Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Artolazabal: "Euskadik azken hiru urteotako apirileko hilabeterik onena itxi du; aurreko hilean baino 2.260 langabe gutxiago egon dira"

2018-05-04

 

  • 124.904 langabe erregistratuta, zifrarik baxuena 2009tik; langabezia % 1,78 jaitsi da.
  • Iazko apirilaren aldean, 12.104 langabe gutxiago daude, % 8,83 gutxiago
  • 2018ko lehen lauhilekoan, kontratuen % 9,5 mugagabea izan da, alegia, % 17,43ko igoera egon da, 2017aren aldean
  • Artolazabal: “Gizarte osoaren artean, enplegu hobea lortu behar dugu eta, horretarako: lanbide berrietarako prestatu, enplegu-programak garatu eta gure herrialdeak gizarte-kohesio eta garapen hobea izateko baldintzak eta ordainsariak hobetu”

Vitoria-Gasteiz, 2018/05/04

Euskadik, apirilaren amaieran, 124.904 langabe izan ditu erregistratuta Lanbideko bulegoetan, aurreko hilean baino 2.260 langabe gutxiago; alegia, langabeziak % 1,78 egin du behera.  Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du “enpleguari dagokionez apirila azken hiru urteotako apirileko hilabeterik onena izan dela eta 2005etik bosgarren onena”.

“Urrats positiboak ematen ari gara, aurrera begira, enplegua sortzen eta ekonomia suspertzen, eta, gizarte osoaren artean, enplegu hobea lortu behar dugu eta, horretarako: teknologia eta lanbide berrietarako prestakuntza jaso, enplegura jotzeko programak garatu eta pertsona bakoitzaren onerako izango diren baldintza eta ordainsari hobeak bermatu. Horrek gizarte-kohesio eta garapen ekonomiko jasangarri hobea ekarriko dio gure herrialdeari”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Artolazabalek nabarmendu dituen datuen arabera, “urte arteko saldoan, Euskadik 12.104 langabe gutxiago ditu 2017ko apirilean baino, alegia, % 8,83ko beherakada egon da eta, beraz, langabeziaren urte arteko beherakadaren erritmoa areagotu egin dela antzematen da. Gainera, 2009ko irailera jo behar da langabe-kopuru txikiagoa ikusteko; izan ere, orduan, 123.394 langabe zeuden erregistratuta”.

Langabezia hiru lurraldeetan murriztu da; gizon eta emakumeen artean; iraupen laburreko eta luzeko langabeen artean; adin-talde guztietan eta jarduera-sektore guztietan. Hala ere, portaera ez da berdina izan eta apirilean bilakaera izan duen langabeen profil nagusia 25 eta 34 urte bitarteko gizonena izan da, eraikuntzaren sektorekoa eta Bizkaiko biztanlea.

Artolazabal sailburuak nabarmendu du “langabeziak apirilean  antzera egin duela behera emakumeetan (-% 1,73) eta gizonen artean (-% 1,84), baina, Lanbidek urte artekoari dagokionez jaso dituen datuen arabera, “alde nabarmenak daude, izan ere, azken hamabi hileetan gizonezkoen langabeziak % 11,42 egin du behera eta, emakumeen artean, % 6,76”.

Artolazabalek azpimarratu du zerbitzuen sektorearen bultzada apirilean, aurten Pazkoko astea izan duela kontuan izanik. Zerbitzuen sektorean, langabezia elkartuak behera egin du, eta 1.852 langabe gutxiago daude; eraikuntzan, 299 gutxiago; industrian 136 gutxiago eta sektore primarioan 40 pertsona gutxiago. Urte arteko bilakaera kontuan hartuta, Artolazabalek eraikuntzari lotutako langabeziaren beherakada handia nabarmendu du, % 18,40ko beherakada izan baitu, bai eta industriarena ere, % 10,74 beherakada izan baitu.

Kontratuak eta afiliazioa

Apirilean, kontratazio-kopurua dela eta, hiru lurraldeetan 77.366 izan dira, eta, horietatik, 7.578, % 9,8, mugagabeak izan dira. Horrek esan nahi du kontratazioa areagotu egin dela, aurreko hilabetearen aldean (+% 0,7), baina modu esanguratsuan egin du aurreko urteko hil beraren aldean (+% 17,7). Urteko lehen lau hileetan kontratuen metatu osoa 301.896 da, 2017ko hil berean baino % 6,35 gehiago.

Artolazabalen hitzen arabera, “nabarmentzekoa da kontratazio mugagabeak duen goranzko joera; 2018ko lehen hiruhileko honetan, kontratuen % 9,5 mugagabea izan da, eta 2017ko lehen lau hileetan, % 8,6, ia puntu bat gutxiago”. Lauhilekoan kontratu mugagabeen metatua 28.597 da, aurreko urteari dagokiona baino % 17,43 altuagoa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)