Eu

Etxegabeentzako Euskal Estrategiaren Jarraipen Batzordeak “salatu eta gaitzetsi egiten ditu etxegabeen aurkako erasoak, intolerantzia eta gorrotoa”

2018.eko maiatzak 03
  • Lide Amilibia: “herritarrak eta erakunde publikoak gorroto-delitu horien inguruan sentsibilizatu behar dira”
  • “Nahiz eta ingurunean horrelako gertakaririk sarritan izaten ez den, ez dira kasu isolatuak”

Vitoria-Gasteiz, 2018/05/03

Gaur goizean, Lakuan, 2018-2021 Etxegabeentzako Euskal Estrategiaren Jarraipen Batzordea eratu da, eta batzordeak berak “erabat salatu eta gaitzetsi ditu etxegabeen aurkako erasoak, intolerantzia eta gorrotoa”. Taldea publiko-soziala da, eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako eta udalerrietako erakunde publikoek parte hartzen dute, bai eta Eudeleko eta hirugarren gizarte-sektoreko -EAPN Euskadi-, FEDEAFESeko eta Astialdi Sareko ordezkariek ere.

2018-2021 Etxegabeentzako Euskal Estrategiari Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila eta Osasun Saila atxiki zaizkio, bai eta hiru foru-aldundiak, Eudel eta Vitoria-Gasteizko, Bilboko, Donostiako, Barakaldoko, Getxoko, Irungo, Portugaleteko, Santurtziko eta Laudioko udalak ere. Estrategiak honako helburu hau planteatzen du, besteak beste,  Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak gogora ekarri duen bezala: “bizitegi-bazterketaren gizarte-pertzepzioan eragina izatea, eragile komunitarioek horrelako egoeretan esku hartzeko inplika daitezen bultzatzea eta pertsona horien biktimizazio-egoerak prebenitzea.

Gaur Jarraipen Batzordeak etxegabeen aurkako eraso, intolerantzia eta gorrotoaren aurka egin duen gaitzespenaren adierazpena, Lide Amilibiak azaldu duenaren arabera, “azken hileotan etxegabeen aurka eginiko erasoetan oinarritzen da; horietako batzuk ustezko lesio- eta gorroto-delitu gisa tipifikatu dira. Gorroto-delituaren motiboa talde jakin baten aurkako intolerantzia izan daiteke, kontuan hartuta taldekide horiek funtsezko ezaugarri bat partekatzen dutela, kasu honetan etxegabetasun egoera eta muturreko gizarte-bazterketa”.

“Nahiz eta gure ingurunean horrelako gertakaririk sarritan izaten ez den, ez dira kasu isolatuak”. Bizitegi-egoera larrian dauden pertsona-kopuruaren 2016ko datuen arabera, inoiz kalean lo egin duten gizonen % 22 eta emakumeen % 30 inoiz eraso fisikoen biktima izan dira. Gizonen % 44 eta emakumeen % 49 irain eta mehatxuen biktima izan dira, eta % 40 lapurreten biktima; eta inoiz kalean lo egin duten emakumeen % 20 sexu-erasoen biktima izan da”, esan du Amilibia sailburuordeak. “Etxegabeen herenak baino ez du esan ez duela eraso fisikorik, sexu-indarkeriari, iruzurrik, lapurretarik edo irainik sekula jaso”.

“Errealitate horren aurrean, Etxegabeentzako Euskal Estrategiaren Jarraipen Batzordea eratzen dugun erakunde publikook eta irabazi-asmorik gabeko erakundeok salatu eta gaitzetsi egin ditugu etxegabeen aurkako erasoak, intolerantzia eta gorrotoa. Etxegabeen aurkako gorroto-delituek nabarmen hausten dituzte giza eskubideak; eraso horiek ikusaraztea eta salatzea da horiei aurre egiteko lehen urratsa”, esan du Lide Amilibiak.

Gaur goizean onetsitako adierazpenean esan da “herritarrak eta erakunde publikoak etxegabeen aurkako gorroto-delitu horien inguruan sentsibilizatu behar direla, eta sendotu egin behar dela gizarte-erakundeen, laguntza-baliabideen eta polizia-kidegoen prebentzio-lana –koordinatua eta bateratua–.

“Gure ustez, halaber, ezinbestekoa da fiskaltza probintzialeko gorroto-delituen eta diskriminazioaren atala gertakari horien jazarpenean inplikatzea. Halaber agerian utzi nahi dugu erakunde guztiek eraso horien egileei modu eredugarrian jazartzeko eta zigortzeko duten antolamendu irmoa, bai eta horrelako gertakarien biktima izan direnek behar duten laguntza legal eta material guztia ematekoa ere”, esan dute amaitzeko batzordekideek.

2018-2021 Etxegabeentzako Euskal Estrategiak honako helburu hau planteatzen du, besteak beste: “bizitegi-bazterketaren gizarte-pertzepzioan eragina izatea, eragile komunitarioek horrelako egoeretan esku hartzeko inplika daitezen bultzatzea eta pertsona horien biktimizazio-egoerak prebenitzea.

“Estrategia hau bultzatzen dugun erakunde eta entitate publikook gizarte kohesionatua eraiki nahi dugu, eta hori erabat bateraezina da horrelako erasoen tolerantziarekin, kontuan hartuta horiek inolaz ere ez direla zigorgabe geratuko Euskadin”, dio amaitzeko Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan sinatutako adierazpenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ioseba Zalakain, director SIIS Fundación Eguía Careaga