Berriak Lehendakaritza
Eu

Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Presidentearen eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren Adierazpen bateratua

2018.eko maiatzak 04

Iñigo Urkullu Lehendakariaren Adierazpena

Poza, memoria, itxaropena, ilusioa eta konpromisoa

Poza. Hamarkadetan zehar, ETAren desagertze baldintzagabea exijitu izan dugu eta hori itxaroten egon gara. Gaur gure kezka eta ardura izateari utzi dio ETAk. Ez du jada parte hartuko gure bizitzetan mehatxu gisa, ez du jada indarkeria legez kontra erabiliko Euskal Herriaren izenean. Erabaki hau aldebakarrekoa, eraginkorra eta behin betikoa izan zedin lan egin dugu. Gertakari historiko baten aurrean gaude, erabat positiboa. Denbora asko kosta izan da, gehiegi; baina, azkenik, bakea indarkeriaren gainetik ezarri da. Une honetan gizartearen gehiengoaren lasaitasun eta poztasun sentimendu sakonak partekatzen ditut.

Memoria. ETA mehatxu gisa desagertuko da; baina ez oroitzapen triste gisa. Eragindako min bidegabe guztiaren memoria geratzen da. Bere azken komunikatuan, ETA ez da gai izan biktima guztiei zuzendutako zuzenketako hitzik adierazteko. Baina gizarteak eta erakundeek hori egin dezakegu: indarkeria eta giza eskubideen urraketa arma politiko gisa erabiltzea erabateko akats etikoa izan zen. Inoiz gehiago ez. ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zen inoiz gertatu behar. Gizartearen, erakundeen, politikaren eta giza eskubideen lorpen demokratiko honen subjektu eta partaide nagusiak dira gaur biktimak.

Itxaropena. Une txarrenetan itxaropenak mugitu gintuen, eta bizikidetza integratu eta integratzailea, bidezkoa eta memoria duen itxaropenak mugitzen gaitu orain. Une honetan, beharrezkoa da bakearen alde lanean jardun diren hainbat eta hainbat pertsonen, gizarte entitateen, alderdi politikoen eta erakundeen ahalegina gogoratzea. Denbora luzez baldintzarik kontrakoenetan egin behar izan zuten lan eta, zenbaitetan ere, itxaropenari eutsiz itxaropen ororen kontra. Gaur errekonozimendu berezia merezi dute. Horien itxaropenak eta pertseberantziak ekarri gaituzte honaino. Memoriaren parte dira. Mila esker.

Ilusioa. Gaur bereziki hunkitzen gaitu geure nagusiek luzaro irrikatu eta behar izan duten helburua geure gazteekin partekatu ahal izatea: bakean bizitzea. Geure nagusien amets hau errealitate bihurtzen ari da. Belaunaldi berriek gizarte ireki eta giza eskubideekiko tinko konprometitutakoan hazi ahal izango direla sinestearen ilusioa partekatzeak hunkitzen gaitu gaur.

Konpromisoa. Egitasmo bat izan dugu: bakea. Lanean jarraitzeko helmuga bat dugu: bizikidetza. Konpromiso eta proposamen multzo bat aurkeztu dugu gaur modu partekatuan.  Etorkizunerako eta itxaropenerako egitasmo bat dugu helburu nagusi batekin: Gizartea elkartea. Konpromiso etikoak jarraitu egiten du. Gaur oso garrantzitsua den zerbait amaitu da. Ez gelditzeko erabaki tinkoa dugu. Biziikidetza normalizatu baten alde lanean jarraitzen dugu, orain eszenategi hobeago batean. Bideak jarraitzen du.

 

Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Presidentearen Adierazpena

ETAk atzo jakinarazitako hondar adierazpenak amaiera eman dio indarkeriaz eta oinazez beteriko garai ilun bati. Garai horretan, indarkeriara jo zutenek eta terrorismoan aritu direnek bizikidetza baketsua hautsi zuten gure gizartean. Horrexegatik, eta bereziki horrexegatik, erakundeok lan egin behar dugu gaur garai berri bat has dadin.

Gure erakundeak eta gure gizarteak aspaldi ari ziren galdatzen ETAren desagerpena, hau da, ETAren desegite alde bakarrekoa, egiazkoa eta behin betikoa. ETAren ekintza terroristak oinazea eta galera konponezinak eragin dizkio milaka jenderi; guztiak izan dira indarkeria bidegabe eta zuritu ezinaren biktimak. ETAk ez zuen inoiz existitu behar, inork inoiz uste behar izan ez zuelako, halako ideia edo proiektu baten ustezko defentsan, armak hartzen ahal zituenik beste pertsona batzuei eraso egiteko, lekua harturik herriarengandik etorritako subiranotasun bidezkoari.

ETAk indarkeria bertan behera utzita, duela urte bat inguru armagabetu eta orain desegin ondoren, unea iritsi da iraganaren memoria kritikoan aurrera egiteko eta indarkeria bidegabekoa eta ezin zurituzkoa izan zela aitortzeko. Memoriak gertatuaren kontakizuna berreskuratzen du iraganetik, gogoan izan dezagun eta ahanzturan eror ez gaitezen, historiaren ispiluaren aitzinean paratzeko eta ez erortzeko ahanzturaren eta oroimenaren galeraren bidegabekerian. Memoriak, gainera, balio digu iraganean gertaturikoa ez dadin itxuragabetu edo, are okerrago, zuritu.

Memoriak, hain zuzen ere, lor dezake orainaldian, gure iragana eta gure etorkizuna eskutik joatea. Memoria ez baita soilik iraganeko kontua, aitzitik, batez ere etorkizuneko kontua da. Memoriak zerikusia du etorkizuneko belaunaldiekin eta gure seme-alabei, gure ilobei, bakearen kultura transmititzearekin, ez dezaten ahantz gertaturikoa, biktimak ez daitezen ahanzturan erori eta, azkenik, indarkeriarik gabeko gizarte batean biziko direnek etorkizun hobea eraiki ahal izan dezaten.

Memoria gizarte etikoagoan, bidezkoagoan eta demokratikoagoan bizikidetza baketsua eraikitzeko oinarria da, erreparazio osoa lortzeko oinarria da; biktimek eskubidea dute horretarako. Eta, plurala eta askotarikoa bada ere, memoriak oinarri finko bat partekatu behar du. Oinarri hori izan behar dira Giza Eskubideak eta giza duintasuna, sendoak eta eztabaidaezinak baitira, eta barne hartu behar dute espetxe politika salbuespenekoak gainditzea. Damurik, ETAren amaierako adierazpenak ez du begiratu etiko eta kritikorik adierazi bere jardunaren ondorioei, ez baitu onartu biktima guztiei –guzti-guztiei gero– eragindako minaren bidegabekeria.

Baina, halere, ezin dugu alboratu komunikatuak garai berri baten norabidea ezartzen duela; eta ezin dugu alboratu, gizarteak hala izatea merezi duelako.  ETAren behin betiko desagerpena helarazten du eta agertoki berri batean kokatzen gaitu, zeinean gure erantzukizuna baita iraganeko tragedia etorkizunerako itxaropen bihurtzea, oroimen bidezko eta egiazko batetik abiaturik.

Nire aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria naizen aldetik, berretsi egiten dut nire eta neure gobernuaren konpromisoa bizikidetzaren alde. Orain arte bezala hemendik goiti ere, tinko, ilusioz eta itxaropenez sustatuko ditugun politika publikoen ardatzak hauek izanen dira: terrorismoak eta indarkeriak eragindako minaren aitortza eta erreparazioa; biktimek egia eta justiziarako duten eskubidea; eta bakearen kultura, bizikidetzaren balioak eta Giza Eskubideen errespetua etorkizuneko belaunaldiei transmititzen asmatzea. Inoiz ez zen gertatu behar hain kontu lazgarririk, baina orain oinarriak sendotu behar ditugu sekula ere berriz gerta ez dadin.

 

ADIERAZPEN OSOA: Bizikidetza sendotzeko proposamen eta konpromiso partekatuak, ETAk behin betiko desagertu dela iragarri ondoren

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Uxue Barkos, Nafarroako Foru Komunitateko Presidentea