gabe aurre egiteko konpromisoa, adimenaren armak bakarrik erabiliz", zehaztu du.
Euskadik bizi duen ziklo berriaren aurrean, Lehendakariak nabarmendu duenez, “aukera dugu bizikidetzaren etapa berri bati ekiteko uste etiko sendo batean oinarrituta, pertsonen duintasuna eta eskubideak ezeren gainetik jarrita, alegia” eta, beraz, erreferentziazko eredu dira Luis Alava Sautu eta emakume ikusezinen sarea, etapa berri honetan “harro sentiarazi eta adoretzen gaituena”.
Gainera, Lehendakariak azpimarratu du Luis Alava Sauturen belaunaldiko emakumeek eta gizonek dena eman zutela maite zuten askatasunaren alde eta, egin zuten lana aintzatestearren, Plaka Oroigarri bat ipini dute Gasteizko Senda ibilbidean.
Ekitaldian, Lehendakariarekin batera izan dira Beatriz Artolazabal, Estefanía Beltrán de Heredia, María Jesús San José eta Jon Darpón sailburuak, Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Arabako Diputatu Nagusi Ramiro González, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Pedro Elosegi, Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria.