Eu

Euskadi Lagunkoiak eta Donostia Lagunkoiak topaketak antolatu dituzte adinekoen eta merkatarien artean, establezimendu lagunkoientzako prestakuntza hobetzeko

2018.eko maiatzak 04
  • Gaur egun, Euskadin, ia 400 establezimenduk egin dute prestakuntza eta lortu dute “Lagunkoiak gara” zigilua
  • Azterlana eta abiaraztea egingo da Gipuzkoako hiriburuan, Udalarekin lankidetzan

Vitoria-Gasteiz, 2018/05/04

Zahartzen diren pertsonekin lagunkoiak diren establezimenduen sareak handitzen jarraitzen du. Gaur egun, ia 400 establezimenduk egin dute Euskadi Lagunkoiak sustatzen duen programa honen prestakuntza eta lortu dute “Lagunkoiak gara” zigilua hiru lurraldeetan. Prestakuntza horiek hobetzeko, dinamikoagoak eta parte-hartzaileagoak izateko, Euskadi Lagunkoiak eta Donostia Lagunkoiak azterlan bat eta ondoren abiaraztea diseinatu dute, eta datorren astean hasiko dira bilerak egiten. Bilera horietan, Gipuzkoako hiriburuko adinekoek eta merkatariek parte hartuko dute.

“Ingurune fisikoak eta sozialak erabakigarriak dira pertsonak osasuntsu, independente eta autonomo egoteko zahartzaroan”, esan du Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak. Esparru horretan, “establezimendu lagunkoiek lagundu dezakete pertsonek beren autonomiari denbora luzeagoz hel diezaioten”.

Euskadi Lagunkoiaren, Donostia-San Sebastiango Udalaren eta San Sebastian Shops,  Auzoa, DendaSS, Federación Mercantil eta Zaharrean elkarteen arteko lankidetzaren ondorioz, bi topaketa deitu dira, maiatzaren 8an eta 9an, Tabakalerako Kultxa Kulturren, Kutxa Fundazioarekin lankidetzan. Lan-saio horietan, Donostia-San Sebastiango merkatarien elkarteek eta 65 urtetik gorako pertsonek hurbileko merkataritzaren rolaz hausnartuko dute zahartzen ari den hirian. Topaketan adinekoek merkataritzan dituzten eta merkatariek beren adineko bezeroetan dituzten errealitate, zalantza eta beharrizanak ezagutuko dira. Azken batean, helburua da zehaztea nolakoa izan beharko lukeen saltoki lagunkoi batek.

Topaketa horien ondoren, dinamika berriak diseinatuko dira prestakuntzetarako eta ondoren “Establezimendu lagunkoia” prestakuntza-tailer berriak abian jartzeko.

Establezimendu Lagunkoien programa duela bi urte sortu zen, Euskadiko establezimendu publikoetan lagunkoitasuna sustatzeko, Euskadi Lagunkoia Sarearen esparruan. Orain arte, programa honen esparruan, 300 prestakuntza-tailer baino gehiago egin dira Euskadi osoko udalerrietan. Pertsona guztiei eta, bereziki, adinekoei kalitateko zerbitzua emateko urrats eta gomendioak dira, kasu askotan doakoak edo oso kostu txikikoak. Horrela, adinekoek hainbat eremutan izan ditzaketen beharrizanak konpentsatzen dira: mugikortasun-galera, ikusmenaren gutxitzea, entzumenaren gutxitzea edo narriadura kognitiboa.

Amilibia sailburuordearen hitzen arabera, “pertsona guztiei eta, bereziki, adinekoei kalitateko zerbitzua emateko urrats eta gomendio errazak dira. Gida arrakastatsua da; portugesera itzuli du Brasilgo Zahartzearen Zentro Nazionalak, eta Valentziako Erkidegoak eskatu du, gai horren inguruan bere gida prestatzeko oinarri gisa”.

Euskadi Lagunkoia

Euskadi Lagunkoia sareak adinekoen ahalduntzearen eta zahartze aktiboaren sustapenaren aldeko apustua egiten du. Age-friendly Environments Programme ekimenean oinarritzen da –ekimen hori Osasuna Mundu Erakundeak sustatzen du– eta Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du eta Matia fundazioak abiarazi du. Gaur egun, 54 udalerri ditu Euskadin programari atxikita.

Sare honen helburua da adinekoen eta herritarren parte-hartzea sustatzea, Euskadiko udalerrietako auzo eta inguruneak hobetzeko, zahartu ahala geure bizitza egiten jarraitu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak