Eu

Azpiazuk eta Arriolak Europako Parlamentuko Aurrekontu Batzordearen ordezkaritza bat hartu dute

2018.eko maiatzak 07

 

AZPIAZUK ETA ARRIOLAK EUROPAKO PARLAMENTUKO AURREKONTU BATZORDEAREN ORDEZKARITZA BAT HARTU DUTE

 

Martxoan Europako Parlamentuko Aurrekontu Batzordeko presidente Jean Arthuisekin egindako bileraren ondoren, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak adierazitako Batzordearen ordezkaritza bat hartu dute gaur; ordezkaritzako burua Eider Gardiazabal Rubial izan da.

Lehen bilerak ordubetetik gorako iraupena izan du, eta Ogasun eta Ekonomia Saileko taldearekin egin da. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-kudeaketari eta Ekonomia Itunaren finantzaketa-sistemari lotutako alderdiak aztertu dira.

Halaber, Europak 2021-2027ko Urte anitzeko Finantza Esparrua zehazteko bizi duen une erabakigarriaren esparruan, Euskadirentzat oso garrantzitsuak diren gaiak aztertu dira. Azpiazu sailburuak berriz ere adierazi du Europako aurrekontu eskuzabalagoa behar dela, eta balorazio positiboa egin du baliabide propioen % 10eko igoeraren inguruan (birziklatu gabeko plastikoei ezarritako zerga berria, C02 gasaren emisioak eta abar).

Funtsean, kohesio-politikan planteatutako % 7ko murrizketak eta NPBan planteatutako % 5ekoak ez dute eragin handirik izango Euskadin. Izan ere, Euskadik 78 M/€ jasotzen ditu bide horietatik, hau da, Estatutik jasotzen duenaren % 1,43.

Europako Batzordearen proposamenaren alderdi positiboen artean, honako hauek azpimarra daitezke: digitalizaziorako zenbatekoen % 60ko igoera, Garapen Jasangarri eta Ingurumeneko LIFE programarako % 15eko igoera eta Erasmus + programarako aurrekontua bikoiztu izana.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak bere bisitaldian eskatu zuen bezala, bi egonkortze-funts sortzea proposatu da: bata egitura-erreformetan laguntzeko (25 M/€-koa), eta bestea inbertsio publikoa bermatzeko (30 M/€-koa).

Euskadirentzat funtsezkoa den beste alderdi bat Europako seihilekoan egindako kontrol makroekonomikoak eta Egonkortasun eta Hazkunde Itun berriaren arauak (Two-Pax eta Six-pax) estatu kide bakoitzaren zirkunstantzia berezietara egokitzea da. Euskadik ogasun propioak eta zerga-burujabetza ditu, eta Europako Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak bermatzen ditu Ekonomia Itunaren bitartez. “Testuinguru horretan, eskatzen dugu konpromisoak eta gauzatzeak kontuan hartzea estatu kideen ez-betetzeak ebaluatzeko eta, hala badagokio, zehapenak aplikatzeko garaian", adierazi du Azpiazuk.

Europarekiko konpromisoa

Martxoaren 19an eta 20an, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu Bruselara joan zen Europako Batzordeko Aurrekontuen zuzendari nagusi Nadia Calviñorekin eta Eskualde Politikako Komisarioaren Kabineteko buru Nicola de Michelisekin biltzera, Europako etorkizuna zehazteko funtsezkoa den une honetan.

Azpiazuk aberastasuna sortuko duten politika sozialetan eta ingurumen-politiketan inbertsioak egiteko Eskualdeko Egonkortze Funts baten sorkuntza defendatu zuen, eta Europako interes orokorreko inbertsioetarako aurrekontu-partida nahikoak esleitzea proposatu zuen, austeritate-politikei aurre egiteko.

 

Inbertsio horiek aberastasuna sortuko lukete, eta haien eragin biderkatzailearen ondorioz, erabakigarriak izango lirateke krisiak gehien zigortu dituen Europako eskualdeetan hazkundea eta enplegua bultzatzeko.

Gainera, eskualde horietan produktibitate handiagoa lortzera bideratutako egitura-erreformak egokitzea ahalbidetuko lukete.

Sailburuak agerian jarri du berriz ere Euskadik 2030 Agendaren esparruan Europa sozial handiagoa zehazten laguntzeko duen konpromisoa, eta, horretarako, Europako mekanismo sozialak bermatuko dituzten baliabideak bideratu eta neurriak hartu beharko direla uste du. Aldi berean, garbi utzi du funtsezko etapa batean gaudela suspertze ekonomikoa bultzatzeko.

Euskadik badaki politika tradizionalekin jarraitu behar dela eta, aldi berean, lehentasun berriei aurre egin behar zaiela, hala nola errefuxiatuen krisiari, krimen antolatuaren mehatxuari, terrorismoari eta defentsa-politikari. Hori guztia erronka ikaragarria da aurrekontuaren malgutasunerako. Esparru horietan guztietan, baliabideak Europa mailan bilduz gero, maila nazionalaren gasturako ezinezkoak izango liratekeen emaitzak lortu ahal izango dira; horixe da EBko aurrekontuaren balio erantsia.

Aurrekontu Batzordeko ordezkaritza osatu dutenak, Eider Gardiazabal Rubial buru zutela, honako hauek izan dira: Georgios Kyrtsos, Jan Olbrycht, Isabelle Thomas, Inese Vaidere, Izaskun Bilbao Barandica eta Xavier Benito Ziluaga. Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazurekin batera parte hartu dutenak honako hauek dira: Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuorde Alberto Alberdi, Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirre, Aurrekontuen zuzendari Hernando Lacalle, Europako Gaietarako zuzendaria, Mikel Anton eta Kabineteko zuzendari Yurdana Burgoa.

Ondoren, Europako Parlamentuko ordezkaritza Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Saileko taldearekin bildu da, Europako aurrekontuetan jasotako programek Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren zaintzaren, klima-aldaketaren aurkako borrokaren eta etxebizitza-politiken eta hiri-birgaitze eta hiri-berroneratzeko politiken eremuetan egiten dituen jardunetan duten eragina aztertzeko.  Iñaki Arriola sailburuaz gain, parte hartu dute Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenok, Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik, Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldik, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainek, VISESAko zuzendari Carlos Quindósek eta URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari Ernesto Martínez de Cabredok. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 7a    

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak